Kalera!

  • Kalera! da aurtengo Getxophoto Jaialdiak aukeratu duen leloa bere 14. ezohiko edizio honetarako. Urtero, iraila bitartean, nazioarteko irudi jaialdiak Getxoko kale, hondartza eta eraikin publiko eta pribatuak argazkiz estaltzen ditu, herria bera erakusketaren parte bilakatuz. Aurtengo jaialdiaren zuzendaritza artistikoa Jon Uriarte argazkilari eta komisarioak egin du, berak aukeratu du gaia, baita jaialdian parte hartzen duten hogeina nazioarteko artisten hautaketa ere.


2020ko irailaren 16an - 13:46
Urrutiratze sozialak gehiegizko populazioa duten hirietan nolako eragina izango ote duen galdetzen du Ilyes Griyebek Getxophotora ekarri duen instalazioak.

Egun bizi dugun egoerarekin, kulturaz gozatzeko alternatiba interesgarria eskaintzen digu jaialdiak, proiektu gehientsuenak espazio irekian ikusi daitezkeelako eta proposatzen zaigun ibilbidea, hiru ordutan aise ibil daitekeena, oinez egin daitekeelako, herriak berak duen xarmaz gozatuz. Hasieratik jaialdiaren berezko izaeraren parte izan da artea kalera eramatea eta herriko txoko ugaritan argazki oihalak zintzilikatuz esfera publikoa bereganatzea. Aurten, baina, ekintza hori inoiz baino beharrezkoagoa bilakatu da, ediziorik kalekoena, digitalena eta parte-hartzaileena izatera deitua den honetan.

COVID-19aren agerpenetik gure bizitzak transformatu egin dira eta birusak eragindako zuzeneko eta zeharkako ondorioak noraino hel daitezkeen oraindik ez dakigun arren, dagoeneko bizitzen ari gara gure mugimenduetan eta ohitura sozialetan eraginak dituzten mugak eta murrizketak. Badirudi paradigma aldaketa baten bidean gaudela, zeinean kaleak hustu eta pantailak ugaritu diren eta badirudien espazio publikoa pentsatu, eraiki eta partekatzeko modu berri baten atarian gaudela. Testuinguru hori da aurtengo edizioko proposamen artistikoen aukeraketa egiteko markoa. Proiektuen ezaugarri bat nabarmentzekotan, lan horiek  garai berri hauetara egokitzea da, bai gai aldetik, bai formatu aldetik; eta nahiz eta jatorri ezberdineko artisten lanak ikusi, lan askotan antzematen da pandemia honek ekarri duen bizi-ereduaren eraldaketa.

Egoera berri honetan, inoiz baino beharrezkoagoa da esfera publikoa bereganatzea eta erronka hori bere gain hartu du Getxophotok

Jaialdiaren egoitza Algortako Amezti kaleko lokal batean dago eta hor dago eskuragai bisita norbere kasa egiteko beharrezko materiala. Amezti kaleko lokal horretan Victoria Ascaso artista aurkitu dugu bere T4BU-Thanks for being You proiektua azaltzen. Bertaratutakoei haien mugikorretara sartzeko baimena eskatzen die app baten bitartez, bisitarien mugikorreko jarduera denbora errealean eta minutu batez publiko egiteko. Aldameneko gelatxoan, pantaila handi batean, proiektu horretara atxiki diren zenbait anonimoren argazki, agenda eta Tinderreko match-ak ikus daitezke. Alboko lokalean Esther Hovers-en False Positives dago ikusgai, espazio publikoetan zaintza prediktiboak egiteko orduan ezohiko portaerak identifikatzen dituzten zaintza-sistemetan oinarritutako argazki-proiektua. Bartzelonako Estampa kolektiboko kideek Getxoko kaleetan instalatutako kamera batek zuzenean hartutako bideo-seinale batekin egiten dute lan. Momentu horretan webcamaren aurrean dabiltzan pertsonak edo ibilgailuak automatikoki desagerrarazten dituzte, kamera horiek duten erabilera guztiz irauliz.        

Algortako azokan, harategi eta garaiko fruta saltzen duten postuez inguratuta, Sohei Nishinoren sei diorama aurkituko ditugu, zuri beltzean eta neurri handian egindakoak. Habana, Amsterdam, New Delhi edo Johannesburgo bezalako hirietara egindako bidaietan hartutako milaka argazki pusketaz osatutako hirien mapak muntatzen ditu, pusketaz-pusketa, hiri horiek bere memorian utzi duten iruditeria abiapuntutzat hartuta. Azokaren fatxadan Agnieszka Sejud poloniarraren argazki-muntaia koloretsuak aurkituko ditugu. Argazki horiek beste hedapen bat ere badute, izan ere, edontzi-azpikoen bilduma bat osatzen dute, Algortako hainbat tabernatan eskuratu daitezkeenak.

'Tokyo Compression' proiektua ekarri du Michael Wolfek Getxora.

Agian Getxophotoko irudi ezagunena Ereagako hondartzan kokatzen diren edukiontziena izaten da. Aurten ere indar handiko bi proiekturen irudiek estaltzen dituzte bi altueratan pilatutako kontainerrak. Michael Wolfek Tokyo Compression proiektua dakar, Tokioko garraiobideetan izaten diren pilaketa itogarrietan erreparatuz eta galde eginez pandemiak ekarri duen urrutiratze sozialak nolako eragina izango ote duen gehiegizko populazioa duten mega-hirietan. Ilyes Griyeb argazkilariak, Espainiara marrubi bilketan lanera doazen marokoar etorkinengan jarri du fokua. Pandemia garaian lan esentzial modura identifikatu zen sasoikako langileen lana, nahiz eta pertsona horien lan baldintzak negargarriak izaten jarraitzen duten.

Aipatzekoa Randa Maroufi argazkilari marokoarraren Les Intruses seriea ere. Bere argazkietan keinu bakar baten bitartez, irudien mezua guztiz eraldatzea lortu du. Emakumez bete ditu taberna, ile-apaindegi, parke eta kale izkinak gizonen jarrerak eta keinuak imitatuz. Oraindik bizi ditugun genero-desorekak ikusarazten dituen proiektua da hau eta espazio publikoa disputan dagoen eremu bezala azaltzen digu Maroufik. 

Randa Maroufik 'Les Intruses' ekarri du, espazio publikoaz eta indarrean diren genero-harremanez gogoeta bultzatzen duen lana.

Eremu digitalak presentzia handia dauka aurtengo Getxophotoko edizioan. Jaialdiko webgunean Radio Ambulante podcasta, Kalera! leloarekin bat datozen abesti dantzagarrien playlist-a –testu hau doinu horiekin idatzi da–, teknologia alternatiboak hizpide dituen irrati pirata, protesta posterrak egiteko aplikazioak eta Instagramean erabiltzeko filtroak aurkitu daitezke, besteak beste. Atal honetan aipagarria, Julieta Gil artista mexikarrak egindako 3D modelatzea, femizidioak salatzeko grafitatua izan zen Independentziaren Zutabea monumentuari egindakoa. Herri partaidetza sustatzeko pentsatuak izan diren proiektuak ere badira: konfinamendu garaian egindako bideo-deien argazkiekin eraikin bateko leihoak estaltzen dituen proiektua edo Algortako saltokietako erakusleihoetan ikus daitezkeen argazkien aukeraketa, besteak beste.

Kalera ateratzeko eta espazio publikoa nola bizi eta partekatu nahi dugun birpentsatzeko gonbidapena guztiz aproposa da garai hauetan. Getxoko kaleetan aurkezten zaizkigun erakusketa eta proposamen artistiko hauek eredu berrietan pentsatzeko aukerak luzatzen dizkigute.

Zer: Getxophoto. Kalera!

 

Lekua: Algorta

Noiz: irailak 3-irailak 27

Antolatzailea: Begihandi

Zuzendari artistikoa: Jon Uriarte


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Argazkilaritza
'Denbora geldirik dagoen lekua': Wiki Loves Monuments 2023 lehiaketaren irabazleak

2023ko Wiki Loves Monuments argazki lehiaketako hamabost irabazleak iragarri dituzte. Wikipediaren atzean dagoen Wikimedia Fundazioak urtero antolatzen du eta munduko argazki lehiaketa handiena da. Iaz 46 herrialdetako 4.700 argazkilarik parte hartu zuten, lizentzia libreak... [+]


Eulalia Abaitua, emakumeei begiratu zien argazkilaria

Euskal Herrian argazkigintzan emakume aitzindaria izan zen Eulalia Abaitua Allende-Salazar (Bilbo, 1853 – Bilbo, 1943). XX. mendeko euskal gizartea erakusten digute berak eginiko argazkiek: eguneroko jardunak, lanbideak, jaiak... jaso zituen. Emakume baten begiradak... [+]


2024-01-28
Isabel Azkarateren lana, Tabakle
Kliska bakarreko argazkilaria

Donostiako Maria Cristina Hoteleko sarrerako eskaileretan dozenaka argazkilari elkar kolpatzen dira, argazki eta bideo kamerak eta objektibo eta lenteak daramatzaten zorroekin kargatuta. Jende multzoaren erdian emakume bakarra ageri da taldean. Ilea solte darama eta kamerarik ez... [+]


Cristina Chiquín Rodríguez, argazkilari eta kazetari guatemaldarra
“Emakumeen kontrako bortizkeria da uzten ez den arma bakarra”

Cristina Chiquín Rodríguez argazkien bidez komunikatzen da: zer da emakume guatemaldarra izatea? Horren bilaketan datza Bilboko Bira kulturgunean aurkeztu duen erakusketak, La búsqueda (Bilaketa), izen bereko liburuaren lagin bat. Lagun Artean GKEaren bidez... [+]


Eguneraketa berriak daude