Justizia poetikoa 23 urteren ostean


2022ko urtarrilaren 24an - 12:23
Azken eguneraketa: 13:34
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

1997an egin ginen Realeko abonatu aita eta biok. Orduan, kirola zen nire afizio nagusia, futbola bereziki. Eta futbola jokatzen bezain gustura sentitzen nintzen Anoetan Reala ikusten eta animatzen. Aste guztia zain egoten nintzen.

Talde polita zuen Realak, eta denboraldi bikaina egin zuen aurreko urtean, hirugarren amaituz. Horri esker, Europarako txartela lortu zuen, UEFA txapelketa jokatzeko aukera. Ilusioz gainezka nengoen, Europako taldeak Anoetan ikusteko aukera bainuen lehen aldiz!

Lehen bi kanporaketak oso ondo gainditu zituen Realak, Sparta Praga eta Dynamo Moscu taldeen aurka. Baina hirugarren txandan zein tokatuko eta… Atletico de Madrid. Ez zidan graziarik egin, Europako beste herrialdeetako taldeak ikusi nahi bainituen, eta ez urtero bere aurka jokatu behar izaten genuen talde bat. Haatik, pozez eta gogotsu joan nintzen Anoetara azaroaren 24an.

Realak partidu oso ona jokatu zuen, eta 2-1 emaitzarekin nagusitu zen. Baina partidu hartatik gehien markatu ninduena zelaian baino harmailetan gertatu zen. Atzo izan balitz bezala oroitzen dut partidua hasita zegoela Atletico de Madrileko ultra neonaziak sartu zirenekoa: svastika ikurdun bandera erraldoiak, frankismo garaiko bandera espainiarrak (bata zein bestea legez kanpokoak), besoekin nazien agurrak egiten, Cara al sol kantatzen…

"'Aitor Zabaleta era de la ETA!', 'Os vamos a acuchillar!'… Eta ez ziren harmailetako zati txiki baten oihuak. Estadio ia osoan abesten eta babesten zirenak baizik"

15 urte nituen soilik, nire mundua ikasketak eta kirola zen, politikaz ez nekien ezer, baina ez nuen hura ulertzen… Ta are ta gutxiago Ertzaintza ultrak babesten eta inguruko Realzaleak jotzen hasi zenean… Partida amaieran, ondo akordatzen naiz nola oihukatzen ziguten ultra haiek: “Ya vendréis a Madrid!”.

Bi aste beranduago, abenduaren 8an, euren mehatxua bete zuten, zoritxarrez. Eta partidua ikustera Madrilera joan zen Aitor Zabaleta zaletua erail zuten, labankadaz. Ezin nuen sinetsi hura dena: Anoetan gugandik hain gertu egon ziren ultra haiek, partidua bake-bakean ikustera joan zen zaletu bat erail berri zuten, euskalduna eta Realekoa izateagatik…

Erantzule asko izan zituen hilketa hark: Aitor eta bere lagunek hango poliziei galdetu baitzieten lehenik nora joan zitezkeen trago bat lasai hartzera, arazorik ez zutelako nahi. Poliziek, ultren taberna batera bidali zituzten. Eta han, ultrek prestatuta zuten ehiza hasi zen. Hainbaten artean Aitor inguratu, jipoitu eta hil zuten… Madrilera joan ziren Reealeko zaletu denek aitortu zuten infernua pasa zutela egun hartan: mehatxuak, jazarpena, jipoiak, irainak…

Realak 2-1 galdu zuen partidua, eta luzapenean beste bi gol jasota, UEFAko bere ibilbideari amaiera eman zion. Baina hura zen gutxienekoa .Erabat markatuta utzi ninduen gertaera hark. Eta are gehiago ondorengo egunek: Atletico klubak ez zuen ezer egin ultren aurka eta haiek babesten jarraitu zuen, ezer gertatu izan ez balitz bezala. Poliziaren ikerketa eta epaitegien jarduna ere zalantzazkoak izan ziren: pertsona bakarra izan zen epaitua eta espetxeratua, argi geratu arren jende askoren artean gauzatutako ekintza izan zela… Espainiako komunikabideek gertaera nolabait justifikatu zuten, esanez tabernako liskar bat izan zela…

Eta Atleticoko zaletuek klubak berak baino okerrago erantzun zuten: Reala hara bueltatu izan den bakoitzean, ohikoak bihurtu ziren Aitor Zabaletaren aurkako irainak, abestiak: “Aitor Zabaleta era de la ETA!”, “Os vamos a acuchillar!”… Eta ez ziren harmailetako zati txiki baten oihuak. Estadio ia osoan abesten eta babesten zirenak baizik.

Denboraldi hartan bertan, patu beltza medio, Kopako txapelketan ere, final zortzirenetan Atletico de Madrid tokatu eta berriro ere, justuan izanik ere, kanporatua izan zen Reala…

Niretzat, pertsonalki, eten bat suposatu zuten gertaera haiek guztiek. Faxismoaren atzaparrak noraino eta nolako inpunitatearekin irits zitezkeen jabetu nintzen. Eta Atletico de Madrid taldea eta bere inguruko guztia ezin nituen begien aurrean ikusi ere egin…

 

Jada 23 urte pasa dira barruan oraindik ere hain bizi sentitzen ditudan gertaera haietatik. Nik ere jada ez dut ziurrenik orduan bezala jarraitzen futbola. Baina, hara non, aurten, Kopako txapelketako final zortzirenetan, berriro Atletico de Madrid taldea tokatu zitzaion Realari. Partidu bakarrean erabakiko zen dena, Anoetan. Zozketan aurkaria jakin bezain laster, 1998ko gertaera denak biziberritu zitzaizkidan. Realak partidua irabazita 98tik barruan geratu zitzaidan arantza kentzeko abagune bezala sentitu nuen. Partida bat baino gehiago bailitzan.

Eremu guztietan pairatutako injustiziaren aurrean, kirol arloan bada ere, justizia poetikoa gauzatzeko unerik aproposena. Irabaztea besterik ez nuen irudikatzen…

"Hainbat omenaldi jaso ditu Aitorrek zein bere sendiak 1998ko abendu hartatik, baina aurtengo urtarrilaren 19ko gaua berezia izan zela sentitu nuen, barru-barruan"

Eguna iritsi zen. Eta artean etxean nintzela, lagunek bidalitako bideotan egiaztatu nuen oraindik ere Atletico taldea hemen ez dela ongietorria. Jada estadioan, izugarria izan zen lehen minututik azkenekoraino bizitako giroa zein taldearen jokoa eta ahalegina. Inoiz ahaztuko ez dudan partidua. Sufritu, gozatu, abestu, saltatu, ospatu, oihu egin… dena batera. Egun batez, 1998an baino ere amorru, sentimendu, emozio eta gogo gehiagorekin. Anoetan, 23 urte atzera egin banu bezala sentitu nintzen, eta ia malkotan amaitu nuen partidua, bi besoak altxatuta zerura begira, “Aitor, Aitor, Aitor Zabaleta!” abesten genuen bitartean…

Aitor Zabaleta inork ez digu itzuliko, familiak jasandako umiliazio guztia hor dago, hilketaren erantzuleek libre segitzen dute, Atletico de Madrileko zaletuek berdin jarraitzen dute, faxismoa indartuta dagoela dirudi, injustiziak eta memoriak min ematen dute oraindik… Baina kirol arloan genuen zor moduko hura kendu dugu, eta nola gainera! Justizia poetikoa…

Hainbat omenaldi jaso ditu Aitorrek zein bere sendiak 1998ko abendu hartatik, baina aurtengo urtarrilaren 19ko gaua berezia izan zela sentitu nuen, barru-barruan. Bihotzez espero dut, dagoen lekuan dagoela, Aitorrek berak ere, bere irri gardenarekin, berdina sentitu izana.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2025-10-09 | Patxi Aznar
Estatu Batuen gainbehera, eta arrisku nuklearra

Setioa hausteko Palestinara janaria zeramaten aktibista batzuk atxilotuta jarraitzen duten bitartean, honako gogoeta hau:

Bigarren Mundu Gerra hasi aurretik, Hitlerrek beste herrialde batzuetako lurrak konkistatu bazituen ere, Mendebaldeko potentziek ez zuten ezer egiten... [+]


2025-10-09 | Markel Elortza
Bi urteko genozidioa, bi urteko isiltasuna

Gaur bi urte bete dira estatu sionistak Palestinako herriaren aurka martxan zuen genozidioa bizkortzen hasi zenetik. Bi urte, non haurrak, eskolak, ospitaleak eta ametsak bonben jomugan egon diren, munduaren isiltasunak krimen horiek estali dituen bitartean.

100 urte pasatxo... [+]


Noizko greba bat CAFen Palestinaren alde?

Gazako genozidioak presioa areagotu du entitate sionistaren kontra arlo askotan, eta sionisten konplizeetara ere heldu da. Shapir enpresa israeldarraren eskutik CAF Jerusalemgo tranbiaren proiektuan sartzea salatu du hasieratik BDZ mugimenduak. Sei urte pasatu dira jada. Gazako... [+]


Asilo-leku sakratua

Asilo-leku sakratua Erdi Aroko lege bat zen, zeinaren bitartez justizia atzetik zituztenek elizaren eta monasterioen babesari hel ziezaieketen. Akaso, bi mila urtetan ongia egin zuten apurra. Eta, jakina, ahal bezain azkar, lege hura desegitera jo zuten, desagertu zen arte. A ze... [+]


Arrakalak Bilboko Manhattanen

Bilboko Udalak iragarri du Lancor-Elgorriaga eta Consonni pabiloiak berehala eraitsiko dituela, eta segidan, Udalbatzan aurkeztu du lan horiek bizkortzeko proposamena, kontuan hartu gabe 80 pertsona inguru bizi direla bertan baldintza negargarrietan: euren ondasun urriak... [+]


2025-10-08 | Roser Espelt Alba
Eskasia

Gero eta ahots gehiagok –ez eskuinetik bakarrik– “migrazioaren arazoari” ausarki helduko diotela aldarrikatzen dute. Narrazioa nahi baino ezagunagoa da: lanpostuen, zerbitzu publikoen eta baita etxebizitzaren gaineko lehian ere, baliabideak omen direlako,... [+]


2025-10-08 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Argiztapena

Gaua egiten denean, eraikin asko ipurtargi bilakatzen dira hormigoizko basoan. Egunez ezkutuan gorde duten barnealdea eszena pusketetan voyeaur begibistara agertzen dira, argiztapen artifizialaren magia bitarteko. Gaueko auto zein oinezko paseoetan lurraldea eta eraikinak... [+]


2025-10-08 | Imanol Epelde
Berriketa gutxi
Trumpen bake-plana Bernedorako

1. Bernedo terrorismorik gabeko eremu bat izango da, erradikalik gabea, eta ez da mehatxu bat izango bizilagunentzat.

2. Bi aldeak proposamenarekin ados badaude, gerra berehala bukatuko da. Patriarkatuaren indarrek adostutako lerrora egingo dute atzera, bahitutako dutxak... [+]


2025-10-08 | Edu Zelaieta Anta
Diluzio

Kosta egiten da hitz autorizatuak eraikitzea gaur den egunean, nahiz eta hitz horiek zerbaiti buruzko ezagutza sakona duten pertsona batzuenak izan. Maria Teresa Andruetto idazle argentinarrari entzuna nion ohartarazpena: jakintzarekiko eta lan iraunkorrarekiko... [+]


Txiki eta Che

Txikitan, Txiki eta Che Guevara nahasten nituen. Umetako lainoarte baten moduan gogoratzen dut, baina gerora ulertu dut: Txikik Che miresten zuen. Horregatik, haren aurpegi mitikodun kamisetarekin agertzen da bere argazki gogoangarrian, eta Askatasun haizea poema euskarara... [+]


Nork irabazten du?

Onartzen dut sare sozialek nahi baino denbora luzeagoa kentzen didatela hainbatetan, eta guztiak ezabatzeko ideia buruan ibiltzen dudala maiz. Debate antzuak gogaikarriak eta bortitzak iruditzen zaizkit batzuetan, eta geroz eta zabalagoa den eskuin muturreko ideien presentzia... [+]


Eskola, erreformatu ala eraldatu?

Heziketan egin beharreko aldaketak etengabe dira hizpide, gizarte-eraldaketari begira heziketak duen garrantziaz jakitun, horra begira jarri beharra duelako modu batean ala bestean bizitza-eredua aldatu nahi duen edozeinek. Eginkizun horretara jarritakoan, baina, curriculumaz... [+]


Teknologia
Kultura sinboloak

Hasiera batean, memea ez nuen behar bezala ulertu, hitz hori entzuterakoan gustu txarreko irudiak zetozkidan burura, ustez grazia egin behar lidaketenak. Memeka zebilen mundu guztia nire inguruan, mugikor bidez irudi horiek igorriz, nire ustetan hutsalkeriak zabaltzeko besterik... [+]


Arduraz

Palestinan gertatzen ari dena ikaragarria dela erraten du jende orok karrikan barna, “Onartezina da! Genozidioa da!” bilakatu dira azken aldiko entzunenak. Egoera salatzeko elkarretaratzea egin, ordea, eta bidegabekeria dela pentsatzen duten hamar horietatik lau... [+]


Eguneraketa berriak daude