ARGIA.eus

2020ko abuztuaren 09a
2 urte, 4 hilabete eta egun bat filma

Kontatzen duen herria ez da inoiz hilko

  • Donostian izan naiz asteazkenean, hiriko Giza Eskubideen Zinemaldiko hirugarren eta azken aurkezpenaren kari. Lander Garrok zuzenduriko 2 urte, 4 hilabete eta egun bat filmaren aurre estreinaldia da, soldaduskari uko egin eta haren deuseztatzea lortu zutenen borroka kontatzera etorri den pelikula. Nire lehen ekitaldi postkonfinal eta intelematikoa. Ordua hurbiltzen ari dela egin dugu Antzoki Zaharrera eta Embeltran kale erdia okupatzen duen ilararen puntan jarri gara. Aurpegi ezagun eta ez hain ezagunak, bigarren hauek lehenengoek elkar nola agurtzen duten begira.

Amets Aranguren Arrieta @ametsaranguren
2020ko ekainaren 26a
Argazkia: Amets Aranguren

Jarri gara gure lekuetan, bi metrotara eta maskara soinean. 19:00etan hastekoa zen emanaldia ia ordu erdiz atzeratu dela ikustean oroitu naiz “Puntualitatea da etika iraultzailearen zutabe nagusienetako bat” txiokatzen zuela duela egun batzuk filma aurkeztera atera direnetako batek. Tira, merezi badu, barkatuko diogu.

 

 

 

Donostiako Antzoki Zaharran ilara. Argazkia: Amets Aranguren

 

 

 

2012an bota zuten 1990eko hamarkadan hainbeste gazte intsumituren bizitoki izan zen Iruñeko espetxea eta, jakin bezain pronto pentsatu zuen intsumituetako batek horixe zutela aukera kamera hartu eta azken irudi batzuk grabatzeko. Hori izanen zen ondoko zortzi urteetan gorpuztuko zuten pelikularen abiapuntu. Bi urte, lau hilabete eta egun bateko kartzela zigorra ezarri zieten hiltzen ikasi eta “gizondu” nahi izan ez zuten gazteei, 3. graduko zigorrari planto egin ondotik. Suhiltzailea, musikaria, irakaslea, lurrari loturiko aktibista eta kazetari bi dira kontakizunaren protagonista, beste gazte askorekin batera intsumisioaren aldeko borrokan aritu ziren sei lagun. 25 urte dituzten ziega barneko ahots grabaketak, IRAko kideak eredu hartuz eginiko hotz grebako argazkiak eta ingurukoen lekukotasunak erakusten dizkigu dokumentalak, besteak beste. Sei lagun hauen ahoetatik kontaturikoaz haratago doa pelikula: ederki erakusten du emakumezkoek –ez bakarrik ama edo bikote zirenek– mugimendu anitzaren barruan izan zuten izugarrizko garrantzia, baita intsumisioaren borrokak egungo beste borroka batzuekin –hala nola feminismoarekin edo elikadura burujabetzarekin–, duen oinarri partekatua ere. Kontakizuna umorez eta emozioz janzteko gai izan da Garro, bietatik behar zen neurrian harturik eta biak behar bezala uztartuz.

Herri honetan desobedientzia zibil ez-bortitza berriz ere lehen lerroan jartzeko proposamena egiten du intsumisoetako batek, behar bezainbeste ospatu ez zen garaipen haren oinarri izan zela agerian utzi ondotik. “Kontatzen duen herri bat ez da inoiz hilko” idatzi du Twitterren protagonistetako batek eta arrazoi. Estreinaldia Iruñean izanen dela esan dit txoritxo batek eta edukiera erdiko garaiotan gabiltzala kontuan izanik… Bizkor ibili!

A! Eta lasai, berandu hasten bada ere merezi du, zinez…

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Zinema  |  Oroimen historikoa  |  Desobedientzia zibila  |  Donostia

Zinema kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude