Kontseiluak elkarretaratzeak deitu ditu estatuen esku-hartzea salatzeko

  • Apirilaren 9an, euskararen normalizazioa helburu duten neurriak babesteko eta estatuen esku-hartzea salatzeko elkarretaratzeak deitu ditu Kontseiluak. Espainiako Gobernuaren ordezkari Carlos Urquijok mehatxatutako hamabi herritan protestak egingo dituzte udaletxe aurrean.


2014ko apirilaren 4an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37
Apirilaren 9an elkarretaratzeak egingo dira hainbat udalerritan, estatuen erasoak salatzeko. Argazkia: goiena.net.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Arrasate, Basauri, Bergara, Errenteria, Galdakao, Lekeitio, Lezo, Oiartzun, Ondarroa, Otxandio, Tolosa eta Zarautzen (oraingoz behintzat), udaletxe aurreko plazetan elkartuko dira, eta eskuak koloreztatu ondoren, gelditzeko keinua egingo diete Espainiako eta Frantziako Estatuei.

Kontseiluak euskararen normalizazio prozesuaren aurkako estatuen esku-hartzeak salatu ditu, ez lehenengo aldiz gertatzen ari direlako, baizik eta aspaldiko erarik agerikoenean ari direlako, mozorrorik gabe.

Esku-hartzeen adibide dira Espainiako Gobernuak onartu duen LOMCE legea eta Frantziako Gobernuak Falloux legearen bidez ikastolen aurka duen jokaera.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta 46 udalek jasan dituzte Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Carlos Urquijok egindako mehatxuak eta salaketak. Kontratazioetan hizkuntza irizpideak ezartzen hasteagatik kontuak eskatu dizkie Urquijok.

Hainbat udali, tartean Eskoriatzakoa, Pasaiakoa, Ondarroakoa eta Erandiokoa, euskara planak bidaltzeko eskatu die.

Beste udal batzuei hizkuntza irizpideekin lotura duen edozein erabaki jakinarazteko agindua eman die.

Kontseiluak adierazi duenez ordea, hizkuntza ororen normalizazio prozesuaren gaineko erabakimena hizkuntza hori darabilen komunitateari baino ez dagokio, 1996ko Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalak aitortzen duenez. 2012an, eskubide horretan oinarrituta, Euskararen gutxienekoak zehazteko adierazpena dokumentua prestatu zuen Kontseiluak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntza politika
Eguneraketa berriak daude