Berotegi-efektuko gas emisioen %8,8 eragiten du turismoak, eta isurketek gorantza segitzen dute

  • Azken hamar urteetan turismoak eragindako CO2 isurketen emendioa ekonomia orokorrarena baino bi aldiz handiagoa izan da. Nature Communications aldizkari zientifikoak abenduaren 10ean plazaratu ikerketaren emaitzak dira.


2024ko abenduaren 12an - 07:50
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Turismoaren karbono-aztarnaren garapena munduko ekonomiarena baino bi aldiz handiagoa da: urtean %3,5 emendatu da 2009tik 2019ra –orokorrean, isurketek urtean %1,5eko garapena izan dute–. Erran beharra dago, turismoak, bere horretan, beste sektoreek baino kalte handiagoa eragiten duela ingurumenean –demagun, zerbitzuetan baino lau aldiz CO2 emisio gehiago isurtzen du turismoaren sektoreak–.

Nature Communications aldizkari zientifikoak abenduaren 10ean plazaratu ikerketaren emaitzak dira. Ikerleek oroitarazten dutenari segi, Pariseko Hitzarmenak finkaturiko berotze globala +1,5 °C-ra mugatzeko helburua lortzeko, urtean %10 baino gehiago murriztu beharko lirateke sektoreko emisioak, 2050era arte. Joera kontrako norantzan doala argi gelditzen da ikerketan.

Berotegi-efektuko gas emisioen %8,8 eragiten dute turistek, eta beste behin nabari zaigu bakar batzuengatik ari dela mundu osoa klima larrialdiaren pairatzen –Hego globaleko herri zaurgarrienak gehienbat, gainera–: turismoan kutsatzaileenak diren hogei herriek isurtzen dituzte gas emisio horien hiru laurdenak. Demagun, turismoaren aztarna osoaren % 19 da turista estatubatuarrarengatik eta %15 turista txinatarrengatik. 

Aldatu beharra: hegazkinaren erabilpena

Ikerlarien arabera, ez dira baitezpada joan-etorri turistikoak tipitu behar, hain zuzen ere, turista guziek ez dutelako hein berean kutsatzen eta ez litzatekeelako "justua eta bidezkoa". Eman beharreko aldaketa argi dute: hegazkina gutiago erabiltzea. Hegazkin bidez bidaiatzen diren turisten kopuru handia delako arazoaren oinarrian.

Azterketa egiterakoan, 175 herritako gastu turistikoak kontuan hartu dituzte, baita turismoak 62 herritan eragindako emaitza ekonomikoak eta 113 herritako turismorako kontsumo datuak ere, guztia Gloria izeneko datu-baseari esker finduta. Urtea bukatzeko egun batzuk eskas ditugula, erran daiteke 20.000 milioi turista zenbatuko direla 2024 urtean.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#4
Mikel Garcia Idiakez  |  Eneritz Arzallus Alustiza  |  Manex Moreno Uharte  |  ARGIA
Azoka
Turismo masiboa kanalean gehiago
2025eko irailaren 17
Gurutzatuta

2025eko ekainaren 4
Gora beti

2025eko maiatzaren 26
Nazkatuta

2025eko apirilaren 9
Bikote perfektua

Eguneraketa berriak daude
⚠️ Hezkuntza kanal berria ARGIAn
Ikas-komunitatearen jarraipen berezia, Mikel Garciaren eskutik
Hezkuntzari egiten diogun jarraipenak koska bat egingo du gora, bai edukiz bai diseinuz berrituta datorren Hezkuntza kanalarekin