Datorren ikasturteari begira, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bertan behera utzi ditu Irale programako ikastaroak. Programari bideratutako aurrekontua geroz eta murritzagoa bilakatu da azken urteetan.
Eusko Jaurlaritzak irakaskuntzako langileei helarazi dienez, 2020-2021 ikasturtean, behin-behinean, ez da lanordu barruko euskara ikastarorik eskainiko. Horren arrazoia zehaztu dio Berriari Hezkuntza Sailak: irakasleen egonkortasuna ziurtatu nahi dute. Ikastaro horiek irakasleen liberazioa exijitzen baitute, eta horrek, era berean, liberatutako irakasleak ordezkatu beharra dakar. Hala bada, arrazoi horretan oinarrituz, EAEko irakaskuntza zentroetako irakasleak euskalduntzeko Irale programaren ardatz bat desagerrarazi egingo dute datorren ikasturtean. Erabaki horrek eragina izango du bai irakasleengan, zein ordezkoen zerrendan daudenengan.
Berriak Hizkuntza Politikarako sailburuordearen euskara aurrekontuen estatistikako datuetatik tiraka zera azpimarratu du: desagerpen honen aurretik, aurrekontuan murrizketak pairatu dituela Irale programak aurreko urteetan. Jaurlaritzak 3,3 milioi euro bideratu dituen programara 2014an, eta 1,5 milioi euro, aldiz, 2016an.
Ohikoan martxo aldera sinatu ohi du Iralek hurrengo ikasturtean zerbitzua eskaintzen jarraitzeko eginkizuna. Programaren egitekoa irakasleen lanordu barruko ikastaroak ematetik harago doa ordea, eta bestelako ikastaroak aurrera aterako dituztela jaso du Berriak. Hala ere, eskaini ohi dituen zerbitzu batzuen gainean zer gertatuko, kezka agertu du Iralek: irakasleen hizkuntza eskakizunen azterketa lanekin, euskarazko ikasmaterialen kalitatea bermatzeko lanekin, hizkuntza kontsultak egiteko zerbitzuarekin… ez dakite zer gertatuko den momentuz.