Errusiaren eta Ukrainaren arteko guda, geroz eta gordinago

Zuzeneko jarraipena
  • Ukrainako gerra egunetik egunera aldatzen doa. 2014an independentzia aldarrikatu baina linboan geratu ziren Donetsk eta Luhanskeko herri errepubliken independentziak onartu eta guda hasi zuen Errusiak. Mendebaldeak zigor ekonomikoen bidez erantzun du Ukraina ekialdeko errepubliken independentzia aitortzari.


2022ko martxoaren 01an - 12:19
Gakoak
Errusiako banku nagusiak Swift ordainketa sistematik kanpo

AEBetako, Kanadako eta Europar Batasuneko herrialde ugarik Errusiako banku nagusiak Swift sistematik kanpo utzi dituzte. Swift ordainketa sistema milaka bankuren eta bestelako finantza erakunderen arteko nazioarteko komunikazio sare bat da. Eguneko 24 orduetan funtzionatzen du eta banku batek beste bati dirua igorri edo eskatzeko baliatzen da.

Sputnik hedabide errusiarrak aipatu du AEBek zigorrak ezarri dizkietela Errusiako hamar finantza erakunde nagusiei, eta herrialdeko banku-aktiboen %80ari eragiten diola adierazi duela AEBetako administrazioaren bozeramaileak. Errubloa "gainbeheran" joango dela esan du.

Gutxienez bi leherketa handi Kieven

Ukrainako hiriburuan dauden kazetariek jakinarazi dute gutxienez bi leherketa handi entzun direla.

Sareratzen hasi dira irudiak.

 

Russia Todayren emisioa moztu dute Australian, Estonian, Letonian eta Polonian

Australia izan da azkena. Russia Today hedabidearen emisioa moztu dute, hemen irakur daitekeenez.

Aurretik egina zuten Estonia, Letonia eta Poloniak.

Sputnik hedabidearen aurkako antzeko neurriak iragarri ditu Moldaviako gobernuak, eta hedabideak zentsura salatu du.

Errusiako hedabideen aurkako ziber erasoak

Larunbatean hainbat izan dira erasoak jasan dituzten Errusiako hedabideak. Besteren artean, DDos erasoa pairatu du RIA Nóvosti albiste agentziak, Russia Today telebista katearen webguneak, Roscosmos webguneak eta Sputnik hedabidearen ingelesezko, txekierazko eta polonierazko webguneek.

Besteren artean, Anonymous-ek "ziber gerra" deitu du Errusiaren aurka, eta RTren aurkako erasoa bere gain hartu du.

Errusiako Defentsak salatu du Ukrainak AEBetako droneak erabili dituela ontzi errusiarren aurka egiteko

Errusiako Itsaso Beltzeko ontziei eraso egitenn saiatu ziren Ukrainako Itsas Armadako 16 ontzi, Zmeíni uhartean errenditu eta armak entregatu zituzten 82 militar ukrainar ebakuatzen ari ziren bitartean, Igor Konashenkov Errusiako Defentsa Ministerioko bozeramaileak adierazi duenez. Bozeramaileak gaineratu du Ukrainako ontzi batzuk ontzi zibilez kamuflatu zirela.

Errusiarrek diote erasoaren helburua armak entregatu zituzten militarren aurka mendekua hartzea eta preso horiek hil izana Errusiako Armadari egoztea zela. Militar errusiarrek RQ-4 Global Hawk eta MQ-9A Reaper drone estatubatuarrak atzeman zituzten "muntaiaren eremuan", eta salatu dute drone horiek baliatu zituztela erasotzaileek ontzi errusiarrak non zeuden airetik jakiteko.

Errenditu diren soldadu ukrainarrak, Donetsk-eko Herri Errepublikako presidentearekin

Donetsk-eko Herri Errepublikako presidente Denis Pushilin errenditu diren soldadu ukrainarrekin izan da. Agintari horrek adierazi du guda amaitutakoan etxera itzuli ahal izango dutela eta beren adibidea jarraitzeko aholkatu die Ukrainako armadako kide guztiei. "Armak uzten ez dituena suntsitu egingo dugu", adierazi du.

 

BIDEOA | Ukrainarren misilak Kieveko etxebizitza jo zuen unea

New York Times-ek egin du edizioa bateko eta besteko grabazioak batuz. Bertan ikusten da misil batek Kieveko etxebizitza dorre bat jo zuen unea. Hasiera batean esan zuten arren Errusiako misil bat izan zela, gerora frogatutzat eman da –besteren artean, Espainiako TVEko berriemale bereziak hala dio– Ukrainarrek drone errusiar bat bota asmotan jaurtitako misila izan zela.

 

BIDEOA | Aurrean jarrita tankeak geratzen saiatu den ukrainarra

Ukrainaren ipar ekialdean dagoen Bakhmach herrian, grabatu dute pertsona bat Errusiako tankeak geratzen saiatzen bera aurrean jarrita.

 

Ukraina vs. Errusia, termino militarretan

Al Jazeerak ondorengo infografia argitaratu du, konparatzeko Ukrainaren eta Errusiaren arteko ezberdintasun militarrak. Dena den, gogoratu behar da, Ukrainako guda hasi zenetik, NATOko herrialdeak armamentuak bidaltzen ari direla bai Ukrainara, baita inguruko herrialdeetara ere.

 

Herbehereek tankeen aurkako armak bidaliko dituzte Ukrainara
Panzerfaust-3 arma, tankeen aurka erabiltzeko.

Herbehereetako defentsa ministroak esan du Ukrainara tankeen aurkako armamentua igorriko dutela. Holandarrek tankeen aurkrako 50 Panzerfaust-3 arma eta 400 kohete bidaliko dituzte, legebiltzarrari zuzendutako gutun batean ministerioak esan duenez.

3.000 atxilotu baino gehiago Errusian gudaren aurkako manifestazioetan

3.000 lagun baino gehiago atxilotu dituzte Errusian, gudaren aurkako protestetan parte hartzeagatik, OVD-Info elkarteak kontabilizatu duenez. Webgunea errusieraz izan arren, online itzultzaileen bidez kontsulta daiteke. Lotura honetan zintzilikatu dituzte atxilotuen izen-abizenak eta noiz izan diren atzemanak.

"Azken hiru egunetan 3.093 pertsona atxilotu dituzte", diote. Horrez gain, larunbatean bakarrik 34 hiritan 467 pertsona atxilotu dituztela diote.

Kiev-eko bataila, uste baino gogorragoa?

Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik herritarrak deitu ditu berriro ere borrokara. Armak ematen ari dira esperientzia militarrik apenas duten herritarrei, hauek hiriburuan sakabanatu, trintxerak eraiki eta kontrolak antolatzeaz ardura daitezen.

Azpiko bideo honetan ikus daitezke borroken ondorioz erretako ibilgailu militarrak, Kieveko tren geltokiaren inguruetan. Ukrainak esan du paratxutistak saiatu ziren Vasilkiv-eko aire basea hartzen, baina ez zutela lortu.

El Pais egunkariko berriemale bereziak dio saboteatzaileak dauden zurrumurrua zabaldua dela hirian, eta horrek ia edonor bihurtu duela susmagarri. Horrenbestez, auzoetan ez dabil ia inor kalean eta larunbatetik astelehenarte etxeratze agindu zorrotza indarrean dago.

Azpiko bideo honetan, ikus daitezke rifleak hartu berri dituzten bolondresak.

Azpiko argazki honetan ikus daitezke errusiar espiak direlakoan, susmagarritzat gerarazitako jendearen argazkia

Autodefentsa talde hauen arteko tiroketak ere dokumentatu dituzte.

 

Ikur faxista Gasteizko kontzentrazioan

Errusiaren operazio militarraren aurka ostegunean Gasteizen eginiko elkarretaratzean ikur faxista bat erakutsi zuen pertsona batek. II Mundu Gerran naziekin kolaboratu zuen UPA ukrainiar gerrillaren ikurra da gorri eta beltza. Besteren artean, Voliniako sarraskiaren egileak izan ziren, non kalkulatzen den 80.000 bat poloniar hil zituztela. Lotura honetan UPAri buruzko informazio gehiago.

 

Hungariak bere burua eskaini du Errusia eta Ukrainaren arteko negoziazioetarako

Hungariako Gobernuak eskaini du Budapest Errusia eta Ukrainaren arteko negoziazioak hartzeko, eta oraindik ez dute ezezkorik jaso, Nazioarteko Harremanetarako Hungariako Ministerioko burak adierazi duenez.

Frantziak ekipamendu militar gehiago bidaliko dizkio Ukrainari

Frantziak Ukrainara ekipamendu militar gehiago bidaliko ditu, baita erregaia ere, Errusiari aurre egiten laguntzeko. Horrez gain, Moskuri zigor ekonomiko gehiago ezarriko dizkiotela ere esan du presidentziak.

 

3.500 soldadu errusial hil edo zauritu dituztela dio Ukrainako Gobernuak

Zelenski presidentearen aholkulari Oleksi Arestovich-ek hedabideei adierazi die 3.500 soldadu errusiar inguru hil edo zauritu dituztela, eta Errusiako armada Kiev hiriburua hartzeko saioan ez atzera ez aurrera dagoela.

"Kiev inguruan etsaia kolpatzen ari gara, eta oraingoz, ez da aurrera egiten ari", adierazi du.

Alemaniak Ukrainara bidaliko ditu tankeen aurka erabiltzeko Stinger misilak
Stinger misila, Wikipediako argazkia.

Alemaniako Gobernuak onartu du Ukrainara armak bidaltzea: tankeen aurkako 1.000 arma eta 500 Stinger misil.

"Errusiar inbasioak inflexio puntua markatu du. Ukrainari ahal dugun neurrian laguntzea gure betebeharra da, Putinen armada inbaditzailearen aurka defendatzeko", esan du Scholzek Twitterren.

 

YouTubek Russia Todayri beren jarduna monetizatzeko aukera kendu dio

YouTubek zenbait Errusiako telebista kateri, besteren artean estatuak finantzatutako RT-ri, aukera kendu die beren plataformaren bidez dirua irabazteko. Facebookek antzeko mugimendua egin berria zuen.

"Ukrainako ezohiko egoeraren aurrean, YouTubeko zenbait kanali beren jarduna monetizatzeko aukera bertan behera utzi diegu, tartean zenbait zigorrak jasotzen ari diren zenbait errusiar kate", adierazi du Youtubek, zeinaren jabea den Google-en Alphabet Inc korporazioa.

AEBek onartu dute 350 milioi dolarreko laguntza militarra Ukrainarentzat

Joe Bidenen Gobernuak beste 350 milioi dolarreko balioa duen laguntza militarra berehala igortzea Ukrainara onartu berri du.

"Pakete honekin bere burua defendatzeko laguntza hilgarri gehiago izango du Ukrainak, jasaten ari den blindatu, aireko eta beste mehatxu batzuei aurre egiten laguntzeko", esan du Antony Blinkenek ohar batean.

 

NATOko soldaduak eta armak Ukrainara bidean

NATOren ordezkari nagusi Jens Stoltenbergek jakinarazi du "defentsa kolektiboaren alde" bidaliko dituela tropak. Lurrean, uretan eta airean izanen dira indar armatuak, NATOren barne diren ekialdeko herrietan. Ukrainako presidenteak zehaztu duenez, Frantziako Estatuak armak bidali ditu Ukrainara, baita 700 soldadu ere Poloniara eta Estoniara.

Errusiaren aurkako zigorrak ere gogortuz doaz. Zuzenean Vladimir Putin eta Serguei Lavrov oztopatzea erabaki dute Erresuma Batuak, AEBek eta Europar Batasunak.

Mosku negoziatzeko prest

Ez da argi zer dioen Ukrainak negoziazio proposamenari begira. Errusiako Atzerri ministroa Serguei Lavrovek berretsi du Errusia negoziazioei irekia dela: "Negoziatzeko prest gaude, edozein unetan, Ukrainako indar armatuek deia entzun eta armak utzi bezain laster". Oraingoz ez da jakina zein den Ukrainaren erantzun ofiziala, nahiz eta Zelenski presidentearen goizeko mezuak erantzunaren kolorea zehaztu. Alta, atzo gauean negoziatzea onartu izanaren mezua zabaldu zen une labur batez sare sozialetan.

Bere aldetik Ned Price AEBko Estatu Idazkaritzako bozeramaileak kritikatu du proposamena: "Ez da benetako diplomazia", armen mehatxupean egindakoa delako.

Zelenski: "Ez ditugu armak utziko"

Armak uzteko erabakia gezurtatuko du Ukrainako presidenteak, interneten zabaldu "gezurrak" salatuz. Gaua bortitza izan da eta kalez kaleko borrokak nagusitu dira hiriburuan azken orduetan.

Beste behin, karrikatik eta bideo bidez luzatu du mezua: "Ez ditugu armak utziko. Geure estatua defendatuko dugu". Ukraina defenditzeko azken urratsak zein diren zehaztu nahi izan du: "Egun berrri bat hasi zaigu fronte diplomatikoan, Emmanuel Macronekin hitz eginez. Gure lagunen armak eta azpiegiturak Ukrainarako bidean daude. Gerraren aurkako koalisioak funtzionatzen du".

Melitopol hiria errusiarren eskuetan gelditu dela jakitera eman du Errusiako Defentsa ministerioak. Krimeatik hurbil da Melitopol. Gau bortitza izan da, Kieven zein beste hirietan. Kieveko kale nagusia den Garaipenaren etorbidean giro odoltsua nagusi da.

NATOk iragarri du indar armatuak bidaliko dituela kide dituen ekialdeko herrietara

NATOren ordezkari nagusi Jens Stoltenbergek jakinarazi du "defentsa kolektiboaren alde" bidaliko dituela tropak. Lurrean, uretan eta airean izanen dira indar armatuak. Informazio gehiago: https://labur.eus/XkQmz

Europako Kontseilutik kanpo ezarri dute Errusia

Europako Kontseiluak bertan behera utzi du Errusiak erakunde horretan duen parte hartzea, Moskuk bideratu "eraso militarrak" direla eta. Poloniak eta Ukrainak aurkeztu dute neurria. Hala ere, erabakiak ez du balio Giza Eskubideen Europako Auzitegiarentzat.

1949an sortua, gaur egun 47 kide ditu: Albania, Alemania, Andorra, Armenia, Austria, Azerbaijan, Belgika, Bosnia eta Herzegovina, Bulgaria, Danimarka, Eslovakia, Erresuma Batua, Errumania, Errusia, Eslovenia, Espainia, Estonia, Finlandia, Frantzia, Georgia, Grezia, Herbehereak, Hungaria, Irlanda, Islandia, Italia, Kroazia, Letonia, Liechtenstein, Lituania, Luxenburgo, Malta, Mazedonia, Moldavia, Monako, Montenegro, Norvegia, Polonia, Portugal, San Marino, Serbia, Suedia, Suitza, Turkia, Txekiako Errepublika, Ukraina, Zipre. Ez nahasi Europar Kontseiluarekin.

Ukrainan dauden euskal herritarrei laguntzeko lanean ari da Eusko Jaurlaritza

Eusko Jaurlaritza Ukrainan dauden euskal herritarrei laguntzeko lanean ari dela esan du Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak, EITBk jaso duenez.

Jakinarazi duenez, Ukrainara joandako euskaldunak zein Euskadin bizi diren Ukrainarrak jarri dira haiekin harremanetan. Gerrak Ukrainak harrapatu dituela-eta haiek herrialdetik ebakuatzeko lanean ari dira orain.

Kremlineko bozeramailearen arabera Ukrainak elkarrizketarako proposamenei erantzuteari utzi dio

Kremlineko bozeramaile Dimitri Peskovek esan duenez Errusiak luzatutako elkarrizketarako proposamenei erantzuteari utzi dio Ukrainak. Gainera, Kieveko eta beste hirigune batzuetan misil jaurtigailuak jartzen ari direla gehitu du, eta egoera "oso arriskutsua" dela.

Putinek horrela azaldu du egoera Segurtasun Batzordearen bilera batean: "Hiri handietako erdiguneetan arma astunak jartzen ari dira ukrainar ultranazionalistak eta neonaziak. Errusiarren eremu erresidentzialen aurkako erantzuna probokatu nahi dute".

Suedia eta Finlandia NATOn sartzeak "ondorioak" izango lituzke, Errusiaren arabera

Maria Zakharova Errusiako Atzerri gaietarako ministerioaren bozeramaileak adierazi du Suedia eta Finlandia NATOn sartuko balira, Errusiak errepresaliak hartuko lituzkeela. NATOk bi herrialdeak gonbidatu ditu otsailaren 25 honetan Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak egingo duen bilera telematikora, erakundeko kide ez diren arren. “Europako Segurtasun eta Lankidetzarako Erakundeko herrialde guztiek, Finlandiak eta Suediak barne, berretsi zuten estatu baten segurtasuna ezin dela beste herrialdeen segurtasunaren kontura eraiki. Argi dago Finlandia eta Suedia NATOn sartzeak (zeina bloke militarra den), ondorio politiko eta militar larriak izango lituzkeela, eta eskatuko luke gure herrialdeak pareko neurriak hartzea”, adierazi du Zakharovak, Errusiako Gobernuaren jabetzako Sputnik berri-agentziak argitaratu duenez.

Putin: "Ukrainako gobernua ukrainar herria bahituta daukan drogazale eta nazi taldea da"

Prentsan zabaldutako mezu labur batean Errusiako presidente Vladimir Putinek ukrainar soldaduei armak uzteko esan die. Aldi berean, Ukrainako presidente Zelenskiren gobernua "drogazale eta nazi talde" gisa deskribatu du, eta ukrainar herria bahituta daukala esan du.

Mila soldadu errusiar baino gehiago hil dituztela esan du Ukrainako armadak

Ukrainako armadak adierazi duenez mila baino gehiago dira ostegunean Errusiaren operazio militarra hasi zenetik hildako soldadu errusiarrak. Errusiak oraindik ez du inolako zenbakiren berri eman.

"Ama errusiarrak haien semeak heriotzara bidaltzen ari dira", esan du Ukrainako armadak, argitaratutako oharrean, "Ukrainako Armada indarrez ari da bere burua eta bere lurrak okupatzailearengandik defendatzen".

Kiev kanpoaldeko aireportu estrategiko bat hartu duela aldarrikatu du Errusiak

Ukrainako hiriburutik 7 kilometrora dagoen Hosmotel aireportua militar errusiarren eskuetan legoke, Interfax agentziaren berretsi gabeko informazioaren arabera. Errusiako Defentsa Ministroak gaineratu duenez, Ukrainako unitate berezietako 200 soldadu hil dituzte ostiralean egindako operazioetan.

Esandakoaren arabera, hiriaren mendebaldea blokeatuta legoke. Kargako hegazkin handientzako lurreratze-pista luzea dauka aireportuak, eta haren jabe egin eta gero Ukrainako hiribururaino tropak eramateko aukera izango luke, beraz, Errusiak.

"Errusia negoziatzeko prest, Ukrainak armak baztertzen dituenean", Errusiako Atzerri ministroa

Errusiako Atzerri ministro Serguei Lavrov Donetsk eta Luhansk Herri Errepubliketako ordezkariekin bildu da. Ondoren prentsaurrekoa eman du. Bertan, beste gauza ugariren artean adierazi du prest dela Ukrainarekin negoziatzeko, hauek armak albo batera uzten badituzte.

Lavrovek salatu du, denbora honetan guztian, "Kieveko erregimenak" Donetsk eta Luhanskeko biztanleak beldurtu dituela, Mendebaldeak ezikusiarena egiten zuen bitartean "zibilen aurkako gerra-krimenen aurrean".

Adierazi du beti eskaini izan diotela laguntza humanitarioa Donbassi, "Ukrainako indar armatuen biktima izan baita. Berretsi egiten dugu Donetsk eta Luhanskeko herriei beren eskubideak bermatzeko egiten dituzten ahaleginetan ematen diegun babesa".

Minskeko akordioei buruz, esan du Zelenski izan zela uko egin ziona hauek betetzeari. "Ez dugu estatu-kolpeak aitortzeko betebeharrik, ezta bere herriaren zorionaren aurkako genozidioa deklaratu duen erregimenari laguntzeko betebeharrik ere".

Adierazi du ez dutela Ukraina okupatuko. "Operazioaren helburua argi eta garbia da: desmilitarizazioa eta desnazifikazioa. Beti izan gara irtenbide diplomatikoaren aldekoak; Minskeko akordioez ari gara".

Azkenik, Lavrovek CNNko kazetari bati errieta egin dio honek galdera egin dionez: "Zergatik ez du Mendebaldeko kazetariek ez dute jorratu Donbassen gertatu dena zortzi urte hauetan? CNNko norbait egon al da Donbassen bertan?".

Molotov Koktelak nola egin azalpenak, Ukrainako Barne Ministerioaren eskutik

Nazioarteko kazetari ugarik jakinarazi du Ukrainako Barne Ministerioa zabaltzen ari dela herritarren artean nola egin behar diren Molotov Koktelak, eta tankeei nondik egin behar zaien eraso.

 

Ukraina prest da herrialdearen neutraltasunaz mintzatzeko; Errusiak dio aztertuko duela

Zelenski presidentearen aholkulari Podoliak-ek publikoki adierazi du prest dagoela Kieven neutraltasunaz mintzatzeko Errusiarekin.

Kremlineko bozeramaileak, Dmitri Peskov-ek, adierazi du jaso dutela mezua, aztertuko dutela eta "norabide positiboan eginiko mugimendua" dela uste dutela.

Moskuk urteak daramatza eskatzen Ukraina ez dezatela NATOn sartu edo herrialde horretan ez ditzatela Errusiara begira misilak jarri.

BIDEOA | Tanke errusiarrak auto bat eta bere gidaria zapaldu dituen unea, Kieven

 

BIDEOA | Militar ukrainarren zutabea suntsituta, Sumyn

Sumy Ukrainako ipar ekialdean dago, Errusiako mugatik gertu.

Txetxeniako batailoi berezia Kiev inguruko basoetan

Errusiarren Txetxeniako batailoi berezia Kiev kanpoaldeko basoetan, atzo arratsaldeko argazkiak.

 

<< <
1 2 3 4
> >>

Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ukraina
Europak armak erosiko ditu, zuri pentsioa kenduta

Badator gerra handi bat. Gastu militar ziztrin horiekin ez goaz inora. Trumpek bakarrik utziko gaitu oraingoan. Herritarrek prest egon behar dute Putinen aurrean... Europar Batasuneko agintarien artean nagusitzen ari den diskurtso hori, hitz bakarrean laburbiltzen da:... [+]


Pablo Gonzalez "berehala" askatzea exijitu dute Gernikan eta nazioartean

Bi urte Polonian preso daraman kazetaria "berehala" askatzeko exijitu dute ehunka lagunek Gernikan. Madrilen, Espainiako Kongresuaren aurrean elkarretaratu dira alderdi ugaritako diputatuak; Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Albaresen esanetan, kazetariaren... [+]


Babes gutxi jaso du NATOko tropak Ukrainara bidaltzeko Macronen planteamenduak

Ukrainari buruzko nazioarteko bilera burutu zuten otsailaren 26an hogei bat estatuburuk eta horren berri emateko prentsaurrekoan bota du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak NATOko tropak Ukrainara bidaltzeko planteamendua.


Zelenski: "Ukrainako 31.000 eta Errusiako 409.820 soldadu hil dira gerran”

Gerran hil diren ukraniarren inguruan Errusiak emandako datuak ezeztatu ditu Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak. Laguntza militarra ematen jarraitzeko eskatu die AEBei.


Eguneraketa berriak daude