Israelek espioitzarako aparailuak erabiliko ditu gaixoen jarraipena egiteko

  • Benjamin Netanyahu jarduneko ministroak martxoaren 17ko goizaldean onartutako dekretuak ahalbidetu du mugikorraren bidez jarraitzea koronabirusaz kutsatutakoen mugimenduak. Horrez gain, Shin Bet barne espioitza agentziak droneak eta aurpegiak ezagutzen dituzten kamerak erabiltzeko baimena izango du.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate
2020ko martxoaren 19a
Benjamin Netanyahuk terrorismoaren aurkako teknologia koronabirusaz gaixotutakoei erabiltzea ahalbidetu du.

Terrorismoaren aurka erabilitako teknikak koronabirusaren gaixoak kontrolatzeko erabiliko ditu Israelgo barne espioitza agentziak. Aurrekaririk gabeko neurria da, baimen judizialik gabe herritarren kokapena uneoro izateko baimena izango baitu agentziak. Gaixoentzako soilik ez, beraiekin harremanetan egon direnentzako ere erabiliko dute teknologia, bi asteko konfinamendua pasa behar dutela abisatzeko.

Ahots asko izan ditu aurka Netanyahuren erabakiak. Israelgo Eskubide Zibilen aldeko erakundeak “aurrekari arriskutsua” dela esan du. Shin Bet barne segurtasunari lotutako gaietan ibili ohi dena, osasun-larrialdi batean erabiltzea dudatan jarri du Israelgo Demokraziarentzako Institutuak.

Gobernuak azpimarratu du datu horiek osasun larrialdiak iraun bitartean erabiliko dituztela soilik, eta dekretuaren iraupena amaitzen denean –30 egun, luzapenik ezartzen ez badiote– ezabatu egingo dituztela. Osasun ministerioak, ordea, beste 60 egunez erabili ahalko ditu datu horiek “barne analisiak” egiteko. Jakinarazi du ere jasotako datuak ezingo direla zigor arloko prozesuetan erabili.

Oposizioak kritikatu egin du Netanyahuren erabakia. Gabi Askenazi Knesset Israelgo Parlamentuko komisioko presidenteak goizaldean eta ezkutuan hartutako erabakia izatea kritikatu du: “Neurria goizaldean onartzeak, larrialdi egoera aprobetxatuz, ez dio aukerarik ematen Parlamentuari horri buruz eztabaidatzeko”. Merav Michaeli diputatu laboristak gaitzetsi egin du erabakia: “Ez dago horren muturreko neurririk hartzeko legezko justifikaziorik. Herritarrak ez dira terroristak”.

Netanyahuk, bere aldetik, eskubide zibilen eta Estatuaren eskakizunen arteko oreka bilatu behar dutela adierazi du. “Aparailu hauek oso eraginkorrak izango dira gaixoak atzemateko eta birusaren hedapena geldiarazteko”.

Neurri zorrotzak

Espioitzarenak ez dira gobernuak hartutako erabaki bakarrak. Martxoaren 17tik herritarrek debekatuta dute etxetik ateratzea, behar handiko arrazoi batengatik ez bada. Legea betetzen ez duenak 1.200 euroko isuna jaso dezake. Administrazioak bulego guztiak itxi ditu, eta gaueko garraio publikoko zerbitzua bertan behera geratu da. Momentuz 300 kutsatutik gora dira Israelen, hildakorik gabe.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Koronabirusa  |  Israel  |  Espioitza  |  Covid-19 shockean adi

Koronabirusa kanaletik interesatuko zaizu...
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude