Euskararen aurkako "oldarraldiaren" aurrean itun "sendo" baten beharra aldarrikatu du Kontseiluak

  • Epaileak "hizkuntza politika" egiten ari direla eta herritarren "eskubideak urratzen" dituztela salatu du Kontseiluak. Milaka langileri euskaraz lan egiteko aukera eta eskubidea "galarazten" dietela adierazi du. Gertaeraren larritasuna azpimarratu eta egoerari erantzuteko behar diren tresnak herritarren esku jartzeko protokolo bat lantzen ari da elkartea.


2023ko martxoaren 27an - 11:38
Azken eguneraketa: 12:42
Gertatzen ari dena "larria" dela diote Esukalgintzaren KOntseiluko taldeek. Argazkia: Bai Euskarari.

Itun politiko eta sozial sendo baten beharra aldarrikatu du Euskalgintzaren Kontseiluak. Euskararen biziberritzea helburu duten neurrien kontra auzitegietatik jasotako sententzia sortaren inguruan "kezka" bizi dutela esan dute Kontseilua osatzen duten taldeek.

Batetik, epaileak "hizkuntza politika" egiten ari direla salatu du elkarteak: "Ez dezagun ahaztu plazaratu berri den VII. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, EAEn lau biztanletik hiruk uste dutela euskaraz jakin behar dela administrazio publikoan; hau da, epai horiek baliorik gabe uzten ari diren neurriak adostasun zabal baten gainean eraikitakoak direla".

Bestetik, epaien ondorioz herritarren eskubideak "urratzen" direla, eta herritartasuna gauzatzeko gunerik nagusienean eta administrazioarekiko harremanean euskara ukatzen dela salatu du: "Ukatze horrek eragin handia dauka milaka herritarren eguneroko bizimoduko arlo askotan, bizipena bera nabarmenki okertuz". Era berean, milaka langileri euskaraz lan egiteko aukera eta eskubidea "galarazten" dietela adierazi du.

Gertatzen ari dena "larria" dela diote, eta egoera horren aurrean erantzuteko eskaria jaso dute jendartetik. Protokolo bat lantzen ari dira erantzuteko behar diren tresnak herritarren esku jartzeko: "Oldarraldi honi erantzuteko biderik egoki eta eraginkorrena adostasun sozial eta politikoetan sakontzea dela argi du Kontseiluak". Bide horretan, eragile sozial eta politikoekin elkarrizketak egiten hasiko dela adierazi du elkarteak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
Zenbat kostatzen den euskaldun izatea

Euskara ikasi eta erabiltzen hasi nintzenean, berehala jabetu nintzen euskaldunentzat haietako beste bat gehiago bilakatu nintzela (gasteiztar euskaldun berria izanda azken bagoietakoa, baina barruan). Nire artean pentsatzen nuen Euskal Herria herri ederra zela; etimologikoki... [+]


2024-03-25 | Leire Artola Arin
Burbuilaren ostean badago zer erein

Irundik Baionara, ezin ezkutatuzkoa izan da 23. Korrikak eragindako harrotasuna. ‘Herri Harro’ leloak zentzua hartu duela ikusi dugu lekuko hartzaileen aurpegietan, eta atzetik euskararen alde oihuka aritu diren korrikalariengan. Bakoitzak bere gorputzetik eta bere... [+]


Eguneraketa berriak daude