Ehunka herritar turismo masiboaren aurka manifestatu dira Donostian, Europako hainbat hirirekin koordinatuta

  • Donostiako desazkunde turistikoaren aldeko BiziLagunEkin plataformak deituta, Europa hegoaldeko turistifikazioaren aurkako SET sarearekin koordinatu dute ekimena.

BiziLagunEkinek antolatutako manifestazioa Donostian. BiziLagunEkin

2025eko ekainaren 16an - 10:02
Azken eguneraketa: 14:05
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Kontxako erlojuetatik abiatutako manifestazioari Donostiako 50 eragile inguruk eman diote atxikimendua. Etxebizitzaren negozioaren, espekulazioaren eta turismo eredu "jasanezinaren" kontrako oihuak egin dituzte manifestariek. Antolatzaileek zuzenean lotu dute etxebizitza falta eta prezioen igoera "kontrolik gabeko" turistifikazioarekin.

Ibilbidearen amaieran, Leire Palacios kazetariak eta Jone Laspiur aktore eta abeslariak irakurketa egin dute: "Turismoaren industria kontrolik gabe hazten ari da, eta gure hiria gero eta bizi-ezinago bihurtzen du. Donostian, azken urteetan, turistifikazioa izugarri azkartu da. Ondorioz, gure eguneroko bizitza, etxebizitza, ingurunea eta kultura kolokan daude".

Eredua birpentsatuz

Eihar Egaña BiziLagunEkineko bozeramaileak turistifikazioa mundu osoko lekuei eragiten dien arazoa dela nabarmendu du. Venezian, Lisboan, Bartzelonan egin dira manifestazioak asteburuan SET sareak deituta. "Urteak daramatzagu arazo honekin. Horregatik, hazkunde turistikoa murriztea eta ahalik eta lasterren neurri egokiak martxan jartzea eskatzen dugu, erdigunean hiriko bizilagunak jarriko dituen eredu baterako trantsizioa egiteko, eta ez turismo industria".

Mobilizazioan eredu alternatiboak era kolektiboan eraikitzeko dei egin dute: "Hiria komunitateak eraikitzen du. Haien ahotsa entzutea, errespetatzea eta zabaltzea ezinbestekoa da".

Euskarak eta kulturak kaltetuak direla ere salatu dute manifestazioan: "Euskarari balio sinbolikoa soilik aitortzen zaio eta kultura ikuskizun huts bihurtzen da. Gure bizimodua ez da produktua: komunitate bizia gara".

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Turistifikazioa
48 eragile batu dira Donostian turistifikazioaren aurka antolatutako manifestaziora

BiziLagunEkin desazkunde turistikoaren aldeko Donostiako plataformak ekainaren 15erako deitu du manifestazioa, Europa Hegoaldeko beste hainbat hiritako eragileek bezala. Turistifikazioa salatu eta hiri eredu alternatiboa aldarrikatuko dute.


Eguneraketa berriak daude