Zaldibarko zabortegira hondakinak baimenik gabe isurtzeagatik Lapurdiko bi enpresa zigortu dituzte

  • Baionako Auzitegiak ezarri duenez, Basusarrin dagoen Etcheverry-Mindurri enpresak 150.000 euroko isuna ordaindu beharko du, eta Donibane Lohizuneko CBA Artolak 100.000 eurokoa.

Zaldibarko zabortegia. // Argazkia: Wikimedia Commons

2024ko urtarrilaren 19an - 09:50

Lapurdiko Etcheverry-Mindurri eta CBA Artola enpresak zigortu dituzte Zaldibarko zabortegira baimenik gabe hondakinak eramateagatik. Baionako Auzitegiak urtarrilaren 18an egindako ebazpenak isun handiak ezarri dizkie bi konpainiei. Etcheverry-Mindurrik Basusarrin du egoitza, eta CBA Artolak Donibane Lohizunen.

Etcheverry-Mindurri enpresak 150.000 euroko isuna ordaindu beharko du, eta horietatik 50.000 euro salbuetsi ahal izango ditu beste deliturik egiten ez badu. Halaber, 110.000 euro itzuli beharko ditu modu irregularrean lortutako irabaziengatik.

Bestalde, CBA Artola enpresari 100.000 euroko isuna ezarri dio auzitegiak, eta era berean 50.000 euro salbuesteko aukera izango du. Aldiz, legez kontra irabazitako 210.000 euro itzuli beharko ditu.

Ingurumenaren aldeko Elkarteen Taldeak (CADE) hasi zuen epaiketa bi enpresen aurka, eta iazko azaroaren 16an egin zuten epaiketa Baionako Auzitegian. Fiskalaren arabera, enpresek 22.000 tona hondakin eraman zituzten Zaldibarrera, dirua aurrezteko asmoz.

Bi enpresak erruduntzat jo dituzte zabortegira hondakin birziklagarriak botatzeagatik eta baimenik gabe “Frantziatik Espainiara” hondakinak eramateagatik. Jabeek ukatu egin dute beren ekintzak legez kanpokoak izatea, eta adierazi dute haiek pentsatzen zutela hondakinak balorizatzeko zirela.

Epaian ezarri denez, Etcheverry-Mindurrik 21.000 euro ordaindu beharko dizkio CADE elkarteari, kostu judizialengatik, eta agiri bat argitaratu beharko du egunkari batean. CBA Artolak epaiketaren kostuak ere ordaindu behar ditu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hondakinen kudeaketa Ipar Euskal Herrian
2023-05-26 | Euskal Irratiak
Lurxurietako hondakindegiaren geroak hautsak harrotu ditu Aiherran

Lurxurietako harrobi zaharreko hondarkindegiaren etorkizuna zalantzan da. Aiherra eta Donoztiri artean, Donapaleuko bidean da harrobia. Baziren hamar urte Durruty enpresak gunea baliatzen zuela hondarkin geldoen biltegi bezala, birziklatzen ez diren hondarkinendako, marbrea,... [+]


2021-02-10 | Euskal Irratiak
Uztaritzeko ingurumenaren aldeko elkarteak kezkaturik enpresa batek hondakinak metatzeko egin nahi duen gunearekin

Zer egin eraikuntzako hondakinekin? Uztaritzeko Toffolo enpresak baluke aterabidea. Arruntzan, ISDI edo eraikuntzako hondakinak metatzeko gune bat sortu nahi du, haren zaborrak biltegiratu eta birziklatzeko partez. Arruntzako Mentaberrikobordako bidean.


Iparraldea izan daiteke Zero Zabor pertsonako urtean 140 kilo erraustuz?

Munduan Zero Waste mugimenduan zabaldutako kontzeptuarekin zerikusirik ez du Frantziako Gobernuak sortu duen Zéro Dechet, Zéro Gaspillage sariak.


Iparraldeko 40.000 tona errefus erraustera bidaliko ditu Bil ta Garbik

Ipar Euskal Herriak 40.000 tona bidaliko ditu kanpora errauste plantetan edo porlan-fabriketan erre ditzaten. Bil ta Garbik Baionan daukan Canopia TMBtik ateratako errefusoi horrela emango die aterabidea.


Eguneraketa berriak daude