Konfuziok Moziri irabazi dio

  • Norbaiti entzun edo irakurri nion behin: egungo Txina ulertu nahi baduzu, jarri arreta bertako pentsalari klasikoengan, eta ez hartu horren aintzat Mendebaldeko inor, Marx eta Lenin barne. Burutazio zuhurregia iruditu zitzaidalako edo, ez nuen gogoan jaso autorearen izena, eta orain ezin dut gogora ekarri, saiatu naizen arren.

Argazkia: AFP-JIJI

2022ko abenduaren 12an - 07:57
Azken eguneraketa: 16:16

Aburu hura bete-betean bururatu baitzitzaidan Jiang Zeminen hileta-ekitaldiak ikusten hasi nintzenean, abenduaren 1etik aurrera. Konparazioa egiteko urrutiegi geratzen da duela 25 urte pasatxoko Deng Xiaopingen hileta (Jiangek berak kudeatua); eta zer esanik ez 1976an joan ziren Zhou Enlai, Zhu De eta Mao Zedong-enak. Hedabideek ikusgarri aldarazi dute mundua... mundua bera aldatu denaz gain. Baina ziur nago halakorik ez zela izan. Eta pentsa noren izenak aipatu ditudan.

Izan ere, Jiang Zeminena bezalako hiletaren parekorik aurkitzeko Txinan, agian, enperadoreen garaietara joan beharko genuke; alde ikusgarriekin, noski. Beharbada, Elizabeth II.aren hileta hurbilarekiko alderaketa ere ez litzateke ganoragabea... ahazten badugu gaur egun Jiang Zemin, ofizialki, herritar edadetu arrunta besterik ez zela. Eta haren itzal politikoa, apaingarriak eta laudorioak kenduta, ez litzatekeela horrenbestekoa.

Orduan? Erritualitatea kausitu dut nik behintzat, gainezka. Jiangen hileten harira, jakin dugu gaur egun Partiduaren goi-zuzendaritzan badela Hileta Komite bat, buruzagien azken agurraz arduratzen omen dena. Cai Qi, Politburoaren Batzorde Iraunkorreko organizazio-arduraduna, agintean bosgarrena, izango litzateke une honetan haren burua, berari suertatu baitzitzaion Jiangen gorpuari Shanghaitik Beijingera laguntzea eta, antza denez, ondorengo guztia antolatzea. Eta zinez, bere soiltasunean, ikusgarria izan da guztia. Erritoei dagokien bezala. Erritoan parte hartzen dutenak elkartzea baita xedea, haren abiapuntu den azaleko zergatia baino askoz sakonagoa, kasu honetan behintzat.

Esan gabe doa erritualitatea, Txinan, Konfuziorekin lotzen dela. Haren doktrinaren oinarrietako bat da, ezbairik gabe, erritoen lehenespen eta garrantzia. Xi Jinping rujia (konfuzianista) baino gehiago fajia (legalista, Guan Zhong, Shang Yang eta abarren jarraitzailea) litzatekeela deritzotenek ez dakit ez ote luketen analisia berrikusten hasi beharko.

Argi dagoena da hileta sofistikatu eta garestien aurka gogotik hitz egin zuen Mozik ez duela jarraitzaile askorik egungo Txinako aginte gorenean. Baina, agian, bakarren bat bai, Wang Huning burukidearen asperdura-keinuren bat interpretatu behar bagenu. Ez alferrik, mohista fama du aspalditik Wangek…


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Txina
Yuk Hui. Zenbat buru, hainbat teknologia
"Ez dut uste mundu bidezkoagorik lortuko dugunik datu gehiago bilduz"

Pasa den urtarrilean, Yuk Hui filosofoak hitzaldi bat eskaini zuen –solasaldi bat, hobeto esanda– Donostiako Tabakaleran. Azken urteotan oihartzun handia izan du haren lanak, eta goraino bete zen aretoa. Besteak beste, monoteknologismoaren pentsamendu-ildoa kritikatu... [+]


Eguneraketa berriak daude