Bolo-bolo dabil azken aldian sareetan José Antonio Zorrilla espainiar kontsul eta diplomatiko ohiak Ukrainako gerraren inguruan emandako hitzaldi bat (San Telmon, Giza eskubideen inguruko hitzaldi ziklo baten barruan). Zera esatera dator, gutxi gorabehera: giza eskubideak eta nazioarteko harremanak ez doaz bide beretik, alegia, azken horietan ez dago etikarako lekurik.
Edo bestela esanda, estatu guztiek interes geoestrategiko, ekonomiko, nazional eta, oro har, krematistikoen arabera jokatzen dute nazioarteko politikan, gerrak egin eta desegin, harreman ekonomiko eta politikoak egin eta desegiterako orduan. “Inozentzia kenduko dizuet”, zioen Diario 16 egunkariko titularrak. Sareek eztanda egin dute eta, egiari zor, ez dakit zergatik harritzen naizen. Baina aitortu behar dut, oraindik sorpresaz harrapatzen naute ezkerreko sektore batzuetan halakoek duten oihartzuna. Eta oihartzun hori ez da, noski, kasualitatea izaten, oso sintomatikoa baizik. Mezua partekatzen dutenek, funtsean, mezu bat helarazi nahi baitiote, ziur aski, epeltzat jotzen duten ezkerreko beste hainbat sektoreri: “Mesedez, bakezale eta negoziatzaile-zale oro, ulertu ezazue behingoz, mundua gerra bidez antolatu, desegin eta berrantolatzen da”. Hara. Milesker beloa kentzeagatik, bihotzez.
Izan ere, ez genekien, Zorrilla bezalako kontsul ohiek, gora edo nazioartera begira, eta batik bat subjektuak estatuak direnean, gerra kodea aitortzen dietela nazioarteko auziei (hitzaldian dioen bezala, “gerrak justifikatu gabe, eh”,– gerrak egitearekin, nahikoa–). Ostera, behera eta barrura begiratzen dutenean, estatu barneko gatazka nazional eta sozialetara, espainiar estatuko apezpiku frankistak baino katolizismo manikeoago eta giza eskubideen kode zorrotzagoa erabiltzen dute. Laburtuz eta sinple esateko: espainiar estatuarentzako, historiaren subjektu eta eroale, gerra kodea; guretzat, estatuen eta botere handien objektu diren herri, herritar edo mugimendu sozial oro, giza eskubideen aplikazio zorrotza eta biolentziaren errefusa. Baina txalotu egiten dugu Zorrillaren “errealismoa”, ustez gure inozentzia estalgabetzeagatik. Tout va bien.
"Gerra batzuetarako printzipio politikoak jartzen ditugu aurretik (eta errealismo politikoa azalpenerako soilik erabili); beste batzuetarako, errealismo politikoa lehenik (eta printzipio politikoak albo batera utzi)"
Zergatik ditugu gustuko halako mezuak? Gerra batzuetarako printzipio politikoak jartzen ditugu aurretik (eta errealismo politikoa azalpenerako soilik erabili); beste batzuetarako, errealismo politikoa lehenik (eta printzipio politikoak albo batera utzi). Interesatzen zaigunerako, bata zein bestea. Eta markoa geoestrategikoa bada, ezkerretik irentsi egiten da, berdin NATOren edo Errusiaren alde jartzeko: “Errusiaren inbasioa defentsiboa da, NATOk mugak bere lurraldera eraman dituelako, bere lurralde integritate arriskuan ikusi duelako”. Halakoak asko entzun ditut lagunekin solasean. Gurera ekarrita, gordin: zergatik ekarri dizkio Espainiako Estatuak hainbat gerra, tortura, GAL eta zapalkuntza mota desberdin herri honi? Aurrekoaren arrazoi berberagatik: bere burua defendatzeko, bere lurralde integritatea arriskuan ikusten duelako gure herriaren biziraupenarekin. Zergatik jartzen dizkiote eta jarriko dizkiote espainiar zein frantziar estatuek euskararen garapenari trabak beti? Euskararen zabalpen handiagoa, berdin euskal naziotasun zabalpen handiagoa, berdin Euskal Herri indartsuagoa, berdin bi estatuaren lurralde integritatea arriskuan. Errealismo politikoa da, tentela! Maquiaveloren zita bat ere sartu dezaket jarraian gerraren ezinbestekotasunaz, gustuko baduzue.
Noski! Politikan, berdin nazioartean edo estatu barneko gatazketan, giza eskubideak behekoentzako sarraila dira, goikoen komunikabide eta estatu aparailuek ondo babestu eta goraipatuak, statu quo-a aldatzeko saiakera oro arin desegin dadin, nola eta legez eta giza eskubideei segika. Baina de facto, egon, beti daude dialektikan errealismo politikoa eta printzipio politikoak. Irizpide bakarra lehena bada, basakeria ankerrena justifikatu daiteke, edo lotsakeria handiena egin ere. Gaur Guaidó da Venezuelako presidente, bihar Maduro, petrolio gabezia dago eta. Baina irizpide bakarra bigarrena bada, ezin da politika egin, meza santua baizik. Auzia sinplea da: dialektika horretan, stablishment-ak manikeismora joka dezake eta jotzen du (lehenera jokatuz eta bigarrena sarraila gisa ezarriz –la violencia venga de donde venga...–); ezkerrak ez, ordea. Ezkerraren "tragedia" da hori.
Errealismo politikoaren apelazio hutsa (Zorrillaren hitzaldira bueltatuz), hortaz, bando baten aldeko jarrera zuritzeko marko politikoa bilakatzen da. Ez badator inongo ezkerreko irakurketa eraldatzaile batekin atzetik, fribolitaterako osagai guztiak ditu berekin, errealismoak ezkerreko posizio oro irensteko arriskua. Civilization bideo-jokora jolasteko arriskua da, herriak eta herritarrak peoi hutsak bailiran. Galdera eta auzia, hortaz, bestelakoa da; ze irakurketa egin behar du ezker eraldatzaileak gerra interkapitalistez? Galdera horretatik tiraka pentsatu behar da erantzuna; kritikoki, ale guztiak mahai gainean jarriz, ñabardura guztiak azalduz, hedabide handien deabrutze ororen kontra, shock doktrina saiakera oro kritikatuz, eta gerraren historiaren konplexutasuna ezkutatu gabe, naif-ak izan gabe, baina bakearen potentzial politikoa mahai gainean jarrita. Izan ere, bakea eraikitzea gerra egitea baino zailagoa da, Kolonbiako presidente ohiak zioen bezala, aurreiritziak moldatzea exijitzen duelako.
"Ukrainako gerrak, zoritxarrez, eztabaida publikoaren deuseztapena, deabrutzea eta fribolitatea utzi digu ondare. Bakearen aldeko jarreraren gutxiespena eta burla, ezkerraren parte batek erabat eta osorik erosi duena"
Ukrainako gerrak, zoritxarrez, eztabaida publikoaren deuseztapena, deabrutzea eta fribolitatea utzi digu ondare. Bakearen aldeko jarreraren gutxiespena eta burla, ezkerraren parte batek erabat eta osorik erosi duena, geopolitikaren izenean. Eta gerra horrek gure balioen, sinesmenen eta sistema politikoaren gabeziak eta miseriak utzi dizkigu agerian, berriz ere. Baita gure sistema globalizatu eta ez-berdin honen injustizia eta prekarietate bortitza ere.
Ezkerretik eta burujabetzaren beharretik, mundu justuago baten bidean pentsatzea da ezkerrari dagokiona, inoiz baino zailagoa den gaur ero honetan, eskema sinplista eta zaharkituak zein fribolitateak alboratuz; geoestrategikoki zein nazio eskalan, giza eskubideak aldarrikatuz baina manikeismo edo zurikeria gabe, eta beti, uneoro, herritarrak eta herriak (kasu honetan, herri Ukrainarra) erdigunean jarriz, inperio "joko" eta inperio asmo guztien kontra.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.
Gauza garrantzitsu asko gertatzen ari dira Palestinan, Euskal Herrian eta munduan. Espantu israeldarraren aurrean Euskal Herrian inteligentzia kolektiboa martxan dago, inoiz baino indartsuago. Jende ezberdin asko, toki ezberdin askotan, gauza ezberdin asko egiten ari da... [+]
Palestinan gertatzen ari diren gizadiaren aurkako krimenak “berariaz gaitzesten ez dituzten” Israelgo erakundeekin harremanik ez izateko 2024ko apirilean EHUko Gobernu Kontseiluak hartu zuen konpromisoaz gain, beste urrats bat eman du euskal unibertsitate publikoak... [+]
Aurtengo uda garaian 46 gradutara iritsi da tenperatura Espainia eta Portugaleko leku batzuetan. Europako beste leku batzuetan ere 40tik gorako tenperaturak izan dituzte, baita Euskal Herrian ere. Iaz baino tenperatura altuagoak izan ditugu eta aspalditxo izan ditugun handienak... [+]
Nazio Batuen Batzorde batek bi urte behar izan ditu palestinar herriak hamarkadetan salatu duena berresteko: Israelgo estatu sionista genozidioa gauzatzen ari dela. Herri presioa gero eta handiagoa da gure agintarien gainean, eta nazioarteko boikotak lehen arrakalak ireki ditu... [+]
TikTok-en parafernaliatik urrun bizi naizenez, aurreko egunera arte ez nuen jakin Maria Pombo horren berri. Sare sozialek orduero aurkitzen dute kalapitarako gairen bat eta, honakoan, kristorena sortu zuten influencerrak irakurtzearen gainean egindako adierazpenek. "Esango... [+]
Telesforo Monzon laborategiak antolatutako uda eskolak euskararen etorkizunaz gogoeta egiteko plaza beroa ekarri zuen Bergarara. Hasieran, Garikoitz Goikoetxeak eta Olatz Altunak euskararen egungo egoera eta etorkizuneko joerak marraztu zituzten, eta horren gainean aritu ziren... [+]
2018ko uztailean, CAF Beasaingo enpresa batzordeak lehen aldiz eskatu zion ofizialki CAFeko zuzendaritzari Jerusalemgo tranbiaren esleipen konkurtsoan ez parte hartzeko. Momentu horretan egoerak gaurkoarekin zerikusirik ez bazuen ere, ohiko trenbide batetik harago, proiektu hori... [+]
Mundua Israel Gazan egiten ari den genozidioaren hondamendira begira dagoen bitartean, kolonoen mugimenduak eta Israelgo armadak triskantzak egin dituzte Zisjordanian eta Ekialdeko Jerusalemen. Ondorioz, palestinar gisa han bizitzea eguneroko borroka bihurtu da, biziraupenekoa:... [+]
Dena aldatu da urriaren 7an Al-Aqsa Uholde Operazioa hasi zenetik. Palestinarrok utzi diogu biktima perfektuen eta terroristen arteko nahasketa izateari, batzuek konturatu nahi ez dutela dirudien arren. Irudi lazgarrien gaindosiak, azkenik, masa handien enpatia erreala eragin du... [+]
Asteburu honetan jakin dugu, Palestinarekin Elkartasuna plataformako kideen bitartez, Israelek 33. FCI/IGP Munduko Txapelketan parte hartu duela, Gasteizen ospatu den nazioarteko txakur lehiaketa batean. Duela egun batzuk izan genuen txapelketaren berri, baina Israel ez zegoen... [+]
Badira egun batzuk Instagrameko @denuncias_euskalherria kontuan argitalpen bat agertu zela. Bertan, ama batek adierazten zuen bere alaba Bernedoko euskal udalekuetan egon zela hamabost egunez eta talde mistoetan dutxarazten zituztela 13-15 urte bitarteko nerabeak, aukerarik eman... [+]
Aurrekoan idatzitako Irakasleon figura artikuluaren harira, kontu esanguratsu bat landu nahiko nuke. Artikulu horretan aipatu bezala, jende askoren ahotan dabil irakasleon lan karga baxua dela (gehienbat hezkuntza publikokoena), eta ditugun pribilegioak gehiegizkoak direla. Ez... [+]
Euskal Eskola Publikoaren alde borrokatzea STEILASen ikurra da. Ikasturte hasierarekin batera, gogoratu behar da aurreko ikasturtean hainbat kolektibotan akordio garrantzitsuak sinatzea lortu genuela, hezkuntza publikoan grebak eta mobilizazioak egin eta gero. Lan-akordio horiek... [+]
Jakina da poliziari esku sartzeak beti dakarrela arrisku nabaria. Bere garrantziagatik eta seriotasunagatik, kontuz aztertu beharra eta larria denez, terminologia-trabarik gabe, badaezpada.
Duela aste batzuk Ertzaintzak Azpeitian egindako esku hartzeak, bertako herritar askok... [+]