Indonesiarrak elikadura burujabetzatik urruntzen ditu gurpilen ekoizpenak

  • Indonesiako poliziak maiatzaren 26an Junawal Bin Sukino nekazari sindikalista atxilotu izanak kexua eta amorrua piztu ditu bertako nekazari ttipien artean. Beste behin, haien oinarrizko eskubideei tu egin eta multinazionalen mesederako hartu erabakia delako. Bioaniztasunaren errespetuan, belaunaldiz belaunaldi landuriko haien lurren lapurketak geldiarazi nahian dabiltza borrokan, eta jomugan kautxu naturala ekoizten dabiltzan multinazionalak dituzte.

Junawal Bin Sukino nekazari sindikalista preso sartu izanak kexua eta ezinegona areagotu du Indonesian eta batez ere bertako Tebo eskualdean. Nekazarien eskubideen alde dabil aspaldian Junawal eta bide beretik, Indonesiako Gobernuak hitzemandako elikadura burujabetza gauzatu nahian ere ari da. Maiatzaren 26an atxilotu zuen poliziak SPI Serikat Petani Indonesia-ko (Indonesiako Nekazarien Sindikatua) lehendakaria, kautxu naturalaren ustiaketan berezituriko PT LAJ enpresaren kontrako sabotajea leporaturik. Enpresa hau RLU Royal Lestari Utama-ren adar bat da. Izen horien gibelean, Indonesia suntsitzen dabilen palma olioaren negozioa gorde zitekeen ederki, baina ez. Berdin-berdin desmasiak egiten dabilen kautxu naturalaren negozioa dugu: Indonesiako  PT. Barito Pacific eta ezagunagoa zaigun  Frantziako Michelin enpresaren filiala dugu RLU Royal Lasteri Utama.
“2019ko maiatzaren 14an PT LAJen bost ekipamendu erre izana leporatzen zaio. Kontua da gaztigurik gabe PT LAJek burutu lur hartzeak eta laborarien kanporaketak salatzen dituela Junawal burkideak”, azaldu dio mouvementcommuniste.over-blog.com komunikabideari Sarwadi sindikalistak. Geroztik preso segitzen du eta erregularki milaka herritar dira karrikara ateratzen sindikalistaren askatzea exijitzeko. Sindikalista hau eta besteak ere, Junawalen atxiloketa ez delako ezohikoa, eta intimidazio, atxiloketa, mehatxu edota errepresioa eguneroko ogi dutelako bertako nekazari ttipiek.
Oinarrian, multinazionalak burutu Napal Putih herrixkaren desegitea dugu. Herrixka hau elikadura burujabetza helburu, kolektiboki pentsaturikoa eta antolaturikoa da –eskola, ekoizpen kooperatibak, merkatu propioak, espazio kultural zein erligiosoak biltzen dituen elkarbizitza interesgarria duena–. “Benetako ekosistema autosufizientea” Via Campesina sindikatuaren hitzetan.

Monokultura vs burujabetza

Baina kautxu naturalaren “natural” adjektiboak ez du erran nahi baitezpada modu iraunkorrean egiten denik. Kautxua izan daiteke sintetikoa, hidrokarburotik lortua, edo naturala begetal batzuk  ekoiztu latexarekin egina. Bide naturalean dabiltzan multinazionalak, esportaziora bideraturik, monokultura garatzen dabiltza, sekulako eremuak berenganatuz. Indonesia eta Thailandiaren artean, ekoizpenaren %50 segurtatzen dute, 2018ko datu ofizialei segi. Azken hamar urteetan ekoizpena bikoiztu egin da eta bilakaerak tendentzia berean segitu behar luke.
PT LAJek ekoizpenerako baimenak lortu arren, baimen hauek belaunaldiz belaunaldi bertatik bizi ziren nekazarien lurrei buruzkoak dira eta egunetik biharamunera lurrik gabe gelditzen dira laborariak. “Argi uzten du Michelinek begiak ixten dituela: Ekoizteko helburuarekin dabiltzan enpresak laborarien lur-eskubideak zangopilatzen dabiltza. Beste molde batera erranda, garapen iraunkorraren izenean lurren lapurketak legitimatu ditu Michelinek”, dio SPI sindikatuak.
Kontua berdez pintatzeak, hots, garapen iraunkorraren izenean aurkezteak amorrazioa handitu besterik ez die egiten. Hain zuzen, 2012az geroztik Tebo eskualdea inarrosten duen gatazkaren oinarrian Tropical Landscapes Finance Facility (Paisaia Tropikalen Finantza Mekanismoa) programak finantzaturiko egitasmoak dira. Orotara 95 milioi dolar jaso zituzten kautxu zuhaitzak landatzeko Sumatra eta Borneon. Programa horren parte dira NBEko ingurumenaren arloa eta Munduko Agro-oihangintzaren Zentroa, baita ADM Capital inbertitzailea eta BNP Paribas bankua ere. Ofizialki, modu iraunkorrean dabiltza kautxua ustiatzen. Errealitatea haatik besterik da Via Campesina nekazari ttipien sindikatuak behin eta berriz deitoratu duenez.
Geroz eta gehiago entzuten da zuhaitzen landatzeko beharraz eta helburuaz hitz egiten, tartean multinazionalen ahotik. “Egindako klik bakoitzarentzat zuhaitz bat landatuko dugu” edo “erositako mozkin bakoitzak zuhaitz landatze bat bideratuko du” gisako esaldiak ohikoak bilakatzen ari dira gaur egungo testuinguruan. Zuhaitzak aterabideen artean ditugulako klima larrialdiari aurre egiteko. Baina kontua da landaketa guztiak ez direla onak: edo bioaniztasuna errespetatuz egiten da eta emaitza positiboak ditu, edo monokulturan egiten da eta kalteak ekarriko ditu onurak baino gehiago –pestizida eta ongailu kimikoen kutsatzeaz gain, lurra pobretu eta hil egiten duelako–. Gaur egungo multinazionalen mezu berdeak monokulturara bideraturik dira gehiengo handian –eta kautxua edo palma olioa ekoizteko izaten dira, hots Indonesia pobretzen duten ekoizpenentzat–. Socialter.fr komunikabideko “Oihan berritze kanpainak, enpresen greenwashing berria?” (Les campagnes de reforestation, nouveau greenwashing des entreprises?) artikulua luze eta zabal ari da monokulturaren kalteei buruz. Nola ez, helburua betetzeko tokiko herritarrei lurrak “lapurtzeko” joera aipatzen du kazetariak.
Alta, elikadura burujabetza Joko Widodo Indonesiako presidentearen 2014ko promesen artean izateak esperantza piztu zien nekazari ttipiei. Horrez gain, beste zortzi helburu interesgarri ere zituen finkaturik: lur erreforma, lur gatazken konponketa, agro-ekologia, kooperazioa finantzazioarentzako, tokiko merkatuaren bultzada, baserri munduaren garapena, populu indigenen eskubideen defentsa eta ingurumenaren babesa. 2013an bozkaturiko Laborarien Babeserako eta Botereen Azkartzerako Legea ere dute haien alde, 1960ko lur erreformaren printzipio batzuk berriz jartzen dituelako lehen lerroan, tartean, lur eskubideari dagokionez –1965-1998ko Suhartoren diktadurak helburua alde batera utzi zuen–. SPI gisako erakundeak buru belarri inplikatu dira helburuan: autonomia zerumugan, benetako herrixka antolatuak sortu dituzte adibidez –Napal Putih demagun–.
Helburu agroekologiko, sozial eta ekonomiko hau dute mehatxatzen multinazionalek. Larelevetlapeste.fr komunikabideko “Indonesia: Michelinek laborarien lurrak eskuratzen ditu, ‘kautxu naturala’ ekoizteko” (Indonésie : Michelin s’accapare les terres des paysans pour des plantations de ‘caoutchouc naturel’) artikuluan argiki azaltzen du SPIko Zainal Fuadek: “Politika ekonomiko neoliberalaren ondorioa dugu egoera hau, gobernuaren arauak zangopilatzen dituzte multinazioanek. Gure baliabide naturalak eta lurrak lapurtzera datoz multinazionalak ‘Lanbide berdeak’ sortzeko estakuruarekin, baina errealitatea da autoritarioak direla eta gure oinarrizko eskubideak zangopilatzen dituztela”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ingurumena
2024-04-25 | Estitxu Eizagirre
"Lurra taupaka" festara deitu du Amillubi proiektuak, maiatzaren 11n

Laborantza lur emankorrak ondasun kolektibo bilakatu nahi ditu Amillubi proiektuak. Horretarako herritarren eta hainbat kolektibo eta erakunderen ekarpenak biltzen ari da eta maiatzaren 11rako egun osoko festa antolatu du Amillubin bertan, egitasmoari bultzada emateko.


2024-04-25 | Estitxu Eizagirre
Marta Barba Gassó:
"Tomate hidroponikoa lur faltagatik jarri da eta lur falta monolaborantzaren ondorio da"

Tomateaz tesia egina du Marta Barba-k eta Egonarria saioan Eli Pagolarekin elkarrizketan azaldu du zer den hidroponia teknika. Bere hitzetan, gakoa da aztertzea "noiz eta zergatik" sartu zen hidroponia Euskal Herrian: "Lur arazoak daudelako. Eta lur arazoak daude... [+]


2024-04-25 | Sustatu
'Mendiurrena': Euskal Mendizale Federazioaren mendeurrena

Maiatzean beteko dira 100 urte Euskal Mendizale Federazioa (EMF) sortu zela, orduan ere oihartzun handia izan zuen eta Elgetan izan zen ekitaldi batean (1924ko maiatzaren 18an). Mendeurren hau ospatuko du EMFk logikoki, eta izen aproposa ere asmatu diote: Mendiurrena.


Eguneraketa berriak daude