Ibaipeko autobidearen proiektua gelditzea exijitu dute ehunka lagunek Bilbon

  • Bizkaiko Foru Aldundiak abiatutako proiektuak "herritarren benetako beharrei" erantzuten ez diela salatu dute, Subflubiala EZ! plataformak deituta. Autobideak eraiki ordez, instituzioek garraio publikoa sustatu behar dutela adierazi dute.

Lamiakoko ibaiaren azpian eraiki behar den autobidearen aurkako manifestazioa, Bilbon Subflubiala EZ!

2025eko otsailaren 10ean - 09:32
Azken eguneraketa: 11:11
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Getxo eta Portugalete Ibaizabal itsasadarraren azpitik autobide batekin lotzeko proiektua gaitzesteko ehunka manifestari bildu ziren larunbatean, Bilbon. Bizkaiko Foru Aldundiari proiektua gelditzea exijitu zioten, besteak beste, ez dituelako "berotegi-efektuko gasen emisioak murrizten" eta "helburu klimatiko ofizialen aurka" doalako.

Bizkaiko hiriburuko kaleak zeharkatu ostean, Arriaga plazan amaitu zen manifestazioa. Bertan, Hodei Rodríguez Subflubiala EZ! plataformako kideak proiektuaren "eragin negatiboak" salatu zituen: "Ibilgailu pribatuen erabilera areagotuko du, baita kutsadura ere. Gainera, tunela sortzeko obrek zarata, kutsadura eta bibrazioak sortuko dituzte hurbil dauden eremuetan".

Plataformak iragan astean ohartarazi zuenez, obrak iragarri zituztenetik proiektuaren kostu ekonomia %10 handitu da: 450 milioitik 500 milioi eurora. Diru hori "garraio publikoa hobetzera" bideratu behar dela aldarrikatu zuten, eta ez "eraikuntza enpresa handien" irabaziak handitzera.

Babes zabala

50 eragile baino gehiago atxikitu ziren Subflubiala EZ! dinamikaren deialdira: horien artean, Ekologistak Martxan, Guggenheim Urdaibai Stop plataforma eta ELA, LAB, CCOO, CGT edota Steilas sindikatuak. "Indarrak batu ditugu, badakigulako mugitzeko beste modu bat posible eta beharrezkoa dela", adierazi zuten manifestazioaren antolatzaileek, eta proiektua gelditu arte mobilizatzen jarraituko dutela ziurtatu zuten.


Ingurumena kanalean gehiago
2026ko abuztuaren 4
Izarrak ikusteko begiratokiak
Lau puntu kardinal, mila dir-dir zeruan

2026ko abuztuaren 4
Hiriko basabizitza
Urubien atzetik

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...