2020-02-10 16:46

Eguzkikook, Verter Recycling-en hondakindegia bertan behera erori zenetik hiru egun pasatu direnean, gertatu denari eta gertatzen ari denari buruzko iritzia eman nahi dugu.

Lehenik eta behin, ezinbestekoa da elkartasuna adieraztea desagertutako langileen bi familiei, are gehiago kontuan izanda erreskate-lanak bi aldiz bertan behera geratu direla eta aparteko informazio ofizialik ere ez dutela.

Otsailaren 7tik 8rako gauean hondakindegiak sua hartu zuen, otsaialren 9ko gauean oraindik itzal ez dena.

Bestalde, eufemismoetatik ihes egiteko eta gauzak diren bezala esateko beharraz ohartarazi nahi dugu. Izan ere, gertatu dena ez da ustekabeko istripu bat izan, kudeaketa txarraren ondorio bat baizik. Ez dugu inor zuenean akusatu nahi, baina kudeaketa txarraren zantzuak hor daude, eta ez dirudi gauzak behar bezala eginez gero gertatu dena saihestezina zenik.

Eguzkik orain arte (komunikabideren batek berariaz galdetu ezean) ez du gertatu denaz iritzirik eman nahi izan. Batetik, aparteko informaziorik ez genuelako, eta, bestetik, beste pertsona eta talde batzuk oso ondo esaten ari zirelako guk esan genitzakeen gauza berberak. Ez genuen korrika eta presaka ibili nahi. Baina hiru egun pasatuta, eta jaso dugun eta beharbada batez ere jaso ez dugun informazioa kontuan izanda, gertatutakoari buruzko salaketa publikoa egin behar da, argi eta garbi.

Informaziorik eza eta informaziorik ezaren ondorioak

Erori zenetik gertatutako gertaera guztiak halako itxura ilun batek inguratuta daude, eta horrek ondorioak izan ditu, bai egoeraren kudeaketan, baita informazioarenean ere.

Hondakinak zabortegiaren goiko aldetik 160 bat metro egin zuten behera

Hondakinak zabortegiaren goiko aldetik 160 bat metro egin zuten behera, A8a bi norabidetan  itxiz, hala nola Eemuko baraiantea ere.

Administrazioek gertakariari buruzko informazio guztia kontrolatzeko duten interesak informaziorik eza edo desinformazio barkaezina eta eskandalagarria eragin du, eta horrek ondorio larriak eragin ditu (lehen aipatutako familien egoeraz gain).

Erakunde publikoek informazio guztia errotik kontrolatu nahi izan dute. Horrek  desinformazio barkaezina eta eskandalagarria ere eragin du, ondorio larriekin, gainera. Lehenik eta behin, familiengan, noski, lehen aipatu bezala, baina baita hainbat alorretan ere:

• Erreskateko taldeak eta lanean hasi ziren bertan amiantoa zegola jakin gabe, eta, ondorioz, segurtasun- eta babes-neurri egokirik gabe.

• Amiantoaren berri langile batek eman omen zion OSALANeko teknikari bati, prentsaren informazioen arabera. Eta Eusko Jaurlaritzak edota Ingurumen Sailak noiz informatu behar zuten horretaz?

• Inguruko bizilagunak ez dira aparteko informaziorik jasotzen ari. Ez dakite luizi gehiago egoteko aukerarik dagoen eta batez ere ez dute kutsadura-arriskuen eta, ondorioz, osasun-arriskuen berririk. Eta horretaz informatzea eta fundamentuz, gainera, Eusko Jaurlaritzaren lana da. Hori da bere betebeharra.

• Hondakindegiaren goiko aldean piztu den suarekin gauza bera gertatzen da. Informazio garbirik ezak zalantzak sortzen ditu toxikotasunari edo arriskuari buruz. Teorian, bizigabetutako hondakinen zabortegia da. Orduan, zergatik sua? Hondakin toxiko eta arriskutsuak erretzen ari dira?

Laburbilduz, Eusko Jaurlaritza informatzera behartuta dago. Unean-unean eta behar bezala egoeraren berri eman beharko lieke desagertutako langileen senideei, Eitzagako bizilagunei, hondakindegitik gertu bizi diren 50.000 bizilagunei eta, oro har, herritar guztiei.

Zabortegiak: kudeaketa iluna eta oso kontrol gutxikoa

Zabortegien kudeaketa, egun beharrezko den jarduera bat izan arren ez da batere argia.

Veter Recycling-en historian arakatu bezain laster, kudeaketa eskasaren isla diren epai eta egoerak hasi dira agerian geratzen.

• EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren 2015eko epaiaren arabera, ikertzen eta epaitzen ari ziren enpresa batek adierazi zuen PCBak (hondakin toxiko eta arriskutsuak) Zaldibarko zabortegira eraman zituela.

• Eusko Jaurlaritzak zergatik ez zuen epai haren haritik tira egin, enpresa ikertu eta, hala bazegokion, zigortu?

• Ingurumen Sailak jakinarazi zuenez, ikuskapen baten ondoren, enpresari hutsegite larriengatiko errekerimenduak egin zizkion. Enpresak erantzun gisa eginiko txostenean agerian geratzen da egonkortasuna zalantzazkoa zela.

• Eusko Jaurlaritzaren txostenari dagokionez, esan behar da Ekologistak Martxan taldeak ikuskapenaren berri eman izan ez balu, seguruena oraindik ez genukeela horren berri izango.

• Orain amorruz entzuten dugu zabortegiari isuna jarriko diola baimendu gabeko hondakinengatik. Eta egonkortasuna, oraindik ez al da zalantzan jartzen?

• Baina Eusko Jaurlaritzak ez du bere txostena aurkeztu. Ez du ezer esaten isuritako materialen analisiaz, isuritako baimendu gabeko produktuen kopuruaren berri duen edo ez, zergatik zen zabortegia betetzeko erritmoa hain handia (planean ezarritakoaren bikoitza).

• Sutearen jatorriari buruzko azalpenik ere ez du ematen. Bizigabeak baino ez diren zabortegiek ez lukete su hartu behar. Beraz, ba al dago hondakin toxiko eta arriskutsu gisa kalifikatutako produktu gehiago? Zeintzuk? Zein kopurutan? Osasunerako arriskurik ekar dezakete?

• Ez du argitu nola kudeatuko dituen aterako diren hondakinak, amiantoa barne. Amianto guztia Zaldibartik eraman behar bada, 12.000 tona baino gehiago izango omen dira.

• Hondakinak eta lurra harrobi zahar batera eraman dira. Eta horien artean hondakin toxiko eta arriskutsuak ote dauden, nolakoak eta zer kopurutan ez badakigu, irtenbide egokia da?

Esperientziak erakusten digu Zaldibarkoa ez dela kasu isolatu bat. Zabortegietan ziur aski egingo dira ezarritako gutxieneko kontrolak, baina zalantza handiak ditugu nahikoak izango ote diren, eta, beraz, bada garaia gardentasuna eskatzeko, kudeaketa ona, datuak, planak, txostenak, kontratuak eta proiektuak argitaratzeko, haien egoera eta kudeaketa betetzeko, informazio publikoa eta gardentasuna bermatzeko, gizarte-kontrol publikoa lortzeko, eta interes orokorra defendatzeko, helburu gisa. Horrela, pertsonen, osasunaren edo ingurumenaren gaineko arriskuen aurrean zuhurtasun- eta prebentzio-neurriak hartu ahal izango dira.

Ingurumenarekin lotutako informazio eta kudeaketa publiko gardenak interes orokorra eta pertsonak lehenetsi behar ditu. Kasu honetan, aitortu egin behar da gardentasun-faltak eta kudeaketa txarrak ondorio dramatikoak ekarri dituela. Eta horretan izan daitezkeen erantzukizunak argitu eta eskatu ere egin beharko dira.

Horregatik guztiagatik, Eguzkiren ustez:

• Hondakinen politika osoa berrikusi behar da. Antzeko egoerak saihesteko, ezinbestekoak dira kudeaketa ona eta gardentasuna. Zalbidarko kasuan, erantzukizunak argitu eta eskatu beharrekoari eskatu beharko zaizkio.

• Hondakinen kudeaketa ezin da huts-hutsean esku pribatuetan egon. Europako jarraibideen arabera, hondakinak ahal den gehien murriztu egin behar dira eta, gero, kudeaketak zuzendaritza publikopean egin behar da. Plan eta proiektu guztiak berrikusteko garaia da.

• Hondakinen alorra, ingurumenarekin eta osasun publikoarekin zerikusia duten beste alor batzuk bezala, ezin da ikuspegi ekonomiko huts-hutsetik kudeatu.

• Eguzkiren ustez, familiei eta biztanleei informazio egoki guztia helarazteaz gain, ordezkari publikoek onartu behar dute zabortegi hori ez dagoela kontrolpean. Hondakinen plan, kontratu eta proiektu guztien informazio publikorako gune bat ezarri behar da, bai eta hondakinen kontrolerako eta segurtasunerako neurriak ere, sortzen diren hondakinen kudeaketa segurura itzultzeko.

 

Eguzki, 2020 otsailaren 9an.

La entrada Zaldibarko hondakindegia: desolazioa eta ilunkeria aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/