JARRAIPENA | Ehun egun beteko dira larunbatean Zaldibarko luiziak Joaquin eta Alberto lurperatu zituela

Zuzeneko jarraipena
  • Ostegun arratsaldean amildu ziren Zaldibarko zabortegiaren lurrak eta AP-8 autopistaraino heldu zen milioi erdi tona baino gehiagoko hondakin masa. Bi behargin desagertuta daude ordutik, eta hauen bila joandako larrialdi zerbitzuek, gauerdia pasatxo, ohiko hondakin ez arriskutsuez gain, amiantoa aurkitu ostean, bilaketa lanak 14 orduz izan dituzte gelridirik.


2020ko otsailaren 20an - 14:58
Gakoak
Deskutsatu gabe jarraitzen dute Zaldibarren izandako Gipuzkoako suhiltzaileen lau kamioik

LAB sindikatuak azaldu du Eibar eta Oñatiko suhiltzaileen parkeko lau kamioi izan zirela ostegunean Zaldibarreko zabortegian. Bost egun beranduago, oraindik deskutsatu gabe jarraitzen dutela salatu dute. "Horrek arrisku larrian jartzen du kamioi hauek erabiltzen dituzten suhiltzaileen osasuna, amiantoak sortzen duen kaltea ezaguna delako".

Gipuzkoako Foru Aldundiko LABeko sail sindikaleko delegatuek salaketa jarri dute Lan Ikuskaritzan eta egoeraren berri adierazi dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren erregistroan, Lan Arriskuen Prebentziorako azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 21. Artikuluaren irizpideari jarraituz; “berehalako arrisku larria”-ri dagokiona.

Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileen kasuan, ostegunean Zaldibarren izandako kamioiak prezintatuta daudela jakinarazi dute, garbitu eta gero. Gipuzkoako kasuan, berriz, Aldundiak ez ditu beharrezko neurriak hartu.

Salaketa 21. artikuluaren irizpideetan oinarrituta jarri eta gero, Lan Ikuskaritzak 24 ordu ditu orain eskuhartzeko.

Mobilizazioak deitu ditu Errausketaren Aurkako Mugimenduak

Asteazkenerako (otsailaren 12) mobilizazioak deitu ditu EAM-k Donostia, Hernani, Usurbil, Zubieta, Andoain, Oiartzun eta Iruran, arratsaldeko 19:00etan. “Zaldibarren hondakin arriskutsurik ez zegoela esan, eta bi langile desagerrarazi dituen eskandaluak azalarazi du zer nolako maila duten etxe ondoan erraustegia inposatu nahi diguten politikariek. Gainera, behin larrialdia abiatuta, denak ezkutatu egin dira arazoa kudeatu beharrean. Horregatik, herritar guztiak deitzen ditugu kalera”.

“Langileak, osasuna, erantzukizunak” eskaerekin bat egiten dutela gehitu du mugimenduak, eta lehentasuna dela desagertuta dauden bi langileak erreskatatzea. “Hortik aurrera, inguruko herritarren osasuna bermatzea eta orain arte ikusi dugun kudeaketa negargarriagatik erantzukizunak argitzea”.

Kartela atera dute, mobilizazioetara deituz: “Zaldibarko eskandalua modu lotsagarrian kudeatzen ari direnek erraustegia inposatu nahi digute. Hondakinen kudeaketa osasuntsu baten alde atera kalera zerbait gertatu aurretik”.

 

Iturriko urik ez erabiltzeko, Zaldibarko Udalaren oharra iturburutik ura zuzenean hartzen duten baserriei

Eusko Jaurlaritzak gaur zabaldutako oharrean dioenez, "Zaldibarko, Eibarko eta Ermuako, bizilagunek segurtasun osoz kontsumitu dezakete iturriko ura". 

Zaldibarko Udalak oharra zabaldu du, hau zehaztuz: Eitzaga, Sallabente eta Olarreagan, "iturburua nork berea duzuen baserri horiei gomendatzen zaie ur hori ez kontsumitzea, informazio gehiago jaso arte". Izan ere, Udalak 12:30ean Osasun saileko teknikarien abisua jaso du, kontroletan "zenbait ur-hartze pribatutan agertu diren datu batzuk" daudela esanaz, Anbotok kontatu duenez

Nondik hartzen dute ura hiru herri horiek?

Eusko Jaurlaritzaren oharrak ematen du informazio hau: Zaldibarrek Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko saretik hornitzen du ura, eta "ez da inolako gorabeherarik hauteman". Eibarrek eta Ermuak, berriz, Aixolako urtegitik hornitzen dute ura, eta zabortegitik gertu dago baina beste isurialde batean. "Uraren Euskal Agentziak egindako ebaluazio hidrogeologikoak baztertu egin du Aixolan eragina. Egin diren kontroletan eta hornikuntza-sareko sarrerako deposituan hartutako laginean ez da inolako gorabeherarik hauteman".

Airearen kalitatea: konposatu organikoak

Jaurlaritzaren oharrak dio airearen kalitate kontrolen emaitzek erakusten duten "konposatu organikoen profila azken urteotan hiri-inguruneetan lortutakoaren oso antzekoa" dela. "Teknikariek aitortzen dute konposatu horien nahasketak eragindako usain txarra gogaikarria izan daitekeela". Jaurlaritzak adierazitakoaren arabera, "analisiek negatibo eman dute amiantoan ere, ez baita substantzia horren zuntzik hauteman. Edonola ere, datozen egunotan laginketekin jarraituko da, eta egunean bi lagin hartuko dira".

Datuak ez daude publiko

Jaurlaritzak airearen kalitateari buruz ematen duen datuen mapan ez dago ikusgai Zaldibarren eta inguruko herrietan jarri omen dituzten neurgailuen emaitzarik. Airearen kalitatearen eguneroko informazioa Ingurumena twitter kontutik emango dutela jakinarazi dute Ihoberen webgunean.

Ura agentziaren datuak bistaratzen dituen ubegi webgunean ere ez dago ikusgai Eitzagako informazioa.

Verter Recycling 2002 enpresari diligentziak ireki dizkio epaitegiak, lan eta ingurumen delituengatik

Josu Erkoreka Lakuako Gobernuko bozeramaileak jakinarazi duenez, instrukzio epaitegiak diligentziak ireki ditu Zaldibarren amildutako zabortegiaren arduradun Verter Recycling 2002 enpresaren aurka, lan eta ingurumen delitua egotzita.

Gainera, administrazioarekin elkarlanik eza kritikatu du, Naizen irakur daitekeenez.

LABek kontadorea jarri du webgunean, Zaldibarko zabortegiko langileak desagertuta daramaten denbora kalkulatzeko

Alberto Sololuzek eta Joaquín Beltránek, Zaldibarko zabortegiko luiziak harrapatutako langileek, desagertuta daramaten denbora zenbatzen du LAB sindikatuak bere webgunean jarri duen kontadoreak.

Kontadorean aurrera doa denbora, baina momentuz erreskate lanak geldirik diraute, mendi-hegiaren ezegonkortasuna dela eta.

 

Istripua, egunkarietako komiki-tiretan

Unai Iturriaga, Gara (2020-02-11)

2020_2_11_zugazart

Unai Iturriaga, Gara (2020-02-10)

0210_zugazart

Unai Iturriaga, Gara (2020-02-08)

0208_zugazart

Patxi Huarte Larraburu, 'Zaldieroa' (Berria, 2020-02-11)

Irudia

Tasio, @camaradatasio (2020-02-10)

Eguzki: "Desolazioa eta ilunkeria"

Desagertutako langileen familiei elkartasuna adieraztearekin bat, gogor mintzatu da Eguzki: "Eufemismoetatik ihes egiteko eta gauzak diren bezala esateko beharraz ohartarazi nahi dugu. Izan ere, gertatu dena ez da ustekabeko istripu bat izan, kudeaketa txarraren ondorio bat baizik". Gardentasun falta salatu du Eguzkik: "Administrazioek gertakariari buruzko informazio guztia kontrolatzeko duten interesak informaziorik eza edo desinformazio barkaezina eta eskandalagarria eragin du, eta horrek ondorio larriak eragin ditu".

Zabortegien kudeaketa iluna ere mahaigaineratu du talde ekologistak: "Zabortegien kudeaketa, egun beharrezko den jarduera bat izan arren ez da batere argia. Veter Recycling-en historian arakatu bezain laster, kudeaketa eskasaren isla diren epai eta egoerak hasi dira agerian geratzen. Esperientziak erakusten digu Zaldibarkoa ez dela kasu isolatu bat. Zabortegietan ziur aski egingo dira ezarritako gutxieneko kontrolak, baina zalantza handiak ditugu nahikoak izango ote diren, eta, beraz, bada garaia gardentasuna eskatzeko, kudeaketa ona, datuak, planak, txostenak, kontratuak eta proiektuak argitaratzeko, haien egoera eta kudeaketa betetzeko, informazio publikoa eta gardentasuna bermatzeko, gizarte-kontrol publikoa lortzeko, eta interes orokorra defendatzeko, helburu gisa. Horrela, pertsonen, osasunaren edo ingurumenaren gaineko arriskuen aurrean zuhurtasun- eta prebentzio-neurriak hartu ahal izango dira".

Iritzi-artikulua Argiaren Plazan irakurri daiteke osorik.

 

Joaquin Beltranek bi egun lehenago abisatu zien nagusiei zabor mendia pitzatzen ari zela

David Olabarrik Correo egunkarian plazaratu ditu Verter Reclying 2002 enpresaren jokabidea auzitan jartzen duten xehetasun gogorrak. Egunkariak tituluan ipini duen arren "Enpresak luizia baino bi egun lehenago kontratatu zituen bi topografo", kronikaren letra xehean datoz oilo-ipurdiak ateratzeko moduko informazioak.

Joaquin Beltran, Eitzagako hondakinetan harrapatutako bi langileetako bat, bere hondeamakinarekin aritzen zen bertara kamioietan eramandako zaborrak eta horiek estaltzeko betelan-lur eta bestelakoak zabaltzen; Beltran hondea-lanetan aritzen den enpresa baten jabe da eta langileen artean dauzka bere semea eta iloba bat. Beltranek, kazetariaren arabera, asteak zeramatzan enpresari ohartarazten zabortegia betetzeko erritmoa mantsotu beharra zegoela, hondakin gutxiago eta lur gehiago sartu behar zela mendia egonkortzeko.

Arazoa larriagotu zen istripua baino hiru egun lehenago, lurzoruan pitzadurak azaldu zirenean. Beltranek ugazabei esan zien bete-lana gelditu beharra zegoela: "Gelditu beharra dago, zabortegia gainbehera doakigu". Enpresak arrapostu egin zion azterketa topografiko bat egingo zuela. Kronologikoki orduan erabakiko zuten nagusiek bi topografori enkargua ematea. Asteazkenean topografoek lekuan bertan berretsi omen zuten zartadurak 20 zentimetro arte zabaldu zirela.

Ostegunean istripua jazo zenean Joaquin Beltran eta bere iloba lanean hasi berriak omen ziren, beti ere Correo-ko kazetariak familiako iturrietatik bildu duenaren arabera. Joaquin bere eskabadoran ari zela ohartu zen lurra are gehiago ari zela higitzen, zarata handia eginez. Inguruan zebiltzan langileei abisatu zien handik azkar alde egiteko eta sakelako telefonoz ilobari deitu zion, hau kamioiarekin zebilenean material garraioan, zaborategian bertan: ilobak osabaren deiari zor dio bizirik jarraitzea. Kronikaren arabera, Beltran saiatu zen gaur falta den bigarren langileari, Sololuzeri, abisua pasatzen; Sololuze sarrerako baskulan ari zen. Bata bestearengandik 150 metro inguru zeudela harrapatu zituen biak azpian zabor mendiak.

Zallan protestarako deia zabaldu dute: "EAJ, Zallak ez ditu zuen zikinkeriak nahi"

Goiko argazkian ikus daitekeen bezala, bart pintaketak egin dituzte Zallan. Astelehenan jakinarazi zuten Zaldibarko hondakin kutsatuak bertara eta Mallabiara eramango dituztela. Zallako herritarrek behin baino gehiagotan egin izan dute protesta bertako zabortegian irregulartasunak aurkitu dituztelako 1999an zabaldu zutenetik.

Honela dio ARGIAk jaso duen mezuak hitzez hitz: "Kolaboratu zabor poltsak kalean utziz, egin beraiek bezala. ADI Zalla eta Mallabia! Zaldibarko hondakin kutsatuak bertara eramango dituzte. Zer diea Bizkaiko zabortegi ofizialak? Zein tratamentu emango zaio amiantoari bertan? Zer dira, bizkaitar sakrifikatuak? Zallan urteetan ehunka negligentzia izan dira zabortegiarekin, beti EAJren adostasunarekin. Altxa Zalla eta Mallabia, KALERA!".

Manifestazio zaratatsuak egin dituzte Zaldibar, Eibar, Ermua eta Mallabin

"Zaldibar argitu!" lemapean manifestazio zaratatsuak egin dituzte otsailaren 10 iluntzean lau herri hauetan: Zaldibar, Eibar, Ermua eta Mallabin. Milaka herritar elkartu dira. Larunbaterako iragarri dituzte hurrengo manifestazioak.

@ernaigazte-ren txio honek bildu du mobilizazio bakoitzaren argazki bana:

Zaldibar

Hamaika telebistaren lehen bideoan ikusten da hasierako zarata, eta ondorengo harian ikus daitezke Zaldibarko eta Ermuako mobilizazioak:

Beste bideo hauek zabaldu du @agr3am3-k:

Eibar

Argazkia: @JulenBollain.

Eibarko Ernaik argazki hauek zabaldu ditu:

Argazkia: @EErnai.
Argazkia: @EErnai.

Ermua

Manifestazioa iruditan hartu du Unai Holguin @Nixhiu-k:

Argazkia: @trenado7.

@icsnowy-k zabaldutako argazkiak:

Argazkia: @icsnowy.
Argazkia: @icsnowy.
Argazki oina

 

Mallabian

 

Hamaika telebistak jaso du bideoan Mallabiako protesta zaratatsua:

Markina-Xemein

Bertako Ernaik zabaldu duen txioaren arabera, elkarretaratzea egin dute Markina-Xemeinen, eta amaitutakoan kartelak eta kandelak jarri dituzte udaletxeko atean:

Argazkia: @ErnaiMarkina-Xemein.

 

Zalla eta Mallabiako zabortegietara eraman ditzakete Zaldibarretik atera beharrekoak

Hala diote Correo eta Diario Vasco-k, Zaldibarreti kendu beharreko hondakinetatik batzuk eramango dituztela Mallabiara, oso kilometro gutxira, eta beste batzuk Zallara, Bizkaiko beste muturrean.

Zallakoa aipatzen baita, 2019ko abuztuan sutea izan zen bertan, Berria-k dokumentatu zuenez:

 

Koordinazio bilera egin dute Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Aldundia eta hiru herrietako alkateek
Urkulluk lehen aldiz hitz egin behar izan du Zaldibarko aferaz

Urkulluk otsailaren 10 arratsalderako iragarria zeukan hedabideen aurrean agertuko zela. Zaldibarko ezbeharraz azalpenak emateko izango ote zen edo ez, zalantza hori zegoen. Hauteskundeak aurreratuko dituela eta zergatik egingo duen azaltzera mugatu da bere hitzartzea. Galderen txandan, Garako kazetari Iñaki Iriondok galdetu dio ea ez al duen Zaldibarrera gerturatzeko beharrik sentitu egun hauetan. Galdera horri erantzunez mintzatu da lehenengoz lehendakaria gaiari buruz.

Hemen bideoan, kazetariari eman dio lehen erantzuna (gazteleraz):

ETBk horren osteko zatia jarria du bere webgunean (gazteleraz).

Urkulluk ez du "Zaldibar" izena esan erantzun osoan zehar eta hitzen artean isiltasun luzeak egin ditu. Bere lehen erantzuna hauxe izan da: "Twitterren egiten diren kanpainengatik ez". Jarraian Zaldibarko afera lan istripuekin eta ingurumen katastrofeekin lotu du: "Saiatzen naiz bereizten edozein moduko presentzia, eszenifikazio hutsa dena". Jarraian esan du lehen unetik martxan egon dela krisia kudeatzeko mahaia: "Ostegun arratsaldetik bertatik. Segurtasun sailburuarekin bilduta nengoen eta bera izan zen lehena mezua jaso zuena. Berehala deitu genuen krisialdi mahaia. Segurtasun sailburua eta Bizkaiko ahaldun nagusia bildu ziren Interbiak-en egoitzan. Uneoro jarraitu dut gertatzen ari zena eta eman behar genituen urratsak. Krisi mahaiaren lehentasuna izan da desagertutako gorpuak bilatzea eta lanean ari ziren pertsonen segurtasuna bermatzea. Bigarren gaia zen saiatzea errepidea erabilgarri jartzen. Hortik aurrera, zonaldeko herritarren segurtasun gaiak zaintzea: airearen kalitatea neurtzea eta monitorizatzea, urarena...". Luzerako izango dela esan du, oso epe luzekoa.

Bukatzeko, iragarri du prentsa agerraldi horren ostean bilera dutela Ingurumen sailburuak, Osasun sailburuak, Segurtasun sailburuak, Bizkaiko ahaldun nagusiak, azpiegituren Bizkaiko diputatuak eta hiru alkateak, Zaldibar, Eibar eta Ermua herrikoak. "Orain bilduko gara, zeren ostegunetik gaur arte lehentasuna bat zen. Gaurtik aurrera, hasiera ematen diogu, krisi mahaiaz gain, izan behar duena komisio tekniko baten oinarria, aztertzeko nola hasi behar dugun estabilizazio lana, eta lurjausi arriskuan egon daitekeena". Bukatzeko, aipatu ditu orain arte Zaldibarren egon: "Ingurumen sailburu-ordeak, Urako zuzendaria, segurtasun sailburu-ordea, Osalaneko zuzendaria... horiek dira gaiaz ulertzen dutenak eta neurriak erabaki behar dituztenak. Kontua ez da egoteagatik egotea. Kontua da operatiboak izatea.

Arriolak Legebiltzarrari azalpenak ematea eskatu du... desegin duten egun berean

Mikel Otero EHBilduko legebiltzarkideak salatu du sare sozialetan Iñaki Arriola Ingurumen sailburuak idatzi bat sartu duela gaur eguerdian Eusko Legebiltzarrean eskatuz Zaldibarko istripuaz deklaratzea bertan gaia dagokion batzordean. Oterok erakutsi du Legebiltzarreko Idazkaritzan Arriolak gaur aurkeztutako idatzia eta nabarmendu du sailburuak bazekiela ezingo zituela azalpenok eman... bazekielako justu bazkalondoan –eta sailburua aurrean zela– Lehendakariak amaitutzat emango zuela legegintzaldia. "Ez zait okurritzen hain lotsagabea izateko modurik ezta nahita ere", esan du Oterok.

 

Alberto Sololuze eta Joaquin Beltranen gorpuak bilatzeko lanak eten dituzte hirugarren aldiz

Estefanía Beltrán de Heredia Barne sailburuak jakinarazi du geologoen gomendioz bertan behera uzti dituztela zabortegiak azpian harrapatuta dauzkan langileen bilaketa lanak. Lanoi berriro ekiteko datarik ez du aipatu

Nortzuk daude Verter Recycling 2002 enpresaren atzean eta zer beste negozio dituzte?

Verter Recycling 2002 enpresa da Zaldibarko zabortegiaren jabea. Enpresa honek Zaldibarko Kondia baserrian du egoitza eta hamar langiletik behera ditu. Jarraian enpresa honen atzean dauden pertsonei buruzko informazioa:

Arrate Bilbao Barinaga eta Elena Susaeta Barinaga dira Verter Recycling enpresako administrari solidario eta apoderatuak. Bi hauek karguak dituzte baita ere Eibarko higiezinen bi enpresatan: Promociones Cesilurren administradore solidarioak dira eta biak Suba SA-n kontseilariak.

Elena Susaetak karguak ditu, baita ere, Comercial Anaya SL (Eibar) eraikuntza enpresan eta Sakontza SL (Donostia) higiezinen enpresan. Arrate Bilbaok karguak ditu Lancha Restauracion (Abanto Zierbena), Agaulaz (Donostia) higiezinen enpresa, Berriatua-Berri (Eibar) eraikuntza enpresan, Debor (Donostia) arkitektoen enpresan eta Kajoi bat (Donostia) finantza eta seguruetako etxean.

Arreta deitzen du nola enpresa hauetako zenbaitek egoitza leku berean duten: Eibarko Otaola 22an, Eibarko San Juan kaleko 11n, eta Donostiako Zuatzu 2-1ean.

Enpresetako karguak xehe, Estatuko Boletin Ofizialeko informazioan oinarrituta

Arrate Bilbao Barinaga eta Elena Susaeta Barinaga dira 2011tik Administrari Solidario, Estatuko Boletin Ofizialaren arabera, bere aurretik administrari bakarra zen Jose Ignacio Barinaga Eguiak kargua utzi ostean. 2013tik enpresako apoderatu dira Maria Arrate Bilbao Barinaga eta Maria Elena Susaeta Barinaga, Estatuko Boletin Ofizialaren arabera.

Arrate Bilbao eta Elena Susaetaren kargupeko beste enpresak

Promociones Cesilur SL enpresak higiezinak alokatzen ditu eta 2011tik dira biak administradore solidario (Estatuko Boletin Ofiziala). Eta 2017tik Jose Ignacio Barinaga Eguia ere administradore solidario da (Estatuko Boletin Ofiziala). Enpresa honek Eibarren du egoitza, arreta deitzen du Otaola 22 dela helbidea, aurrerago ikusiko duzun Comercial Anayak eraikuntza enpresaren bera.

Suba SA higiezinen enpresa: Honek ere Eibarren du egoitza, San Juan 11-1 helbidean. 2012tik idazkari eta kontseilaria da Maria Elena Susaeta (Estatuko Boletin Ofiziala). Urte beretik da kontseilaria Maria Arrate Bilbao ere (Estatuko Boletin Ofiziala).

Elena Susaetak karguak dituen beste enpresak

Comercial Anayak SL eraikuntza enpresa: 2018an Comercial Anayak SL enpresak xurgatu zituen beste bi enpresa, ordura arte Inmobiliaria Urko eta Barinaga Eraikuntzak zirenak (Estatuko Boletin Ofizialaren agiria). Enpresa honek Eibarren du egoitza, Otaola etorbidea, 22 helbidean. Enpresen xurgaketa unetik Comercial Anayaren administrari solidario egin zen Maria Elena Susaeta (Estatuko Boletin Ofiziala).

Zakontza SL higiezinen sustapena: Eibarko San Juan kaleko 11n du egoitza, Suba SAk bezala. 2019tik administrari solidario da (Estatuko Boletin Ofiziala).

Arrate Bilbao Barinagak karguak dituen beste enpresak

Lancha Restauracion SL: Abanto Zierbenako Carolinas auzoan dago harrobiaren berreskuraketaz arduratzen den enpresa. 2017tik bertako lehendakariorde eta kontseilaria da (Estatuko Boletin Ofiziala).

Agaulaz SL higiezinen enpresa: Donostian du enpresa honek egoitza, Jose Maria Sert plazan. 2015etik administradore mankomunatua da (Estatuko Boletin Ofiziala).

Berriatua-Berri SL eraikuntza enpresa: Eibarren, Otaola 22 helbidean du honek ere egoitza. 2009tik da bertako administrari bakar (Estatuko Boletin Ofiziala).

Arquitectos Debor SL: Donostian, Zuatzu 2-1 helbidean du egoitza arkitektoen enpresak. Bertako apoderatua da 2009tik (Estatuko Boletin Ofiziala).

Kajoi bat SL: Finantza eta seguruetako enpresak honek ere Donostiako Zuatzu 2-1 helbidean du egoitza, Debor arkitektuek bezala. 2009tik bertako apoderatua da (Estatuko Boletin Ofiziala).

Senideak geroz eta haserreago: "Mina amorru bihurtu duzue"

Helene Alberdik laburtu du beren animoa Twitterren:

"4. eguna eta berdin jarraitzen dugu. Ez dugu interesik ikusten gure osaba hortik ateratzeko. Miña amorru bihurtu duzue. Gure senideak nahi ditugu".

Iñaki Arriola Ingurumen sailburuak enpresari egotzi dio ardura

Iñaki Arriola Ingurumen sailburuak adierazpen hauek egin ditu prentsa aurrean (irekia atarian ikusgai bideoa, gazteleraz): "Luizi honen ondorioz herritarren osasunarentzat arriskutsu izan daitezkeen egoerak prebenitzen ari gara. Eibar eta Ermuko airearen kalitatea neurtzeko gailuez gain, unitate mugikor bat eraman genuen, uneoro bermatzeko airearen kalitateak betetzen zituela baldintzak. Neurketak positiboak izan dira, airearen kalitatean. Uren kalitatea ere zaintzen ari gara. Orain arte ez dago motiborik esateko kalterik eragiten ari denik inguruko erreketan, ez da detektatu kutsadurarik. Agerikoa da, baina esango dugu ez dagoela arazorik inguruko herriak urez hornitzeko. Hori argi dago. Gai hauei buruzko informazioa eman zaie aldiro inguruko herrietako autoritateei eta herritarrei, orokorrean".

Adierazi du hau izan dela orain arte lehentasunezkoa. Ondoren beste gai hauei ekingo diotela esan du Arriolak: "luiziaren kausak aztertzea, eta hartu beharko diren neurriak. (...) Ikertu egin beharko dugu zer gertatu den. Enpresari dagokion espedientea ireki beharko zaio eta enpresari exijitu beharko zaio soluzioak aurkeztu ditzala lurra egonkortzeko, lurrak mugitzeko eta segurtasuna bermatzeko. Enpresatik erantzun azkar bat emango ez balitz, gobernutik ekin beharko genuke subsidiarioki".

Kazetarien galderari erantzunez, hauek esan ditu: "Zabortegia ez da Eusko Jaurlaritzarena. Ezin dugu ahaztu enpresa pribatu bat dagoela, jabea dena, eta ardura berea dela. Guk administrazio publiko gisa exigitu egin behar diogu enpresari, soluzioak aurkeztu ditzala".

Gaiak "urgentzia" duela esan du: "Malkar desegonkorra da, hondakin hauek pilatzeko alternatiba bilatu behar da".

Kazetari batek galdetu dio ba al dakiten zein material dauden zabortegian: "Bai, noski Ingurumen sailak baduela bertan dauden materialen ezaguera. Zabortegia autorizatuta zegoen eta bertan dauden hondakinen kategorizazio bat badago. Gobernuaren aldetik egindako ikuskaketetan kontrolatzen da (ea autorizaziotik kanpo beste hondakinik pilatu den bertan). 2019ko uztaileko ikusketan detektatu ziren hondakin ez autorizatuak, batez ere plastikoak".

Kazetariak galdetzen dio, autorizaziotik kanpo zeuden hondakinak detektatu arren, noiz berritu zen azkenekoz lizentzia, eta Arriolaren erantzuna: "Bada ez dakit".

Moreno Zaldibar sailburuordeak erantzun du lizentziaren galdera: "Ingurumen baimen bateratuaren filosofia da dokumentu bizia dela, hau da, 2007an eman zitzaion, baina denboran zehar azpiegitura horietan egindako edozein aldaketak edo legeetan egindako edozein aldaketak ere behartzen du baimena aldatzera. Hau da, denboran aldatuz doan baimena da. Verter Recycling enpresari eskatuko diogu dokumentazioa aurkeztu dezan, egonkortasunari buruz denboran zehar egin dituen ikerketa guztiena". Suteak ere larritasuna eragiten diela esan du, "oraindik bizirik dagoen sua baita". Mugitu behar diren hondakinek amiantoa dutela aitortu du, "gutxieneko mailan bada ere", eta segurtasun bermeekin lan egingo dutela, eta non eta zein baldintzetan pilatuko dituzten aztertzen ari direla.

Urkulluk prentsaurrekoa deitu du 16:00etarako

Iñigo Urkulluk prentsaurrekoa deitu du 16:00etan, Jaurlaritzak informatu duenez. ARGIAk zuzenean emango du ekitaldia.

Zaldibarrekoaz azalpenak emateko den, ala hauteskundeak aurreratzeko den ez dute jakinarazi. Hala ere, hainbat hedabidek diote hauteskundeak aurreratuko dituela apirilaren 5era.

ARGAZKIA | Honela zegoen Eitzagako erreka 2009an zabortegi bilakatu zuten garaian

Rafa Elizondo Saizek Twitterrez zabaldu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren data basean dagoen argazkia, airetik 2009an aterea.

(Oharra: argazkia zuzena da baina txioak agertzen duen lotura beste kokapen bati dagokio)

Jaurlaritzak azalpenak iragarri ditu 12:30etarako

 Eusko Jaurlaritzak azalpenak emango ditu 12:30ean Zaldibarko udaletxean, EiTBk zabaldu duenez.

 

Oasiaren azpian

“Zaborren gatazka” deitu zioten eskuineko alderdi eta hedabideek zero zabor sortzea asmo zuen bideari Gipuzkoan. Eta hara non, zaborra ke toxiko edo mendi bihurtzen txapeldun den Bizkaian, lehertu da gaia. Bi langile hil ditu kontrol zorrotzik gabe zarama “alfonbra azpian” pilatzeak –13 langile hil dira jada 2020ko 41 egunetan–. Lan-baldintza eta segurtasun neurri eskasak kostuak murrizteko, sare klientelarren araberako lizentzia partiketak, ingurumen irizpide betegabeak… Zaldibar beste orban bat bilaka daiteke “euskal oasi” gardenaren zerrendan: Victor Bravo, De Miguel, Epsilon, Montai, Dennokinn, Bakio, Pinosolo, Balentziaga, Pasaia, Osakidetza, Marguello, Juan Luis Pagaldai, Zubiaurre, Hiriko…

Testua: Axier Lopez
Argazkia: Luis Jauregialtzo – Foku

Eusko Jaurlaritzak "hilabete dezente" beharko ditu hondakinak erretiratzeko eta ez daki nora eraman

Zaldibarko zabortegiko hondakinak bertatik atera eta beste leku seguru batera eramateko "hilabete dezente" beharko dituztela aitortu du Eusko Jaurlaritzako Ingurugiro Saileko kontseilariorde Elena Morenok. Aldi berean, Morenok ezin izan zuen zehaztu nora eramango dituzten, eta esan zuen "aztertuko dutela" ea EAE gai den halako hondakin kutsatuak nonbait gordetzeko ala beste norabait eraman beharko dituzten.

Sei metroko murrua eraikiko du Bizkaiko Aldundiak autopistaren ondoan

Bizkaiko Aldundiak sei metroko kontentzio murrua eraikiko du AP8aren eta zabortegiaren artean, El Correok informatu duenez. 50 metroko luzera izango du eta 10 egunean egin nahi dute.

Urgentziazko tramite bidez adjudikatuko dute lana nork egin, eta horretarako hiru enpresa gonbidatu dituzte beren eskaintzak egitera. Asmoa gaur bertan erabakitzea da, eta bihar asteartea hastea eraikuntza.

GuraSOS: "Non dago polizia judiziala, fiskaltza eta Durangoko Istrukzio epailea?"

GuraSOS elkarteak mezu gogor bat zabaldu du Zaldibarko zabortegiko istripuaren kudeaketa salatzeko. Polizia judizialaren, fiskaltzaren eta epaileen esku hartzea eskatzeaz gain, salatzen du istripua kudeatzen ari direna justu istripuagatik inputatuta egon beharko luketen eragileak:

 

Zabortegian PCB kantzer-eragileak pilatzen zirela ebatzi zuen EAEko Epaitegi Nagusiak 2015ean

Correo egunkariak atzo argitaratu zuenez, Eitzagako zabortegian PCB siglaz ezagunak diren poliklorobifeniloak isuri izan dira Zaldibarko zabortegian. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren 2015eko epai batek ohartarazi zuen Eitzagako zabortegian poliklorobifeniloen isurketa deskontrolatuak egin izan direla 1986tik. Zientzia-net-en irakur daitekeenez, "PCBek pertsonei eragiten dizkien gaixotasun eta efektuek zerrenda luzea osatzen dute. Horietariko batzuk: gibel, birika eta larruazaleko minbizia, larruazaleko lesioak (klorakne), efektu estrogenikoak..."

Goizean kiratsa eta itzali gabeko sua

Eibarko twitter erabiltzaile batek dio surik ez dela itzali, nahiz eta irratia sua berpiztu dela esaten ari den. Propaganda gutxiago eta erantzukizun gehiago eskatu dio izenez aipatzen ez duen irratiari. Kiratsa usaintzen ari direla dio.

Garrak indartu egin dira gauean Zaldibarko zabortegian

Iñaki Guridi kazetariak goizaldean grabatutako irudietan erakutsi ditu:

 

 

"Zaldibar argitu orain!": Astelehenean mobilizazio zaratatsuak Zaldibar, Eibar eta Ermuan

Hiruak aldi berean izango dira, 19:30ean eta hiruek goiburu bera dute: "Zaldibar argitu orain!". Zaldibarkoa Udaletxeko plazan izango da, Ermukoa plazan eta Eibarkoa Untzagan.

Hona hemen hiru mobilizazio bateratuen kartelak:

 

 

 

Helene Alberdi, desagertutako langileetako baten iloba, igande iluntzean ETBn: "Gau eta egun lanean egotea nahi dugu, gorpuak atera arte"

Helene Alberdi, desagertuta dauden Alberto Sololuze langilearen iloba, larunbatean azaldu zen ETB telebista publikoan kexu beren familia agintariengandik jasotzen ari zen tratu kaxkarragatik. Egun oso bat pasata, ez dirudi falta diren bi langileen senideen egoera asko gozatu denik, entzunda gaur iluntzean ETBn bertan ilobak izan dituen hitzak:

 

Eitzagako auzotarrek zabortegia ixtea eskatu dute manifestu batean

Bederatzi puntuko manifestu bat adostu dute zabortegia dagoen Eitzaga auzoko bizilagunek, Anboto-k jakinarazi duenez. Bertan, agintariei gertatutzen ari denaz informazio zehatzak eskatzeaz gain, zabortegia bera itxi, gai kutsakorrez hustu eta zigilatzea eskatu diete. Hona bederatzi puntuak:

1) Hildako langileen familiekiko gure doluminak eta atsekabea adieraztea. Gorputzen bilaketarekin jarraitzea eskatzen dugu hauek aurkitu arte. 2) Informazio zehatza eta gardena zabortegiaren inguruan gertatzen ari denari eta bizilagunengan izan ditzakeen eraginei buruz. 3) Inguruko aire, ur eta lursailen azterketa zehatzak. Bai oraintxe bertan eta bai denboran zehar deskontaminazio prozesu guztia bukatu arte. 4) Bizilagunei osasuna babesteko gomendio zehatzak eman eta gertuko bizilagunen azterketa medikoak egitea ahal den eta azkarren eta hauen jarraipen bat. 5) Zabortegia eta gertuko bizilagunen segurtasuna bermatzea bizi ahal diren lur mugimenduen artean. 6) Zaldibar, Ermua eta Eibarko Udalen koordinazioa, beraien artean eta Eusko Jaurlaritzarekin- 7) Zabortegia ixtea eta bertan dauden material toxiko guztiak ateratzea edo zabortegiaren area guztia zigilatzea- 8) Dagokionari erantzunkizunak eskatzea. 9) Jarduera plan bat Eusko Jaurlaritzaren aldetik.

Zabortegia dagoen Eitzaga auzoko bizilagunek batzarra egin eta informaziorik eza salatu dute

Anboto herri hedabideak zabaldu duenez, eguerdian egin dute batzarra Eitzagako auzotarrek. Kazetaren arabera, "luiziaren inguruan izan duten 'informazio eza' salatu dute. 'Azken lau egunean ez digute ezelango informaziorik eman', diote auzokideek. Egoeraren aurrean, auzo-batzarrean biltzea erabaki dute".

Ingurumen sailak astelehenean aztertuko du hondakinak nola kendu eta beste norabait eraman

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak sare sozialen bidez jakinarazi du zein jarduketa abiarazi dituen:

Moreno Ingurumen sailburuordea: "Amiantoa kenduta, ez dugu beste kutsatzaile baten berri Zaldibarren"

Ekologistak Martxanek ohartarazi badu Zaldibarko zabortegian amiantaz gain lindanoa ere egon ote daitekeen susmoa, gaur lekuko udalarekin egindako bileraren ostean hedabideen aurrean Elena Moreno Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak ukatu egin du informazio hori. EITBk bildu duenez, "Esaten ari diren gezurren inguruan, ez dago beste kutsatzailerik. Zabortegiak PCBak (poliklorobifeniloak) hartu dituenik ez digute jakinarazi, nahiz eta hori aditzera eman nahi", azaldu du Morenok.

 

Hondeamakina bidez lurperatutako bi langileak bilatzeari ekin diote berriz

Josu Zubiaga Segurtasun sailburuordeak jakinarazi du igandean berriz ekin diotela hondeamakina bidez Zaldibarko zabortegian lurperatuta geratu diren bi langileak bilatzeari (eitb-n ikus daiteke adierazpenen bideoa, gazteleraz): "Inguru zehatz bat mihatzeari ekingo diogu, zeinetan badagoen aukeraren bat, ezbeharra gertatu zenean bere kokalekua zein zen ikusita, eta han ziren langileek eman dituzten azalpenak kontuan hartuta. Makinekin lan egin daiteke bertan zulaketa sakonago egin ahal izateko. Beti muga garrantzitsu bat kontuan izango dugu: langileen segurtasuna, bilaketa lanetan ari diren ertzain, suhiltzaile eta enpresa pribatuena. Eta baita ere malkarraren segurtasuna, ez dezagun lur-jausirik eragin, arriskutsua izan daitekeenik. Fase hau bukatuko bagenu emaitza positiborik izan gabe, hurrengo fasean sartuko ginateke, malkarra erabat estabilizatzeko lanei ekitea, Ingurumen sailak eskatzen duen hustuketa lanak egitea, eta lan proiektu hori eginaz jarraituko litzateke pertsona hauen bila.

Suhiltzaileak helikopteroz ari dira sutera ura botatzen

Igande arratsaldeko lehen ordutan ekin diote sua itzaltzeko airetik ura botatzeari. Bizkaiako suhiltzaileek sare sozialetan jakinarazi dutenez:

Herritarrak azalpenak eta ardurak eskatuz

Herritarrek sare sozialetan agertzen duten larritasuna gero eta handiagoa da, lau egunen ostean arduradun politikoek ez dutelako oraindik ez azalpenik ez erantzukizunik adierazi. Iñigo Urkulluri agertzeko eskatuz sinadura bilketa abiatu dute (hemen sartuta) eta etengabe gora doa sinatu dutenen kopurua. Hau da eskatzen diotena:

"Sinadura honen bidez lehenbailehen publikoki ager zaitezen eskatzen dizut zabortegiari buruzko informe larriaren ostean zergatik zegoen irekita argitzeko eta langileen eta erreskate lanetan aritu ziren pertsonen osasuna bermatzeko beharrezkoak ziren neurriak zergatik ez ziren hartu azaltzeko".

 

Bilbon, Sabin Etxearen aurrean kandela eta kartela jarri dute:

Argazkia: @enekovic.

Ermuan pankarta hau:

Argazkia: @gananzia.

 

 

 

<< <
1 2 3 4
> >>

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zaldibarko zabortegiaren krisia
Zaldibarko zabortegiaren hondamendia gogoratu dute laugarren urteurrenean

Zaldibar Argitu plataformak ekitaldia egin du igandean. Ez dago berririk “euskal oasian”, adierazi dute, “Eusko Jaurlaritzak dena ondo egin zuela errepikatu zuen”.


Zaldibarko zabortegira hondakinak baimenik gabe isurtzeagatik Lapurdiko bi enpresa zigortu dituzte

Baionako Auzitegiak ezarri duenez, Basusarrin dagoen Etcheverry-Mindurri enpresak 150.000 euroko isuna ordaindu beharko du, eta Donibane Lohizuneko CBA Artolak 100.000 eurokoa.


2023-10-03 | ARGIA
Zaldibarko zabortegiaren behin-behineko zigilatzea ere Jaurlaritzak ordainduko du

Enpresari eskatu dio lan horiek egiteko Arantxa Tapiaren sailak, baina Verter-ek ez du erantzun. Lanek “bospasei” urterako ziurtatuko dute zabortegiaren egonkortasuna, 750.000 euroko aurrekontuarekin.


Eguneraketa berriak daude