Indonesia: lurrikarak ia urtero eta hildakoak ehundaka

  • Azaroaren 18an lurrikara izan zuten herrialdean, eta gutxienez 268 hildako zenbatu dituzte. Azken aldian beste zenbait lurrikara izan dira Italian eta Mexikon, baina kalteak askoz txikiagoak izan dira, nahiz eta intentsitate gogorragoak izan. Eraikinen osaera izan liteke gakoetako bat.


2022ko azaroaren 25an - 07:30
Indonesiako biztanle bat, bere etxearen aurrean, lurrikarak suntsitua. / Argazkia: Antara Foto/Yulius Satria Wijaya/REUTERS

Indonesian lurrak dardarka jarraitzen du hilaren 18ko lurrikaraz geroztik. Lehenak, Richter eskalan 5,6koa, gutxienez 268 hildako eta milatik gora zauritu utzi ditu. Gorpuen eta bizirik atera direnen bilaketa lanetan dihardute orain herrialdean, baina lurrak ez die lanak egiteko parada handirik eman, eta gutxienez beste 118 aldiz izan dituzte larunbateko lurrikararen erreplikak; 1,5 eta 4,2 artekoak. Hala ere, adituek baztertu egin dute tsunamia sortzeko arriskua.

Herrialdeko uharterik jendetsuenean, Javan, gertatu da ezbeharra. Hildakoen eta zaurituen datuez gain, bestelakorik ere utzi du lurrikarak: 22.000 etxebizitza suntsitu ditu eta 58.000 pertsona lekualdatu dituzte. Azken orduetan, erreskate lanek iraun bitartean, bizirik dauden pertsona gehiago ateratzen ari dira.

Indonesian ohikoak dira lurrikarak; azken datuei begiratuta, ia urtero izaten dute ezbeharra. Guztietan, gainera, kalte material eta hildako andana utzita. Iaz bertan, Celebes uhartean izandako lurrikarak 105 hildako, 3.369 zauritu eta 94.000tik gora lekualdatze utzi zituen. Aurtengoa baino intentsitate handiagokoa izan zen.

Ondorio ezberdinak

Argi dago Indonesia lurralde sismikoa dela, urtero izaten baitituzte lurrikarak edo erreplika txikiak. Baina kokapen geografikoa ez da bakarra kalte handi horiek jasanarazten dizkiona. Ikusi besterik ez dago, azken lurrikara hau jakinarazi baino egun batzuk aurretik, Italian bertan izan zuten lurrikara. Azaroaren 9an 5,7ko intentsitatea izan zuen lurrikara izan zen Italian, Indonesiakoa baino apur bat gogorragoa. Gerora, bi erreplika izan zituen 3,4 eta 4,0 gradutakoak. Baina ezbehar horiek guztiek ez zuten hildako bakarra ere eragin; are, ezta zauriturik ere. Suhiltzaileek errondak egin zituzten etxebizitzetan zehar, euretako zenbait zartatu zirelako dardarekin, baina kalteturik ez zuten aurkitu.

Italiakoa baino handiagoa izan zen irailean Mexikon izan zuten lurrikara; 7,7ko intentsitatea izan zuen. Bi lagun hil ziren lurrikarak sortutako kalteen ondorioz, eta beste bi irailaren 22an izandako 6,9 graduko erreplikan. Argi dago, beraz, munduan herrialde sismiko ugari daudela, baina lurrikaren indarra antzerakoa izanda ere, ondorioak ez dira berdinak. Adituek hainbat faktore aztertu dituzte, eta zenbait aldaezinak badira ere, badaude zirrikituak kalteak hain handiak izan ez daitezen.

Eraikinen osaera izan daiteke gakoetako bat hildako kopuruak behera egin dezan nabarmen: lurrikaren aurkako eraikinak behar dira, eta Txileko adibidea jarri dute. Bertan, lurrikara gehien pairatzen dituen herrialdean, apenas jausten den eraikinik, eta, ondorioz, izaten duten hildakorik. Eraikinak hormigoi armatuzkoak dira bertan, energia disipadoreak dituzte, eta lurrazalaren azterketa zehatzak. Horri ebakuazio plan zehatz eta landuak gehituta, kalte material zein heriotzak asko jaitsiko liratekeela ondorioztatu dute.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Indonesia
Trantsizio ekologikoaren izenean, bere ingurumena sakrifikatzen dabil Indonesia

Indonesiako hiriburu Jakartaren itsasoratzeari aurre egiteko eta jakartarrek nozituriko kutsadura arazoari erantzuteko, hiri erraldoi bat zerotik eraikitzen dabiltza, Borneo oihan zabalean. Lekualdatzeak bideratu eta hiriburu berria bilakatuko da Nusantara izeneko sortu berria... [+]


2022-10-03 | Jon Torner Zabala
Tragedia Indonesiako futbol estadio batean: Poliziaren jokabidea ikertzeko eskatu dute

Gutxienez 125 lagun hil ziren larunbatean Indonesiako Kanjuruhan estadioan, Arema eta Persebeya Surabaya taldeen arteko partida amaitzean. Jasandako porrotarekin suminduta, Aremako zaleek zelaira salto egin zuten, eta ostean Persebeyakoek; elkar eraso egiteaz gain, jokalarien... [+]


Duela 30.000 urteko zirujauak

Borneo, duela 31.000 urte. 10-13 urte arteko mutiko batek istripu bat edo gaixotasun bat izan zuen eta kalte larriak eragin zizkion ezkerreko hankan. Mutikoaren bizia salbatzeko, oina anputatu zioten, hanka berna-bizkarretik ebakita.


Eguneraketa berriak daude