Isun gogorrak Euskal Tsunamiak deituta Behobia kolapsatu zuten hainbat gidariri

  • Ertzaintzak bidali dizkie isunak "Barraskilo Operazioan" egondako parte hartzaileei. 500 eta 200 euro arteko isuna izateaz gain, gidabaimeneko sei edo lau punturen galera dakarte.


2020ko otsailaren 27an - 12:22
Isunetako baten irudia. Arau hauste "oso larria", 500 euro eta gidabaimeneko sei puntu.

2019ko azaroaren 12an Euskal Tsunami jaio berriak Behobiako muga kolapsatzera deitu zuen. "Barraskilo Operazioa" izena eman zion ekimenari. Herrialde Katalanetako Tsunami Democraticek antolatuta, herritarrak Jonquerako muga blokatzen ari ziren egun horietan. Ehunka gidarik erantzun zioten Euskal Tsunamiaren deialdiari, Behobiako inguruneetan kilometrotako ilarak sortu ziren eta kaosa nagusitu zen ordu batzuez.

Arau hauste “oso larriak”

Hilabeteak igarota, isunak heldu zaizkie mobilizazioan parte hartu zuten hainbat herritarrei. ARGIAk hiruren berri izan du, baina pentsatzekoa da ez direla bakarrak. Hirurak Ap8 autobidean ezarritakoak dira, Hego Euskal Herritik Ipar Euskal Herrirako noranzkoan. Isuna jaso duten biri arau hauste “larria” egozten diete: “Bidezainaren aginduei men ez egitea”. ARGIAri azaldu diotenez, ordea, ez zuten Ertzaintzaren agindu zehatzik jaso protesta bitartean. 200 euroko zigor ekonomikoarekin eta gidabaimeneko lau punturen galerarekin zigortu dituzte.

Hirugarren isuna gogorragoa da. Arau hauste “oso larria” leporatzen diote gidariari: “Trafikoan arriskua sortzea”. Gidariak ukatu egin dio ARGIAri arrisku egoerarik sortu zuenik berak –eta sortu zenik arratsalde hartan–. ARGIAko kazetariek barrutik zein kanpotik jarraitu zuten mobilizazioa eta ez zuten arrisku punturik edo unerik ikusi. Ertzaintzak eta Eusko Jaurlaritzak ere ez zuten horrelakoen berririk eman. Edonola dela, zigorra 500 eurokoa eta gidabaimeneko sei puntukoa da.

“Protesta errespetatzen dugu”

Deialdia publiko egin zen heinetik, oihartzun handia izan zuen Barraskilo Operazioak. Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak “zirkulazio askearen eskubidea” errespetatzea eskatu zuen. Gobernuak neurririk hartuko ote zuen galdetuta, “itxaron egingo" zuela erantzun zuen. Gipuzkoako Gobernantza diputatu eta foru bozeramaile Eider Mendozak protesta egiteko eskubidea “errespetatzen” zuela adierazi zuen.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Desobedientzia zibila
2024-04-10 | ARGIA
Eragozpen fiskala bultzatzeko kanpaina abiatu dute, herritarren dirua ez dadin gastu militarrera bideratu

Gerra hots eta karrera armamentistiko betean, eragozpen fiskalera animatu ditu herritarrak KEM-MOC talde antimilitaristak, errenta aitorpena egiterakoan gure dirua ez dadin erabili gastu militarra handitzeko. Herritarrei laguntzeko bulegoak ireki dituzte EAEko hiriburuetan eta... [+]


Blokeo egunaren harira, gibelapenezko 800 euroko isuna jaso dute bederatzi bakegileek

Otsailaren 2an epaituko dituzte beste hamaika bakegile, uztailaren 23an autopista blokeatzeagatik. Elkarretaratzera deitu du Bake Bideak, datorren ostegunean 13:00tan jarriz hitzordua Baionako auzitegi aitzinean.


Euskarazko brebeta azterketen emaitzak banatzeko ekitaldia eginen dute uztailaren 12an elkargoan

Euskal Hirigune Elkargoaren babesarekin, euskaraz erantzundako zientzietako azterketen zuzenketa antolatu dute asteartean Baionako Arteen Hirian, eskatzen diren baldintzak errespetatuz.


2022-07-04 | Hala Bedi
Peio Jorajuria (Seaska)
"Bide guztiak itxiak zirenez desobedientziaren bidea hartu dugu"

"Duela gutxi arte osoki euskaraz egiten zuten gure ikasleek brebeta eta orain zientzietako froga euskaraz egitea debekaturik dugu".


Eguneraketa berriak daude