Bizkaiko ahaldun nagusi ohiak (EAJ) ekainaren 19an deklaratu behar zuen Habidite kasuaren barnean. Jabyer Fernandez enpresariak 30 milioi eskatzen dizkio aldundiari, hitzarmen batzuk ez betzea leporatuta. Epaitegiak aurreikusita zuen aretoak ezin ditu hartu Bilbaoren deklarazioa jaso nahi duten komunikabide guztiak, eta berria lortu bitartean atzeratu da agerraldia.
Ikusmin handia piztu du Jose Luis Bilbaok Hadibite kasuan egin behar duen deklarazioak. Jabyer Fernandez enpresariak 30 milioi eurotako kalteordainak eskatu dizkio Bizkaiko Aldundiari epaiketa horretan. Fernandez Afer enpresa taldearen buru zen 2007an, eta orduan sinatutako hitzarmenak ez betetzea leporatzen dio Aldundiari. Etxebizitzak seriean eraikitzeko lantegi egitasmo bat zen Hadibite. Alonsotegin ezartzea zegoen aurreikusia, eta bere garaian 1.100 lanpostu sortuko zituela esan zuten arduradunek.
Bilbao eta Jabyer Fernandezen arteko harreman gorabeheratsua
Eldiario.es agerkari digitalaren arabera, Hadibite kasua "botereari aurre egin eta galdu zuen" enpresari baten kasua da. Liskartu aurretik, ordea, harreman estua eta emankorra izan zuten Bilbaok eta Fernandezek. Hadibiteren proiektua publikoki bultzatu zuten Bizkaiko Aldundiak eta Bilbaok berak garai batean.
Pixkana egitasmoa babesteari utzi zion Bilbaok ordea, eraikuntza sektoreko beste enpresari batzuen presiopean, Eldiario.es-en arabera. Epaitegietara eraman zuen Bizkaiko Ogasunak Fernandez ondoren. Iurban kasuan, zergak ordaintzeko erabili behar zituen diru kopuruak ezkutatzea egotzi zion enpresariari. Urtarrilean espetxetik irten berri da, hiru urte preso eman ostean.
"Lasai, ez ditut nire memoriak idatziko"
Jose Luis Bilbao EAJko Bizkaiko Diputatu Nagusia izan zen 2003 eta 2015 urteen artean. Bere agurreko diskurtso ofizialean egin zituen adierazpenek hautsak harrotu zituzten. Iruzurgile eta ustelei lasai egon zitezkeela esan zien, bere memoriak idazteko asmorik ez zuela azalduta: "Agur honetan, lasaitasuna helarazi nahi diet presente daudenei eta ez daudenei, ez ditudalako nire memoriak idatziko. Memoria horietan pertsonak agertuko lirateke haien handitasun eta miseria guztiekin. Zoritxarrez, miseria asko egongo lirateke".
Besteak beste honakoak aipatu zituen mezu horretan: "Ordainketak billete sortekin egiten zituztenak horien jatorria argitu gabe, paradisu fiskaletan diru kopuru handiak zituztenak, zeintzuen izenak ez diren argitara ateratzen. Jatorri ezezaguneko dirutzak aberriratzen dituztenak". Adierazpen horien ostean, Euskal Autonomia Erkidegoko Kontu Auzitegiko presidente izendatu zuten Bilbao. Bere izendatze egunean Iñigo Urkullu lehendakariak Bilbaoren figura goratu zuen. Haren "zintzotasuna eta profesionaltasuna" eta "zerbitzu publikoaren aldeko bokazioa eta entrega" azpimarratu zituen lehendakariak.