Ipar Kataluniako udaletan katalana erabiltzea debekatu du Frantziako justiziak

  • Okzitaniako Tolosako Apelazio epaitegiak eman du epaia, eta horren arabera, udaletan ezingo da katalana lehen hizkuntza moduan erabili, eta izatekotan, frantsesez egin ondoren, hura katalanera itzuli ahal izango da.


2024ko abenduaren 13an - 12:12
Azken eguneraketa: 16:04
Vilaweb
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Banys i Palaldá, Elna, Sant Andreu de Sureda eta Tarerac udalei eragiten die Tolosako auzitegiaren ebazpenak. Auzia 2022tik dator, urte hartako apirilean Elnako Udalak erabaki zuen udal arautegia aldatzea katalanaren erabilera ahalbidetzeko, beti ere ondoren frantsesera itzultzeko beharrarekin. Beste hiru udalek bat egin zuten erabakiarekin.

Ekialdeko Pirinioetako prefeta Rodrigue Furcy-k, ordea, helegitea jarri zien aldaketei eta auzitegiek arrazoia eman zioten. Montpelierreko Administrazio Auzitegiak bertan behera utzi zuen udal arauen aldaketa eta magistratuak zera gogorarazi zuen, “Errepublikako hizkuntza frantsesa” dela eta frantsesa itzuli beharrak egoera okerragoan uzten zuela hura.

Udalek ebazpen horri helegitea jarri zioten eta orain, Tolosako Apelazio Auzitegiak antzerako argudioekin berretsi du katalanaren debekua. Zehaztu du Frantziako Konstituzioaren 2. artikuluaren arabera, Frantziako hizkuntza frantsesa dela eta hortik eratortzen dela udaletako lehen hizkuntza frantsesa izan behar dela.

Auzitegiaren arabera, halaber, konstituzioaren 75.1 artikuluaren ustez, erregioetako hizkuntzak ere “Frantziako ondarea dira”, baina frantsesaren erabilera derrigorrezkoa da zuzenbide publikoko pertsona juridikoentzat”, eta horregatik, “agiri administratiboak frantsesez idatzi behar dira”. Edozein kasutan, frantsesez hitz egin ondoren katalanera itzultzeko aukera ere zabaldu du auzitegiak. Vilaweb-eko artikulu honetatik jaso dugu albistea.

 

 


Hizkuntza gutxituak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.