Mingainari kosk txikia eginda joan ginen oporretan Kanarietako Lanzarote irlara. Maiatzaren erdian, turista asko-askorik topatuko ez genuela jakinda, prezio guztiak ere merkeago, eta hara eta hona mugitzeko lasaitasun gehiago. Espero bezalaxe izan zen. “Esperientzia” ona.
Noan tokira noala gogoko dut tokiko prentsa irakurtzea. Entzuna nuen manifestazio bat egitekotan zirela irla guztietan, masifikazioaren aurka eta desazkunde turistikoaren alde, eta banekien antolatzaileetako bat Bartzelonan egona zela aste gutxi lehenago, Bilboko, Donostiako eta Europa hegoaldeko hirietako mugimenduekin-eta batera, turistifikazioaren inguruko gogoetak kolektibizatzen. Lanzarotetik erredakziora heldutakoan irakurriko nituen han egindako hitzak.
La Voz de Lanzarote hedabide digitala egunero kontsultatu nuen han ginela. Arreta piztu zidaten hainbat albistek: “[Lanzaroteko hiriburua den] Arrecifek gurutzaontzientzako bi portu inauguratu ditu, eta bidaiari kopurua ia bikoiztea espero du”. Iaz, gurutzaontzietan soilik 600.000 turista jaso bazituen, datorren urtetik aurrera milioitik gora. Baina itxoin. Horra beste titular jostari bat: “Peru herrialdeak bezainbeste turista jasotzen ditu Lanzarotek”. Hau da, 3,4 milioi turista urtean. Lanzarotek 166.000 biztanle ditu; Peruk, aldiz, 34,2 milioi.
Prekaritatearen adibide nabarmenetako bat da klase posizioak nola baldintzatzen duen ur eskasia
Ez da dudarik Lanzaroteko biztanleen gehiengoa turismotik eta ingurumaritik bizi dela. Eta asko, besteen kontura. Prekaritatea handia da sektorean, baita Kanarietan ere: iazko datuen arabera, biztanleen %36 bazterketa sozial edo pobrezia egoeran dago. Eta, horrelako zifra altua izanda, maiz salatzen dute gizarte zerbitzuetako langile gutxiegi dituztela, azken hamarkadan egoera hobetu bada ere.
Prekaritatearen adibide nabarmenetako bat da klase posizioak nola baldintzatzen duen ur eskasia. Ezaguna da ur falta handia dagoela, eta, gobernuak aspalditxotik aholkatuta, etxe guztietan daude ur bidoiak, zeren aldian-aldian mozten da ura hainbat orduz edota egunez, herri hartan, honetan edo bestean, aurreikuspenik gabe. Baina itsasoaren pare-parean dauden bost izarreko hoteletan ez da zurrusta eteten, ur gezarekin betetako hamaika igerileku eta beste hainbeste jacuzzi baldin badituzte ere. Haiek badituzte haien sistemak. Hotel horretan lanean egon denak, baina, etxera joandakoan ez du urik izanen. Maiz gertatzen da.
“Ez gaude turisten kontra”. Makina bat bider errepikatu zuten manifestariek bai Lanzaroten eta bai Kanarietan, baina berdin zaio hori prentsa britainiarrari: Daily Mail-entzat “anti-turistak” dira, eta, artikulu batean seinalatu zuen moduan, “ez bagaituzte nahi, Greziako irletara itzuliko gara”. Nolabait ere esanez, paternalismo hutsez, “ea zer egiten duzuen gure dirurik gabe”.
Ez diote arretarik ipini nahi manifestarien esaldi segidari: “Ez gaude turisten kontra, baina bizilagunon oinarrizko beharrak eta bizi-baldintzak erdigunean jartzen dituen aldaketa sakona behar dugu”. Turismoa bai, baina honela ez. Ez han eta ez hemen.