Indonesia: ba ote du Prabowok anbizioa adinako abileziarik?

  • Indonesia formalki BRICS-kidetuko balitz, akronimoari beste I bat gehitu beharko litzaioke, agian. Gehikuntza kualitatiboa litzatekeelako. Demografikoki. Geopolitikoki. Asma zeuk non ez den begi onez ikusiko hori.


2025eko azaroaren 06an - 08:50
Prabowo Subianto 2025eko BRICSen Brasilgo goi-bileran izan zenekoa. BPMI of the Presidential Secretariat
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Hamaika berezitasun badu Indonesiak: munduko laugarren herrialdea da biztanlez, hego hemisferioko populatuena, fededun musulman gehien dituena… Baita ere, luzaz, irla populatu gehien –zazpi mila, omen–, eta dentsitate handienekoa –Java, 160 milioi biztanle; 1.200, kilometro koadroko– dituena. Eta 600 bat etnia. Mundu bat da, bere horretan, Asiako (des)kolonizazioaren emaitza den herrialde hori. Ez litzateke inoiz ahaztu behar.

Berezko ñabarduren artean bada, halere, gutxitan gogoratzen den zerbait: kanpo-harremanetako ministrorik ez balu bezala funtzionatu ohi du herrialdeak. Izan, ministroa badu, noski; baina errepublika presidentzialista izanik, azken hamarkadetan bederen, presidenteak beretzen ditu kanpo-harreman funtsezko guztiak; eta ministroa ezezaguna izaten da adituentzat izan ezik. Hala gertatzen zaio egungo ministroari ere. Areago, gainetik Prabowo duenean.

Agintean urtebete daraman Prabowo Subiantok erakutsi baitzuen jada, aurreko agintaldian, Joko Widodoren pean, Defentsa ministro “besterik” ez zenean, kanpo-harremanen atal horretarako (ere) bere asmo propioak bazituela. Zehazki zein, ez da erraza jakitea, ez orduan ez orain. Berez, beti izango da zaila Praboworen egitasmoei buruz zerbait ziur jakitea. Haren iraganean ere zer den egia eta zer ez jakitea ez da batere erraza, hortik pentsa.

Ziurra baino ziurragoa da, hori bai, Praboworen anbizioa. Bere aitaginarreba Suhartoren armadan goreneraino heldu eta gero hura uzkailtzen jokatu zuen paper ilunean antzematen zen jada. Geroztik landu duen profil politiko nazionalistan are nabarmenagoa izan da. Batez ere Widodoren aurka 2019ko hauteskundeak galdu, kale-istilu larriak sustatu eta, azkenik, Jokowiren Defentsa ministro bihurtzea lortu zuenean. Nahiko erraz irabazi zituen 2024ko hauteskundeetan burutu zuen bere anbizioa. Etxekoa.

Aginte gorenean daraman urtebetean ikusten ari baikara etxetik kanpora ere badituela asmoak Prabowok. Azken hamarkadatan, lausoa baino lausoagoa izan da Indonesiaren presentzia/absentzia nazioarteko foroetan, hurbilenetan izan ezik. Orain, ordea, Praboworen irudi moztaka, luze bezain zabal, songkok edo kopiah buruan beti, bilkura guztietan agertzen ari da. Azkena, APECen goi-bileran, Hego Korean. Aurreko astean, ASEANenean, Kuala Lumpuren, Trumpekin kuxkuxean. Lehentxeago, Pekineko desfilean, Tianjineko goi-bileran kale egin ondoren, etxeko iskanbilak amatatzen lana bazuelako (abilezia nahikorekin itzali dituela ematen du, oraingoz).

Eskubide osoa du, jakina: halako herrialdeak horrenbesteko protagonismoa behar du. Kontua da zer dabilen horren atzean. Begiraleak hasi dira hitz-gakoa ahoskatzen: BRICS. Uztailean, Rioko goi-bilkuran Prabowori egin zitzaion harrerarekin abian jarri zena hozitzen arituko litzateke.

Indonesia formalki BRICS-kidetuko balitz, akronimoari beste I bat gehitu beharko litzaioke, agian. Gehikuntza kualitatiboa litzatekeelako. Demografikoki. Geopolitikoki. Asma zeuk non ez den begi onez ikusiko hori.

Ba ote du Prabowok horretarako beharko litzatekeen abileziarik?


Eguneraketa berriak daude