Kalitatezko pediatria publikoa aldarri

  • Osakidetzako pediatria zerbitzuaren “egoera larria” salatu du Arabako Umeen Osasun Publikoa Aurrera plataformak. Jaurlaritzari “180 graduko bira” eskatu dio, eta bat egin du apirilaren 22an EAEko hiriburuetan osasun publikoaren defentsan egingo diren manifestazioekin.


2023ko apirilaren 04an - 12:15
Argazkia: Hala Bedi

Arabako 100 familia inguruk agerraldia egin zuten larunbatean Gasteizen, Umeen Osasun Publikoa Aurrera plataforma aurkeztu, pediatria zerbitzuaren egoera “larriaz” ohartarazi eta politika publikoetan aldaketa sakona exijitzeko. “Osasun publikoaren egoeragatik kezkatuta” dauden guraso eta tutore gisa aurkeztu zuten beren burua.

Pediatria plazen %25 bete gabe

Plataformako kideek marraztu duten egoera ez da batere samurra. Hainbat gabezi zerrendatu dituzte: “Administrazioarekin harremanetan jartzeko ezintasuna, itxaron zerrenda luzeak, aurrez aurreko arreta jasotzeko zailtasuna, protokolo komunik eza, denbora gutxi gaixoekin, arreta euskaraz jasotzeko ezintasuna edo zailtasuna”, besteak beste. Profesional gutxi daudela eta baja hartzean ez direla ordezten salatu dute ere: “Ondorioz, zenbait osasun zentro hilabeteak egoten dira pediatrarik gabe. Beste kasu batzuetan, pediatriakoak ez diren profesionalek artatzen dituzte adingabeak". Arabak pediatriako 43 plaza dituela azaldu dute, baina horietariko hamar bete gabe daude, ia laurdena.

Osasun arloko profesionalei babesa eta elkartasuna helarazi diete plataformatik, lan baldintza “prekarioetan” egiten duten lanagatik, “euren aukeren gainetik”.

Landa eremua, zigortuagoa

Hiriguneetan gabeziak handiak badira, landa eremuan egoera “kezkagarriagoa” dela azpimarratu du plataformak: "Langilerik ez dagoenez, askotan, pediatrak beharrean, familia medikuak arduratu behar dira. Hortaz, beste zerbitzuen bidez konpondu daitezkeen kasuetan, Larrialdietara joatea sustatzen da, eta horrek Larrialdiak kolapsatzea dakar, itxarote-orduak eta gaixo kopurua handituz".

180 graduko bira

Deskribatu duten egoera “ez da ausazkoa, lehen mailako arreta desegiten ari dira”, salatu dute plataformako kideek: “Hamarkada askotan zehar indarrean egon den kudeaketa politika desegokien ondorioa da”. Politika horietan “180 graduko” norabide aldaketa eskatu diote, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzari.

Zehazkiago, Pediatriako Etengabeko Arretarako Gune baten sorrera eskatu du Umeen Osasun Publikoa Aurrera plataformak, beste hainbat aldarrikapenekin batera: “Arreta aurrez aurrekoa izatea, protokolo komunak ezartzea, erreferentziazko pediatrak eta erizainak izatea, profesional bakoitzeko haurren kupoa jaistea, hizkuntza eskubideak errespetatzea euskarazko arreta bermatuz, eta beste hizkuntzetara itzultzeko zerbitzuaren beharra ikusgarri egitea eta erraztea".

Hilaren 22an manifestazioa

Martxoan manifestazioa iragarri zuen Osasun Publikoa Aurrera Plataformak, apirilaren 22rako. Azaldu zutenez, Jaurlaritzaren Osasun Sailaren kudeaketaren aurka deitu zuten mobilizazioa, eta osasun sistema publikoaren alde. Ekimena erkidegoko beste hamar herri plataformarekin batera koordinatuta dago, eta manifestazioak hiru hiriburuetan antolatu dituzte: Gasteizen, 12:00etan Bilbo Plazatik; Bilbon, 12:00etan Bihotz Sakratuaren plazatik; eta Donostian, 17:00etan Bulebarretik. Umeen Osasun Publikoa Aurrera plataformak dei egin die herritarrei manifestazioetan parte hartzera.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Osakidetza
Jaioberrien orpo-proban gaitz gehiago aztertzera behartuko du Osakidetza Espainiako Gobernuak

Jaurlaritzari koloreak atera dizkio Espainiako Gobernuak: Osakidetzak iragarri berri duenean jaioberriei egiten zaien orpo-proban hamalau gaitz antzeman ahalko direla aurrerantzean, gutxienez 22 gaitz behatu beharko ditu, Madrilen aginduz. Nafarroak dagoeneko 30 gaixotasunen... [+]


Jaioberrien orpo-probak 14 gaitz bilatuko ditu aurrerantzean EAEn, antzeman daitezkeen 50 gaitzetatik oraindik urrun

Jaioberriaren orpoan zizta eginez, hainbat gaitz aztertzen ditu osasungintza publikoak. Osakidetzak 14ra igo berri du aztertzen diren gaitzen kopurua, baina beste lurralde batzuekin konparatuta, atzeko postuetan dago EAE: Nafarroan 28 gaitz aztertzen dituzte, Galizian 33,... [+]


1.431 lanpostu sortzeak ez du Osakidetzaren plantilla handituko, ELA eta ESK sindikatuek salatu dutenez

Eusko Jaurlaritzak Osakidetzan iragarritako lanpostuak behin-behinean dauden langileen plazak formalizatzeko izanen direla esan dute ELA eta ESK sindikatuek.


Lehen arreta eta lan-baldintzak indartzeko premia

Eusko Jaurlaritzak 277 milioi euro bideratuko ditu ospitaleak handitzeko, eta ESK sindikatuak “desegokitzat” jo du erabakia.


Eguneraketa berriak daude