Inor Ez Da Ilegala proiektuko irabazien erdia, manteroen erresistentzia kutxara

  • Dagoeneko, behar larrian diren 100 lagun baino gehiagorengana iritsi da Bizkaiko mantero senegaldarren erresistentzia kutxa. Ezin dute kalean saldu eta askok ez du paperik –alegia, administrazioek iragarritako laguntzetatik kanpo geratu dira–. Orain arte, kale-saltzaile senegaldarrek eta ARGIAk elkarlanean dugun "Inor ez da ilegala" proiektuko diru zati bat etorkizunean sortu nahi duten kooperatibarako gorde dute. Garaiotan, baina, proiektutik lortutako diru-sarrera berriak erresistentzia kutxara bideratzea erabaki dute.


2020ko maiatzaren 08an - 11:40
Baba Mbaye, Khadim Sambe (erdian) eta Boubacar Diouf, Mboloko kideak. Argazkilaria: Dani Blanco.

“Kale-saltzaile asko egunekoarekin bizi dira, eta eguneroko hori erortzen denean, akabo. Askok, oraintxe bertan, ezin du alokairua ordaindu, ezin du jatekorik erosi… Mugikorretik ere ezin deitu dago jendea, saldorik ez duelako”, azaldu digu Mbolo Moye Doole kale-saltzaile senegaldarren elkarteko kide Khadim Sambek. Zorionez, herritar ugari dira erresistentzia kutxan ekarpena egiten ari direnak: “Hasi ginenetik ia 13.000 euro banatu ditugu eta 100 lagun baino gehiagorengana iritsi gara. Euskal Herrian babesa izaten ari gara, ez bakarrik jendeak dirua sartzen duelako, batzuek deitu egiten digute, ea zer moduz gauden galdetzeko, animoak emateko. Hori ere eskertzekoa da”.

Etorkizuna ere, ilun

Konfinamenduaren ostean arazoak ez dira bukatuko kale-saltzaileentzat. Batetik, egoera berriak salmentari eragingo diola ziur da Sambe: tabernetan, jatetxeetan… saldu ohi dutela dio, eta neurri berriek zaildu egingo dutela hori. Kalean ere, ez dute erraza izango: “Jendeak beldurra du eta askok ez digute erosi nahiko, kutsatuko ditugun beldur, edo erosten dizkiguten produktuak kutsatuta izango diren beldur”; aurreiritziak ez baitira gutxi.

“Jendeak beldurra du eta konfinamendu ostean ere askok ez digute erosi nahiko, kutsatuko ditugun beldur, edo erosten digutena kutsatuta izango den beldur”

Bestetik, lege bidegabeek ilegaltasunera, klandestinitatera eta prekarietatera kondenatuta ditu aspalditik migratzaileak, orain bezala, deskonfinamenduan ere. "Lan honetan ari gara besterik ez dugulako, ez nahi dugulako”, dio Sambek. Hona ailegatu eta hiru urtez ilegal aritu behar dute lanean, beltzean, ez dute beste aterabiderik, eta eta ondoren hasi dezakete lurraldean errotuta daudela frogatzeko prozesu luzea. Horregatik, pandemia egoera honetan, inongo babes ekonomikorik gabe geratu dira asko eta asko, ilegalak baitira administrazioarentzat. Paperek sarbidea emango liekete enplegua legalki lortzeko, kotizatu ahal izateko, bertan bizitzeko eskubidea izateko… eta horregatik “legalizazioa orain” kanpaina martxan da. Portugalen paperak eman dizkie gobernuak herrialdeko migratzaileei, gurean ordea ez dirudi horretarako asmorik dagoenik.

Inor Ez Da Ilegala

ARGIAk eta Mbolo Moye Doole elkarteak denbora daramagu "Inor ez da ilegala" proiektuan: kamisetak, jertseak, poltsak eta liburuak ditugu (Internet bidez, azoka.argia.eus helbidean eros ditzakezu), pertsona ilegalik ez dagoela ozen aldarrikatu eta bi proiektuok bultzatzeko helburuz. Salmenta bakoitzeko irabazien erdia ARGIA proiektua indartzeko da eta beste erdia berriz, Mbolok buruan duen kooperatiba aurrera ateratzeko. Bizi dugun egoeran, salmenta bakoitzeko irabazien erdia erresistentzia kutxara joango da orain.

Zuzenean ere egin daiteke ekarpena Mboloren erresistentzia kutxan. Bizkaiko SOS Arrazakeriaren izenean dagoen kontu korrontea eman dute (ES67 2095 0005 1838 3074 5829) eta kontzeptuan "Apoyo Mbolo" jarri behar da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Covid-19 eta erantzun soziala
2022-02-15 | Estitxu Eizagirre
Pediatrek ikastetxe barruetan maskarak kentzea eskatu dute, modu progresiboan

Katalunian Societat Catalana de Pediatria elkarteak pandemia kontrolatzeko ikastetxeetan aplikatzen diren neurriak bertan behera uzteko eskatu du, neurri horiek haurrengan dituzten ondorio kaltegarriak argudiatuz. Tartean dago gela barruetan maskararen erabilera kentzea, modu... [+]


Bizitza

Beste hainbat bezala COVID pasearen aurka Bilbon deituta zegoen manifestaziora joan ginen aurrekoan. Bertan adin, kolore, janzkera eta hizkera askotariko zenbat jende zegoen ikusteak asko poztu ninduen, eta tartean topatu nituen unibertsitate garaiko batailetako lagunak edo... [+]


2022-02-01 | Estitxu Eizagirre
Covid pasaportearen auzia Zarauzko Udaleko osoko bilkurara eraman dute hainbat herritarrek

Zarauzko Udaleko urtarrileko osoko bilkuran, galdera erantzunen txandan sei herritarrek hartu zuten hitza, eta Covid pasaporteak eragindako diskriminazioa eta beren bizipenak azaldu zituzten; tartean, pasaporterik gabe kiroldegira sartzeagatik atxilotuta bukatu zuen... [+]


2022-01-24 | Garazi Zabaleta
Lurre Hurre
Migratzaileak nekazaritzan trebatzeko proiektua Bermeon

Bermeon jaiotako eta bertara etorritako herritarren artean hilean behin egiten zuten tertulia dago Lurre Hurre proiektuaren oinarrian. Elkar ezagutu zuen herritar talde horren harremanetik abiatuta, eta konfinamendu garaian migratzaile askok bizi zuten egoeraz jabetuta, egitasmo... [+]


2022-01-11 | Joseph Andras
Pase poliziakoa: ezkerraren amore emate bat

Joseph Andras (Le Havre, Frantzia, 1984) idazlea da. 2016an lehen eleberriagatik "Goncourt" sari famatua eman zioten, baina berak uko egin zion epaimahaiari esanda “lehia, konkurrentzia eta norgehiagoka arrotzak zaizkiela idazketari eta sorkuntzari”... [+]


Eguneraketa berriak daude