JARRAIPENA | Ehun egun beteko dira larunbatean Zaldibarko luiziak Joaquin eta Alberto lurperatu zituela

Zuzeneko jarraipena
  • Ostegun arratsaldean amildu ziren Zaldibarko zabortegiaren lurrak eta AP-8 autopistaraino heldu zen milioi erdi tona baino gehiagoko hondakin masa. Bi behargin desagertuta daude ordutik, eta hauen bila joandako larrialdi zerbitzuek, gauerdia pasatxo, ohiko hondakin ez arriskutsuez gain, amiantoa aurkitu ostean, bilaketa lanak 14 orduz izan dituzte gelridirik.


2020ko otsailaren 20an - 14:58
Gakoak
Protesta deitu dute bihar Legebiltzarraren aurrean

Bihar, otsailak 18, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Ingurumen sailburu Iñaki Arriolak Zaldibarko zabortegiaren inguruko gertakizunen berri emateko agerraldia egingo dute Legebiltzarrean. "Zaldibar Argitu: langileak, osasuna, erantzukizuna" aldarrikapena bertara eramateko dei egin dute, eta 10:00ean Legebiltzar aurrean elkarretaratzea eginez.

Zaldibarko zabortegiaren proiektua egin zuen Geyser HPC enpresak Euskal Herriko hondakinetan egin dituen lanak

- Ingurumen sailarentzat "Goiaingo industrialeko lurzoruaren kalitateari buruzko ikerketa" (2007). Ustez kutsatutako tokietan eraikitako industria-aldeen lurzoruen kalitatea ikertzea (2007). zabortegi publiko ez aktiboen ingurumen-eragina zaintzeko eta segimendua egitea (2010). Zabortegi publiko ez-aktiboen ingurumen-eragina zaintzeko eta segimendua egitea (2013).

- Donostialdeko San Marko zabortegiaren ingurumeneko baimen bateratua eskatzeko proietua (2011). Zabortegiko I. fasea ixteko eta berreskuratzeko proiektuaren zuzendaritza fakultatiboa (2004an). Zabortegiaren II. Fasea itxi eta berreskuratzeko xehetasun-proiektua idaztearen kontratua (2009).  Aizmendiko zabortegian hondakin ez-arriskutsuetarako gelaxkaren I. faseari dagozkion obren zuzendaritza (2015).

- Beasaingo Sasieta zabortegia direktibaren esijentzietara egokitzeari buruzko ikerketa (2000). Sasieta zabortegiko 1 faseko berreskuratze eta itxiera proiektuko obra zuzendaritza (eta beste hainbat lan) (2008). Zabortegiaren mugak handitzeko proiektua idaztea (2008). Zabortegia berreskuratu eta ixteko 2a faseko proiektua (2016).

- Bergarako Epele: zabortegiaren egokitzapenari buruzko azterlana, hondakinak za¬bortegian utziz hondakinen ezabatzea arautzen duen Errege Dekretuaren eskakizunei jarraituz (2003).

- Bilbo, Artigas: gordailua zigilatzeko eraikuntza-proiektua idazteko laguntza teknikoa (2003an).

- Bermeoko erraustegiaren lehengo hondakindegia aztertzeko ikerketa (2006).

- Barakaldo: Bakea-Tellaetxe aldean lurzoruaren kalitatearen ikerketa eta ingurumeneko jarduketen azterlanak (2012)

- Urduña: zabortegia berreskuratzeko eta zigilatzeko proiektua eta Los Milanos kokalekua kontrolatzeko lanak egitea (2014).

- Igorre: hiri hondakinen deposituan ingurumen berreskurapena egiteko lanen aholkularitza eta zuzendaritza teknikoa. III Fasea: behin betiko ixtea. (2017)

- Galdakao: kutsatuta egoteko arriskua duten lurzoruetan jardutea: Tiro Zelaia eta Basabera bidea (2017)

- Bizkaiako Ur Partzuergoak kontratatu zuen 2018an Ibarra auzoan lurraren erresistentzia termikoa neurtzeko.

Geyser HPC enpresak erabat aldatu omen zuen Zaldibarko zabortegiaren proiektua

Zabor-jauziari buruzko ardura-banaketen fase honetan, proiektuaren egiletzan izan da azken eskandalua: Mondragon taldeko LKS-k 2004an egin zuen lehenbiziko proiektua eta Eusko Jaurlaritzak 2007an honi eman zion Ingurumen Baimen Bateratua (IBB). Baina proiektu hura ez omen da zabortegiaren jabe den Verter Recycling enpresak 2011n gauzatu zuena: 2007an bertan, IBB eskuratu berri zuen proiektua Geyser HPC ingeniaritza etxeari eman omen zion Verterrek, eta erabat eraldatu omen zen, Vocento taldeak argitaratu duenaren arabera. Geyser, bai, segur aski zure herriko hondakin kontuetan kontratatu izan dutena.

Artikulu honetan dokumentuetara loturak, eta Geyserrek Euskal Herriko hainbat zabortegitan egin izan dituen lanen zerrenda zehatza. Oharra: 2007-2011 bitartean, beraz, Zaldibarko proiektua eraberritu eta eraikuntza lanak egiten aritu ziren bitartean, Ingurumen sailak gutxienez lau kontratu egin zizkion Geyserri.

Eibar, Ermua eta Zaldibarko eskola-umeak gaur patiorik gabe egongo dira

Oraindik ez dagoen arren argi zenbat ikastetxetan –ala denetan– hartu duten neurria, ziurra dena da Debabarreneko zenbait eskolatan ume eta gaztetxoek aterpean egin beharko dituztela bai atsedenaldiak eta baita gorputz heziketako saioak ere, dioxina eta furanoen ez-ohiko neurketak direla eta Eusko Jaurlaritzak agindutako gomendioei jarraituz.

 

GuraSOSek salatu du Zaldibarko krisiaren mahai teknikoan erraustegien lobbyaren bi ordezkari daudela

Honela dio GuraSOSen salaketa publikoak. "Zaldibarko krisiaren mahaiko bi kidek, Osasun Saileko zuzendaria eta osasun teknikoak, gezurra esan ziotela iritzi publikoari dioxinen kontrolaren gaian Gipuzkoako Batzar Nagusietan 2016an agertu zirenean". Juan Jose Aurrekoetxea da lehena, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailean Osasun Publiko eta Menpekotasunen Zuzendari dena. Bigarrena, berriz, Jesus Ibarluzea da, Biodonostiako ikerketa burua eta lehenak eraman duena Zaldibarko krisiaren mahaira.

Jesus Ibarluzea egunotan azaldu da Euskal Telebistan Debabarrenako herritarrei hango airean aurkitutako dioxina eta furanoez lasaitasuna gomendatzeko lanean, ARGIAk dagoenekoz publikatua duenez.

Juan Jose Aurrekoetxeari dagokionez, GuraSOSek salatu du orain Eusko Jaurlaritzan Osasun Publikoko zuzendaria denak lotura daukala Zabalgarbi erraustegiarekin: Biodonostiatik Aurrekoetxea eta Ibarluzeak sustatzen duten Zabalgarbiren kutsagarrien epe luzerako ikerketa proiektua besteren artean Zabalgarbik ere finantziatzen du.

Miren Larrion EHBilduko buruak ohartarazi du Zaldibarko dioxinen arriskuez

Miren Larrion ezaguna da EHBilduren Gasteizko alkategaia izan den aldetik, baina horretaz gain ingeniari industriala ere bada. Igandean Twitterrez esku hartu du Zaldibarko zabortegia zabaltzen ari den dioxina eta furanoen inguruko eztabaidan. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako agintariek ordutik ordura aldatu dute Zaldibar, Ermua, Eibar (eta aipatu ez arren Elgeta) herrietako jendea zabortegiko suteagatik nozitzen ari den kutsaduraren inguruko informazioa: Josu Erkoreka sailburuak aireak arazorik ez zeukala esan eta ordu batzuetara Jaurlaritzak ohartarazi zituen jendeak furano eta dioxinetatik babestera, Eibar-Real Sociedad partida zintzilik uzteraino... eta handik beste ordu batzuetara Jaurlaritzako beste kargudun batzuk azaldu ziren alarma handiegia piztu zutela eta posizioa berriro aldatzera. Azkenean herritarrek ez dakite zeri heldu... ez bada hipotesirik txarrenari, bazpare.

Miren Larrionek dioxina eta furanoen aurrean herritarrek eta agintariek jarraitu beharreko irizpideak laburbildu eta zabaldu ditu sare sozialetatik eta duda barik Debabarreneko herritarrek eskertuko diote:

 

 

Lortuko al dute astelehen honetan Zaldibarko sua osorik amatatzea?

EITB-k igandean zabaldu zuenez, Iñaki Arriola Ingurumen sailburuak adierazi zuen astelehenerako espero zutela Zaldibarko zabortegiko sutea osorik itzaltzea. Ez da hain ziur azaldu Gara-k elkarrizketatu duen Virginia Ormaetxea geologoak, EAEko geologoen elkarteko bozeramailea: "Ez baitzuten ongi neurtzen metanoa, ez dakite zenbat daukan zabortegiak". Astearte goizean jakingo da aurreikuspenak bete eta sutea itzali ahal izan duten zabortegia gainbehera etorri eta 12. egunerako.

 

Eibar eta Ermua lotzen dituen biribilgunean kateatu dira hainbat gazte trafikoa etenaz

Astelehen goizeak hainbat pertsonak BI-3344 errepidean trafikoa eten dute, autopistaren Eibar-Ermua irteera aurrean dagoen biribilgunean beren buruak kateatuz. Errepidea itxiz "Prekarietatea hiltzailea. Zaldibar argituz, herria defendatu" dioen pankarta bat zabaldu dute gazteek. EITBren arabera, Ertzaintzak hainbat lagun identifikatu ditu.

 

Zabortegiko enpresak argudiatu du Ermuko saisbide berriak eragin duela luizia

Hala zabaldu du gaur Correo egunkariak. Gara-n gaur aukera hori aipatu du EAEko Geologoen Elkargoko bozeramaile da Virginia Ormaetxea geologoak ere: "Ez dago argi luizia zabortegiak ala autobideak eragin duen".

 

Biodonostiako Ibarluzeak dio Zaldibarko dioxina mailek arrisku txikia daukatela jendearentzako

EITBk informatu duenez, Jesus Ibarluzea Biodonostiako arduradun zientifikoak esan du Zaldibarko zabortegiaren inguruan dioxinak behar baino maila altuagoan egon arren herritarrek ez daukatela arrisku berezirik: "Kutsadura maila altua izan arren, arrisku maila oso txikia da". Baina nor da hori esan duen Ibarluzea?

EITBk hitza eman dio Jesus Ibarluzeari eta aurkezpenean esan du Ibarluzea "osasun publikoan aditua" dela, zehaztapen gehiago gabe. Baina Ibarluzea hori baino zerbait gehiago da: Biodonostia enpresa parapublikoko arduradun zientifikoa da eta hondakinak erraustearen aldeko ahots ezaguna. Zubietako erraustegiaren inguruan Gipuzkoako Batzar Nagusietan izan diren eztabaidetako batean hartua da gaur Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailean Osasun Publikoko zuzendari den Juan Jose Aurrekoetxearekin batera, eta bertan honakoa esan zuen, bere garaian Noticias de Gipuzkoa-k bildu eta ARGIAk zabaldu zuenez: erraustegiak dioxina, partikula eta bestelako kutsagarrien kontrolak edukiko zituela jarraian eta gertatuko balitz baimendutako kutsadura maila gainditzea handik ordu erdira erraustegia gelditu ahal izango zela. Hau, noski, ez da egia hain zuzen ere ezinezkoa delako: gaur egun ez dago dioxinen kontrol jarraia egiteko modurik, eta horixe da hain zuzen egunotan Zaldibarren demostratu den beste gauzetako bat: Eusko Jaurlaritzak berak bost egun behar izan ditu horko airean hartutako laginen emaitzak Espainiako laborategirik azkarrenetik eskuratzeko.

Milaka pertsonak azaldu dute beren haserrea eta eskatu: "Zaldibar argitu!"

Milaka pertsonak hartu dute parte 'Zaldibar argitu orain' lelopean antolatutako manifestazioan, arduradun politikoei eskatzeko argitu dezatela zer gertatzen ari den Eitzaga auzoan gainbehera amildutako zabortegian eta elkartasuna adierazteko oraindik lurpean harrapatuta jarraitzen duten bi langileei eta beren familiei.

Hiru zutabetan abiatu dira protestalariak, 16:30ean Elgetatik eta 17:00etan Ermua eta Eibartik. 18:00ak aldera bat egin dute guztiek Ermuan, Sallobente auzoan, handik Zaldibarko Eitzagara joateko, Verter Recycling 2002 enpresak hondakindegia duen tokiraino. Hemen, desagertuta jarraitzen duten langileak izan dituzte gogoa; senideek ere hartu dute hitza bertan. Aldarrikapen, salaketa eta protesta oihuak ozen entzun dira ibilaldi osoan eta baita Jaurlaritzako agintarien dimisio eskaerak ere.

 

Igandeko Eibar-Reala partidua bertan behera geratuko da kutsaduragatik

Baieztapen ofiziala larunbatean egingo den arren, Diario Vasco egunkariak aurreratu duenez Eibarrek eta Realak adostu dute igandean Ipuruan jokatzekoa zen euskal derbia bertan behera uztea Zaldibarko zabortegi inkontrolatuaren kutsadurak eraginda. Bi klubek hala adostu dutela dio Vocento taldeko egunkariak eta erabakia etorri dela Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak inguruko herrietako bizilagunei leihoak ixteko eta kalean kirolik ez egiteko emandako aholkuen ondoren.

Dioxina maila altuagatik, zabortegiaren inguruko herrietan leihoak ixtea eta kirolik ez egitea gomendatu du Jaurlaritzak

Plastikoak erretzean sortzen diren dioxinen kopuru kezkagarria detektatu du jarduneko Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Zaldibarko zabortegiaren inguruetan. Hori dela-eta, joan den astean amildu zen kontrolik gabeko hondakindegiaren inguruetan bizi diren herritarrei hainbat aholku egin dizkie, leihoak ixtea eta kalean kirolik ez egitea, besteak beste.

Baldintza normaletan airean egoten diren dioxinak baino 40 edo 50 aldiz gehiago dago une honetan Zaldibarko zabortegiaren inguruan.

Jaurlaritzak dio bere ikuskaritzak aurkitutako arau-urraketak ez daudela Zaldibarko hondamendiaren sustraian

Josu Erkoreka sailburuak gaur Onda Cero irratian esan du Zaldibarko zabortegia kudeatzen zuen Verter Recyclingi 2019an aurkitutako lege-urraketak arinak zirela eta horietako bakar bat ere ez dagoela duela aste bete bertan gertatutako luiziaren oinarrian. Alegia, inon inork ez ziola Jaurlaritzari aipatu luizi arriskurik ordura arte. Horrez gain, enpresa istripuaz geroztik Jaurlaritzarekin elkarlanean aritzeko eskuzabal agertu omen da.

 

Zabortegiaren inguruko baserrietako produktuak kontsumitzea debekatu dute, azaldu gabe zehazki nongoak

Zaldibarko hondamendiaren jarraipen batzordeak gaur egin duen lehenbiziko bilera teknikoaren zenbait xehetasun zabaldu dituzte hedabideetan. Horien artean, istripua gertatu den inguruko baserrietako produktuak kontsumitzea debekatuta omen dagoela. Ala baina, ez du inork argitu zehazki zein eremutan aplikatzen den debekua.

EITBk honela eman du albistea: "Nekazaritza Sailburuordetzaren eskutik baserrien gunean jada martxan dagoen elikadura kontrola ezartzeaz gain, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Neikerrek, Haskik eta Elikak osatutako batzorde teknikoa eratu dute. Dagoeneko, bisitak egin dira kaltetutako eremuetara, eta 13 lagin hartu dira lurzorutik, larreetatik, baratzeko laboreetatik eta fruta-arboletatik, Neikerren laborategiak azter ditzan. Bitartean, eta prebentzio-neurri gisa, debekatuta dago produktu horiek kontsumitzea eta merkaturatzea".

Osasun arriskuez gain, bistakoa da produktu horiek ekoizten dituzten baserritarrek sekulako kaltea jasan dezaketela albistea zabaltze hutsarekin eta erantzukizunak eskatuko dituztela.

Zaldibarko krisirako lan-taldeak gaur egin du lehen bilkura

Hedabideetara zabaldu duten informazioaren arabera, asteburuan hasi nahi dituzte zabortegi hondoratuaren maldak egonkortzeko lank. EITB-k esan duenez, haize eta ur kalitatearen informazioa herritarrei errazago helarazteko neurriak adostu dituzte eta kaltetutako hurbileneko hiru herritan Eusko Jaurlaritzako teknikariek hitzaldiak emango dituze afera azaltzeko. Informazioen arabera, Elgetan ere hori egiterik ez dute aurreikusi.

Zabortegitik hurbilen dauden Elgetako baserritarrak: "Lurra berriz erortzeko arriskua dago"

Goiena-ko Larraitz Zeberio Lekuonak elkarrizketatu ditu Zaldibarko zabor-menditik oso hurbil dauden Egoarbitza eta Egotxeaga baserrietako biztanleak. Dokumentu bikaina eta leitu beharrekoa. Alde batetik, erakusten du nola bizi duten drama sarriegi ahaztuta geratzen diren jendeek: hiritarren zaborrak (eta bestelako azpiegitura handiak) irentsi beste biderik ez duten baserritarrek. Eta bestetik, oso hurbileko lekukoak izateaz gain elkarrizketatuetako bat zabortegian bertan aritua delako lanean. Hondakin-mendia ondo ezagutzen duen herritar hau oso ezkor mintzo da luiziaren gunean ondoko egun eta asteetan gerta daitekeenaz.

 

Elgetako alkateak (EH Bildu) salatu du arazoa ondoan eduki arren ez dituztela kontutan hartzen

Imanol Magrok eman ditu Berria-n bazterketa honen zertzeladak. Funtsean, gero eta famatuagoa den zabortegia eremuz Zaldibarren lurretan egon arren, justu betelan horretako lurzoruan egiten dutela bat lau udalerrik: Zaldibar, Ermua, Eibar... eta Elgetak. Lauetan hau da bakarra alkatea ez EAJkoa eta ez PSEkoa dena. Iraitz Lazkano Elgetako alkateak (EHBildu) egunak daramatza sare sozialetan azaltzen bere kezkak eta arrangurak zabortegiaren elgetatarrei ez zaielako ematen ez oinarrizko ifnormaziorik eta ezta ere krisia kudeatzeko antolatu den mahian parte hartzeko biderik. Eta hori Elgetako Egoetxeaga auzoa eta Egoarbitza baserria zabortegik oso hurbil daudela.

 

Zabortegi ondoko baserriko bizilagunak, maskara jantzita hitz egiten Euskadi Irratiari

Euskadi Irratiko Faktoria saioan gaurkoan elkarrizketatu dituzte Eitzagako zabortegi ondoan dagoen Garaiaurre baserriko Edurne eta Jose Antonio, egunero joaten direnak etxaldeko aziendak bazkatzera; ondoren joan egin behar dute, agintariek hal aginduta. Maskara jantzita aurkitu dituzte langileek:

 

Mutiloako zabortegia itxiko duela iragarri du CESPAk, sorpresaz

 

Noticias de Gipuzkoa egunkariaren arabera, Mutiloan dagoen Lurpe zabortegia martxoaren 1ean itxiko du CESPAk. Erabakiak "sorpresan" harrapatu ditu enpresak, eta Mutiloako udalak ere horren berri ez dauka, Goierriko Hitzaren arabera.

Mutiloan urtero 200.000 tona hondakin "inerte" pilatzen zituzten –2019 arte etxeko hondakinak ere bai–. Itxiera aurreikusita zegoen arren, jadanik bere gaitasunaren mugara iristen ari zelako, erabakia bapatekoa izan dela dio Noticias de Gipuzkoak: "Albisteak sorpresan harrapatu ditu bezeroak (publiko zein pribatuak) eta baita plantako langileak ere". Dirudienez, zabortegiaren "segurtasuna bermatzeko" hartu dute erabaki hori eta zigilatze lanekin hasiko dira aurki.

Hain justu, egunotan Eusko Jaurlaritzak laguntza eskatu die EAEko zabortegiei, Zaldibarko gertaeraren ondorioz hara egunero joaten ziren 1.400 tona hondakin inerte nora eraman ez baitakite. Lurpek bazuen baimena, besteak beste amiantoa jasotzeko. Mutiloako zabortegira urtero eramaten ziren 200.000 tona horiei ere aterabidea eman beharko diete orain.

Mutiloako Lurpe zabortegia ezagun egin zen bertara Zubietako erraustegiaren eskoriak eramateko aukera zabaldu zenean. ARGIAn, CESPAko jabeek horretarako zituzten interesak argitaratu genituen.

 

Zaldibarko EAJko alkateak Bilduk hauteskundeak irabazi baino bi aste lehenago sinatu zuen zabortegia irekitzeko lizentzia
Ezkerretik hasita, Idoia Mendiolagarai alkatea (zendua), Igor Barrenetxea-Arando (alkate ohia), Alberto Arantzibia (jatorriz eitzagarra eta zinegotzia 2019ra arte) eta Nerea Garitagoitia. Denak EAJkoak.

EAJko Zaldibarko alkate Idoia Mendiolagaraik 2011ko maiatzaren 6an sinatu zion Verter Recycling 2002 enpresari aktibitate lizentzia, Bilduk herrian hauteskundeak irabazi baino 16 egun lehenago. Garai hartan ezker abertzalea legez kanporatuta eta udaletik kanpo zegoen.

2011ko maiatzaren 6an, ostirala, Zaldibarko Udal Gobernu Batzordean bildu ziren EAJko Idoia Mendiolagarai alkatea, Nerea Garitagoitia (EAJ) eta Benito Paco (GI). Batzordeko kide zen Angel Martin (PSOE) ez zen bileran egon egun hartan. Aipatutako arduradun politiko hauek aho batez onartu zuten Eitzagan hondakin ez-arriskutsuen jarduera irekitzeko lizentzia ematea, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzak "ezarritako baldintza eta neurri zuzentzaileekin”.

Lizentzia hau eskuratuta, Verter Recyclingek zabortegia ireki zuen eta lanean hasi zen.

Handik bi astera, 2011ko maiatzaren 22an egindako hauteskundeetan, EAJk alkatetza galdu zuen. Bilduk gehiengoa lortu zuen Zaldibarren 780 botorekin. EAJk 324 boto lortu zituen, PSEk 252 eta PPk 124. Alkatetza koalizio abertzaleko Arantza Baigorrik hartu zuen.

EAJk ez zuen Urkulluk azalpenak ematea nahi, PSEren jarrerak behartu du

ARGIAk legebiltzarreko iturrietatik jakin duenez, tentsioa sortu da gaur goizean gobernu bazkide diren PSE eta EAJren artean Gasteizko Legebiltzarrean. Iturri horien arabera, EAJren asmoa zen Diputazio Iraunkorreko Mahaian Urkulluren agerraldiaren aurkako bozka ematea. PSEk berdina egitea espero zuten jeltzaleek. Gobernuko bazkideek bozketa irabaziko lukete horrela, eta Urkulluk ez luke azalpenik emango.

Baina antza PSEk Urkulluren agerraldiaren aldeko bozka emango zuela jakinarazi dio EAJri, eta irmo mantendu da horretan. Haserrea handia piztu du horrek EAJko zenbait ordezkariren artean. Beti ere iturrien horien arabera, orduan erabaki dute jeltzaleek Diputazio Iraunkorreko Mahaian lehendakariaren agerraldiaren alde bozkatzea. Egin ezean bakarrik geratuko litzateke EAJ ezezkoan, bozketa galduko luke eta berdin-berdin eman beharko lituzke azalpenak Urkullu lehendakariak.

PSEk bere aldetik, Urkulluren agerraldiarekin bere burua babesten du neurri batean. Erantzukizun politikoaren foku nagusia Ingurumen Sailean jarri du Eusko Jaurlaritzak orain arte, PSEren eskuetan dagoena. Egunotan auzitan jarri da oro har sailak krisiaren aurretik eta ondoren egin duen lana, baina baita Ingurumen Sailburu Iñaki Arriolarena eta sailburuorde Elena Morenorena ere.

Mikel Otero (EH Bildu): “Urkulluk azalpenak ematea berri ona da, baina berandu dator”

EH Bilduk prentsaurrekoa eman du, Iñigo Urkullu lehendakariak Legebiltzarrean azalpenak emango dituela jakin eta jarraian. EH Bildu bera izan zen horretarako eskaria sartu zuena Diputazio Iraunkorrean.

Mikel Oterok hartu du hitza alderdiaren izenean. Urkulluk azalpenak ematea “berri ona” dela adierazi du, baina “berandu” datorrela: “Herritarren eta oposizioaren presioagatik hartu du erabakia, baina bere borondate propioz eman beharko lituzke azalpenak”. Zaldibarko zabortegiko gertaeren inguruan “gardentasuna” ezinbestekoa dela adierazi du Oterok, eta informazioa “ezkutatzen” aritzea leporatu dio Eusko Jaurlaritzari. Asteartean Urkulluk orain arte ukatutako informazioa ematea eskatu du.

Gertatukoaren erantzule nagusiak bi dira, EH Bilduko legebiltzarkidearen esanetan: “Gauzak gaizki egin dituen enpresa bat, eta bere kontrol lana ongi bete ez duen gobernu bat”.

“Osakidetzako modus operandia”

Zaldibarko zabortegian Osakidetzako ustelkeria kasuetako modus operandi berdina garatzea leporatu dio Oterok Eusko Jaurlaritzari: gertaeren garrantzia ahal beste gutxietsi lehenik, soilik beste aukerarik ez izatean emanez azalpenak. Krisia itxita egotetik urrun ikusten du EH Bilduk. Bi langileen gorpuak desagertuta jarraitzen dutela, ingurumen arazoak daudela eta osasun arazoak “suertatu daitezkeela” azpimarratu du Oterok. “Ez dugu merezi krisiak horrela kudeatzen dituen gobernu bat”, ondorioztatu du.

Uraren kalitatea neurtzeko parametroak ez direla aski salatu du Ekologistak Martxan taldeak
Otsailaren 7an hiru puntutan hartu zituzten laginak, otsailaren 8an eta 9an puntu bakarrean, eta otsailaren 10etik aurrera bost puntutan. Planak aurreikusten du epe laburrean seigarren puntuan ere laginak hartzea.

Eusko Jaurlaritzaren Ura agentziak hemen jarri ditu ikusgai Zaldibarko zabortegian izandako luiziak sor ditzakeen arriskuei erantzuteko martxan jarri duen plana, eta otsailaren 12ko data daraman ur kalitatearen emaitzen txostena.

Bost ur puntu ez dira aski, eta bi egunez puntu bakarrean hartu dira frogak

Ekologistak Martxan taldeko kide Javi Vazquezek salatu du bost puntutan neurketak egitea ez dela aski, arriskuaren larritasun maila ikusita. Planean ikus daitekeenez, otsailaren 10ean hartu zituzten lehenengoz bost puntuetako laginak. Otsailaren 7an hiru ur puntutan hartu zituzten laginak. Eta otsailaren 8an eta 9an puntu bakarrari hartu zizkioten laginak.

Kutsatzaileak antzemateko laginketa sakona bi puntutan soilik eta bost egunean behin

"Uretan  a  priori  zabortegian  aurreikusi  gabeko konposatu  toxiko edo arriskutsurik detektatzen ez dela ziurtatzea" da kutsatzaileak antzemateko laginketa "sakona"ren helburua. Ordea, bost egunean behin egingo soilik egingo da froga hau, eta bi ur puntutan soilik bilduko dute lagina. Ekologistak Martxan taldeko kideak nabarmendu du herritarrak bost egunera jakingo duela edan duen uraren kalitatearen berri.

Maiztasun handiena duen frogak ere, maiztasun txikiegia

Planak gehien neurtuko duena, "eroankortasuna" da, Ekologistak Martxan taldeko kideak sinple azaldu du herritarrek ulertzeko: "Ura elektrizitate eroalea da, beraz, urak elektrizitate gutxi eroaten badu, esan nahi du hori oztopatzen duten elementuak daramatzala". Hamar minuturo egingo da eroankortasuna neurtzen duen froga, eta gainera puntu bakarrean. Ekologistak Martxaneko kideak salatu du hamar minuturo ez dela asko, egungo baliabideek aukera ematen dutela askoz maizago neurtzeko, eta puntu bakarrean neurketa egitea salatu du.

Eitzagako luizira bidalitako suhiltzaileei ez zieten esan ezta zabortegia zenik ere

Informazio oso larriak ezagutarazi dizkio Berria-ko kazetari Imanol Magrori Zaldibarko luizira bidalitako lehen suhiltzaile ekipoko kide batek. Larrialdietako langile publiko honek salatu duenez, erreskate lanetara bidalitako suhiltzaileoi ez zieten esan ezta arakatu behar zuten eremua zabortegia zenik ere. Horrelako larrialdi baterako beharrezkoa den material barik bidaliak, suhiltzaileok lekuan bertan ohartu ziren hura ez zela ohiko luizi bat, zabortegi amildu batera eraman zituztela.

Hori aski ez eta bertan amiantoa zegoela, suhiltzaile batentzako gutxieneko informazioa behar lukeena, beren zazpi orduko lanaldia bukatu, etxeratu eta hurrengo goizean jakinarazi omen zitzaien. Hain zuzen ere, autopistan zirkulazioa berrezarri eta gero. Bitarte horretan, oinarrizko babes neurririk gabe arituak ziren bazterrak harrotzen zabor toxikoen hauts eta keak arnastuz.

 

Urkullu lehendakariak otsailaren 18an emango ditu azalpenak Eusko Legebiltzarrean

Gaur, otsailak 13, Eusko Legebiltzarrearen Maiaren bilkuran onartu da –EHBilduren eskariz– Jaurlaritzak Zaldibarren gertatzen ari denaz eman beharko dituela azalpenak. Horraino albistea bere hitzetan, ofizialki alegia:

Correo egunkaria urrunago doa, ordea, eta komeni da hari kaso egitea: heldu den asteartean  Legebiltzarrari Iñigo Urkulluk berak emango omen dizkio azalpenak:

Zaldibarko zabortegiaren afera luzean orain arte Correo-k aurreratu ditu Eusko Jaurlaritzak hartzen dituen erabaki nagusiak, agintariek beraiek ofizialki jakinarazi baino lehen.

Manifestazio bateratua larunbatean, "Zaldibar argitu orain!" lelopean

Larunbatean, hilak 15, zutabe bana aterako da Ermua, Eibar eta Elgetatik, Zaldibarren bat egiteko. Antolatzaileek maskaratxoekin joateko deia egin dute.

Zallan Joaquin langileari elkartasuna adierazteko 18:30ean oroigarriak uztera deitu dute

Otsailak 13, arratsaldean, astea beteko da Zaldibarreko zabortegian lur jauzia gertatu zela. "Zallako Joaquin Beltrán langilea beste lankide batekin bertan lurperatuta geratu zen. Horregatik, bere senide eta lagun guztiei herriaren elkartasuna adierazteko" gaur Zallan 18:30etatik aurrera Euskadi Enparantzan kandelak, argazkiak, marrazkiak eta antzeko oroigarriak uztera gonbidatu ditzute herritarrak, ARGIAk jaso duen mezuan irakur daitekeenez.

Zaldibarko hondakinak Gasteizko Gardelegi zabortegira eramatea aukera ona ote da?

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak EAEko zabortegietako kudeatzaileei laguntza eskatu die joan den ostegunean Zaldibarko luiziaren ondorioz sortutako "premiazko kudeaketari" erantzun ahal izateko, eta Gasteizko Udalak Gardelegi eskaini du hango hondakinak jaso ahal izateko. Arabako Alea-k laburbildu duenez, " Arriskutsuak ez diren hondakinak jasotzeko aukera dagoela nabarmendu dute Udaletik. Enpresa publiko eta pribatuetatik Verter Reciclyng enpresak ordura arte jasotzen zituen hondakinak eramateko prest agertu da Gardelegi –60 hektarea ditu zabortegiak–, betiere Gardelegik dituen baldintzak betetzen baditu". Azken esaldi horrek iradokitzen duenez, hondakin arriskutsuak ez direnak biltzeko aukera proposatu du Gasteizko Udalak.

Naiz hedabideak aditzera eraman du Gardelegikoa ez dela aukerarik onena, lehendik zabortegi honek legea urratu izan duelako luzaz, zehazki lindanoa isuriz Zadorra ibaira. Ekologistak Martxan elkarteak kritikatu egin du Arabako zabortegiaren hautua eta oroitarazi du Zadorra ibaia bera bezala Gasteizko araztegia lindanoz kutsatzeagatik zigortu izan dutela:

 

Jaurlaritzak beste zabortegien jabeei ohartarazi die Zaldibarko hondakinak hartzera behartu ditzakeela

Zaldibarreko zabortegiko hondakinak beste norabait mugitu behar direla eta, Ingurumen Sailak honakoa ebatzi du, Berria-k zabaldu duenez: «Instalazioei jakinarazten zaie ingurumen organo honek dagozkion presazko neurriak har ditzakeela, arrazoitutako ebazpenen bidez, azpiegitura horiek hondakin horiek jasotzeko, beharrekoa balitz». Aurretik, agintariek jakinarazi zuten Zaldibarkoak eraman nahi zituztela Mallabiako eta Zallako zabortegietara, baina azken herri honetan jendea protestan hasia zen.

Zaldibarko istripuaren mahai teknikoa lehenbizikoz bildu da, zazpigarren egunean

 

"Zaldibar argitu, erraustegia gelditu" lelopean, elkarretaratzeak hainbat herritan

Errausketaren Aurkako Mugimenduak deituta, asteazke iluntzean jende elkarretaratzeak egin dira zenbait herritan: Lasarte-Oria, Zubieta, Usurbil, Hernani, Donostia...

 

EAJ: "Batzokien kontrako kanpaina Aitor Elizaran ETAko buruzagi ohiak antolatu du"

Zaldibarko zabortegiaren desastrearen inguruko eztabaida beste maila batera eraman du gaur Eusko Alderdi Jeltzaleak: alderdiak Twiterren duen kontu ofizialetik Aitor Elizarani egotzi dio zenbait batzokiren ataritan zaborrak bota izanaren ideia eta sustatze lana, azpimarratuz Elizaran ETAko buruzagi ozana omen dena:

 

Urkullurekin bildu ostean lehen baino «are haserreago» daudela esan diote 'Berria'ri desagertuetako baten senideek

Zaldibarreko zabor mendiak harrapatuta geratu diren bi langileen senideak gaur hartu ditu bileran Iñigo Urkullu lehendakariak. Honekin zeuden Iñaki Arriola Ingurumen sailburua eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua ere. Desagertuetako baten senide batek Berria-ri adierazi dionez, batzarraren aurretik «lur jota, minduta eta haserre bazeuden», orain «are haserreago» daude, bileraren zertzeladez azalpen gehiago eman gabe. Senideok abokatu baten esku utzi dute auzia, eta honek, senideek jasotako babesaeta elkartasuna eskertzeaz gain, deklaratu du gorpuak agertu arte ez du adierazpenik egiteko asmorik. 

 

Elena Moreno sailburuordeak Ingurumen Saileko langileak mehatxatu ditu Zaldibarko zabortegiaren informaziorik eman ez dezaten

Ingurumen saileko eta URA Uraren Euskal Agentziako langileek Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordearen mehatxuzko posta elektronikoa jaso dutela salatu du ELA sindikatuak. Langileei egoeraren aurrean laguntza eskatzen die mezuak hasieran, sindikatuaren arabera. Mehatxuak ondoren datoz: “Administrazioko funtzionario bati dagokion diskrezioa, zuhurtzia eta konfidentzialtasuna” exijitzen die Morenok langileei, “adierazpen edo informazioren baten erantzule” egin ez ditzan sailak. Ohartarazpena zehatzagoa da aurrerago: “Sailburuordetzaren ohiko bideetatik kanpo argitaratzen den edozein informazio erantzukizun pertsonal gisa baloratuko da”.

“Isiltasunaren legea” vs informazio eskubidea

Mezuarekin Eusko Jaurlaritza “isiltasunaren legea” inposatu nahian ari da Zaldibarko zabortegiko gertaeren inguruan ELAren ustez, dituen “ardurak” ezkutatzeko helburuarekin. Sindikatuak ohar berean salatu du hilabeteak daramatzala Ingurumen Sailari EAEko jarduera kutsatzaileen inguruko informazioa eskatzen eta ez zaiola ematen, “nahiz eta izaera publikokoa izan eta hura eskuratzeko eskubidea izan".

Gobernuari bere “ardurak” onartu ditzala eta “jendartea desinformatzeari” utz diezaiola eskatu dio ELAk. Azpimarratu du, azkenik, langile publikoek “independentziaz, objektibotasunez eta inpartzialtasunez” aritu behar dutela, eta ez “unean-uneko arduradun politikoen erabakiaren mende”.

Bideoa | Urkullu Zaldibarko zabortegitik autoz atera den momentua

 

Eta seigarren egunean, Urkulluk zabortegia bisitatu zuen

Iñigo Urkullu EAEko jarduneko lehendakariak hauteskundeak aurreratuko dituela iragartzeko prentsaurrekoan adierazi zuen "Twitterren egiten diren kanpainengatik" behintzat ez zela Zaldibarko zabortegira joango. Gaiak eragin duen ezinegonak, ordea, iritzia aldatu dio Alonsotegiko politikariari: astearte goizean, Zaldibarko krisia lehertu zenetik sei egun igaro direnean, Urkulluk zabortegia bisitatu du Ainhoa Furundarena EITBko kazetariak Twitter bidez informatu duenez.

Kazetari berak informatu duenez, Herbehereetatik etorritako aditu bat ere izan da gaur Zaldibarren, zabortegia isurtzen ari den gasen inguruko lehen balorazioa egiteko.

Verter Recycling enpresari astebetean luizia konpontzeko plana aurkezteko eskatu dio Jaurlaritzak

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Politika eta Etxebizitza Sailak berriz ere adierazi dio Verter Recycling enpresari "7 eguneko epe luzaezinean" bidal dezala Zaldibarko zabortegian joan den astean izandako erorketa konpontzeko jarduketa-plan baten aurrerapena.

Ebazpen berean, Iñigo Urkulluren Gobernuak enpresari eskatu dio "instalazioko isurketa-ontziaren egonkortasunari buruz duen informazio historiko guztia" helarazteko, bai eta 2019ko Ingurumena Zaintzeko Planeko dokumentazioa ere, egoera arruntean martxoaren 31 baino lehen entregatu behar zuena. Jaurlaritzak gaiari buruzko beste edozein dokumentazio interesgarri ere bidaltzeko agindu dio enpresari.

Era berean, sortzen den informazio guztia biltzeko eskatzen dio, ondoren "eragindako kaltearen tamaina zehazteko". Lakuak enpresari ohartarazi dionez, "ingurumen legediak agindutakoa betetzen ez badu edo osorik betetzen ez badu, Ingurumen Administrazioak nahitaez betearazteko agindua emango du, eta hamabost egunean behin hertsatzeko isunak ezarriko zaizkio, agindutakoa betetzen dela ziurtatzeko".

Era berean, eskatu dio helarazi diezaiola eskura duen informazioa ingurumen-erantzukizuneko eta erantzukizun zibileko derrigorrezko asegurua sinatuta duen konpainiari, "hondakin ez-arriskutsuak isurtzearen ondoriozko kutsaduragatik".

Zallako Udalak eskatu du ez ditzatela herriko zabortegira eraman Zaldibarko amiantoak

Zallako Udalak eskatu du "segurtasunagatik" herriko zabortegia "aukera gisa baztertzeko" Zaldibarko hondakinak lekualdatzeko. Ohar baten bidez, desagertutako langilearen familiari babesa helarazi dio, eta zabortegian uztaila eta urria bitartean izandako suteak argitzeko eskatu du.

<< <
1 2 3 4
> >>

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zaldibarko zabortegiaren krisia
Zaldibarko zabortegiaren hondamendia gogoratu dute laugarren urteurrenean

Zaldibar Argitu plataformak ekitaldia egin du igandean. Ez dago berririk “euskal oasian”, adierazi dute, “Eusko Jaurlaritzak dena ondo egin zuela errepikatu zuen”.


Zaldibarko zabortegira hondakinak baimenik gabe isurtzeagatik Lapurdiko bi enpresa zigortu dituzte

Baionako Auzitegiak ezarri duenez, Basusarrin dagoen Etcheverry-Mindurri enpresak 150.000 euroko isuna ordaindu beharko du, eta Donibane Lohizuneko CBA Artolak 100.000 eurokoa.


2023-10-03 | ARGIA
Zaldibarko zabortegiaren behin-behineko zigilatzea ere Jaurlaritzak ordainduko du

Enpresari eskatu dio lan horiek egiteko Arantxa Tapiaren sailak, baina Verter-ek ez du erantzun. Lanek “bospasei” urterako ziurtatuko dute zabortegiaren egonkortasuna, 750.000 euroko aurrekontuarekin.


Eguneraketa berriak daude