Ehunka eukalipto moztu eta haritzak landatu dituzte Arratiako baso batean

  • 20 ekintzaile inguru 25 hektareako jabetza pribatu batean sartu dira, eukaliptoak moztuz eta hesiak apurtuz. Eukaliptorik ez, haritza bai! mendi martxa bertatik igaro da, eta herritarrek dozenaka haritz landatu dituzte eukaliptotik askatutako eremuan. Ekintzaileek ekintza laburbiltzen duen bideoa zabaldu dute.


2021eko abuztuaren 30an - 14:12
Azken eguneraketa: 16:16

Ekintzaileak goizeko 9:00etan abiatu dira Usansolotik, lehenik autoetan errepide estuetan gora, eta ondoren oinez mendi bidexketan barrena. Bidean zenbait ekintzaile taldetik banantzen joan dira, Polizia agertzekotan abisua emateko. Talde nagusia hesiz inguratutako eta eukaliptoz betetako eremu batera heldu da 10:00ak aldera, mendi baten tontorrean. Hesia gainditu eta eukaliptoak mozten hasi dira mendian behera, ilara zabala osatuz, aizkorak, aitzurrak edo matxeteak eskuan. Eukalipto gazteak ziren, txikienak metro erdikoak, garaienak bospasei metrokoak.

Azala izerdi patsetan eta irribarrea aurpegian egin dute hamaiketakoa. Indarberrituta berrartu dute lana, eta ekintzaileetako lau eremua ixten duten hesiak moztera abiatu dira. Hiru ordutan dozenaka hektareako eremua “garbitu” dute, ehunka eukalipto moztuta eta hasia puntu ugaritatik apurtuta. Izan da anekdotarako tarterik ere. Inguruan zebilen mendizale batek aurpegia estalita zuten ekintzaileak ikusi ditu, eta hasieran kargu hartu badie ere, hizketan hasi eta minutu gutxiren buruan ondo ari direla eta jarraitzera animatu ditu.

Haritzak landatu

Goizeko hamarretan eta ITAren testuinguruan Arantzazutik irten den Eukaliptorik ez, Haritza bai! mendi martxako partaideei sorpresa eman diete ekintzaileek, bertatik igaroko zirenaren jakitun. Ordu batak aldera agertu dira ehun bat martxista, eta ekintzaz ohartzean txaloak, txistuak, “Gure basoak defenda ditzagun!”, “Ez ez ez eukaliptorik ez!” oihuak nagusitu dira. Eremuan sartu dira haiek ere, eta moztutako eukalipto enborren artean dozenaka haritz kimu landatu dituzte ospakizun giroan. Ekintzaileetako bat martxistei zuzendu zaie orduan: “Eukaliptoz betetako jabetza pribatu honen zuhaitzak eta hesiak moztu ditugu, gure basoak eta natura defendatzeko, ahalik eta kalte ekonomiko handiena eragitea helburu. Gora ekintza zuzena!”. Basoan galdu dira ekintzaile mozorrotuak, eta martxistek beren bidea jarraitu dute.

Maskara desobedientea

Ekintzaileek maskara gorri-berde batez estali dute aurpegia. Maskara 2017ko martxoan erabili zen lehen aldiz, deialdi anonimo bati erantzunez dozenaka herritarrek Bilboko Iberdrola dorrea okupatu eta bertan 'kontzertu klandestino' bezala bataiatu zutena ospatu zutenean. Ekimenaren bultzatzaileek herritar guztiak gonbidatu zituzten maskara bere egin eta “ekintza desobediente ez-biolentoak” antolatzera. Kontzertu klandestinoek errepika izan zuten bi hilabetera. Lehenik Durangoko Udaleko osoko bilkuran, sexu eraso batengatik atxilotutako Fran Garate zinegotziaren dimisioa exijitzeko. Ondoren Bilboko Olimpia zaharren egoitzan, erresidentzietako langileekin elkartasunez. Lau urteren ondoren berragertu dira maskara desobedienteak, bestelako ekintza formatu batean. Izango al dute erabilera berririk? 

Ekintzaren bideoa eta ekintzaileen azalpena

“Eukalipto landaketa honen aurka egitea erabaki dugu. Bediako Ereño auzoaren azpian dagoen 25 hektareako landaketa da. Gure paisaian azken hilabeteetan gero eta ugariagoak izaten ari diren eukalipto landaketa gazteen erakusle bat besterik ez. Aldaketa klimatikoa eta oro har krisi ekologikoa bultzatzen duen baso-industriaren erakuslea. Baso lurren jabetzaren kontzentrazioa bultzatu eta enpresa gero eta erraldoiagoen irabazi tasak bermatzen dituen ereduaren erakuslea. Herri honek bere buruaren jabe izateko baliabideak hipotekatuz, jendartearen bizi baldintzak kolokan jartzen duen erakuslea besterik ez”. Eukalipto mozketa burutu zuten ekintzaileek ekintza laburbiltzen duen bideoa eta komunikatua zabaldu dute, mozketaren arrazoiak azaltzeko –komunikatua bideoan irakurtzen du off ahots batek–.

Eukalipto O from fernanda alvarez on Vimeo.

Euskal Herria isla duen mundu mailako krisia

“Mundu mailako krisi ekologikoan” kokatu dute ekintza, sistema “kapitalista, patriarkal eta kolonialaren” krisi orokorraren barnean: “Inork ezin du jadanik hauts gehiago alfonbrapean gorde. Kapitala berau inguratzen duen eta berau sostengatzen duen bizitza prozesua kolokan jartzen ari da”.

Euskal Herrian krisi eta eredu horrek isla propioa duela uste dute ekintzaileek: “Gure oligarkia kuttunaren eskutik, PNVren gidaritzapean, sobera dakigu zer den lurralde honen baliabideak modu harrapakarienean ustiatzea”. Basogintza pertsonen eta naturaren esplotazioaren adibide “ezin hobea” dela salatu dute:”Behinola baserritar jendartearen bihotza eta sostengua izan ziren baso eremu komunalak, jabetza pribatu bilakatu eta jardun produktibista eta merkantilista basatienaren eredu bilakatu dituzte (...) matarrasa bitartez ebakitako baso arlo erraldoiak; penagarriak diren lan baldintzak, gehienetan langile migratzaileek egindakoak eta heriotz eta istripu zenbatezinen iturri direnak; papergintza industria kutsakorra elikatzen dutenak; askotan nekazari eta abeltzainen interesen kontra doana; bioaniztasunaren galera ikaragarria eragiten duena…”.

Eukaliptoa ikur berri

Pinua izan da urtetan baso ustiaketa horren ikur nagusia Euskal Herrian,eta eukaliptoa hori ordezkatzera datorrela salatu dute ekintzaileek: Pinu landaketen urrezko aroa agortu denean eukaliptoarena zabaldu nahian daude. Kapitalak beharrezkoa duen hazkunde mugagaberako beharrizanak are zulo beltzago batera garamatza.

Gonbita herritarrei

“Beste aukerarik ez diguzue uzten. Ekintza zuzena”, diote ekintzaileek komunikatuan: “Mundua pikutara doa eta ez da begira geratzeko garaia. Herriak bakarrik salba dezake herria”. Herritarrei antzeko ekintzak burutzera deituz amaitu dute oharra:”Euskal Herriari deia luzatzen diogu gure bailara eta mendietan zehar honen moduko ekintzak autonomoki egiten hasteko”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eukaliptoa
2023-06-07 | Ilargi Manzanares
Eukaliptoen monolaborantzaren aurkako mendi martxa Berangon larunbatean

“Dirua landatu, miseria jaso” leloarekin, Berangoko (Bizkaia) metro sarreratik hasiko du Sukar Horiak eukaliptoen monolaborantzaren aurkako mendi martxa, goizeko 11:00etan.


2023-04-24 | Estitxu Eizagirre
Baso Biziak plataformaren balorazioa
"Mozioak onartu ez diren udaletan monolaborantzak aurrera egin du, baita eukaliptoak landatuz ere"

Baso Biziak plataformak 2021ean sortu zenetik orain arteko balorazioa egin du apirilaren 22an Elgetan. Ibilbide honetan zehar, basogintza eredu berriari buruzko mozioak aurkeztu dituzte hainbat udaletan eta 2021ean Udaletako mozioen gida osatu zuten, bide hori jorratu nahi duen... [+]


2023-04-17 | ARGIA
3.000 eukalipto baino gehiago bota ditu Lurraren Askapen Fronteak Hernani eta Arano artean

Lurraren Askapen Fronteak hedabideetara bidali duen oharrean eman du apirilean egin duen ekintza zuzenaren berri. Gipuzkoa eta Nafarroa arteko mugan, Hernani eta Arano artean kokatutako landaketa industrialean 3.000 eukaliptotik gora eraitsi ditu, argudiatu duenez, "bertako... [+]


Eukaliptoa, basamortu izateko arriskua

Eukalipto kopurua ia boskoiztu egin da azken urteetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Aranzadiko eta EHUko adituek egindako ikerketaren arabera, zuhaitz horren hedapenak kalte egingo lioke Euskal Herrian ingurumenari, eta intsinis pinuaren tokia hartzen badu, epe motzean mendi... [+]


Eguneraketa berriak daude