ARGIA.eus

2021eko apirilaren 20a

Inbertsio publikoak euskarazko komunikabideentzat: izoztuta eta gutxitzen

  • Azken urteotako inbertsio publiko txikiena egingo dute Hego Euskal Herriko administrazioek euskarazko hedabideetan, Hekimen elkarteak jakinarazi duenez.

ARGIA @argia
2015eko urtarrilaren 19a
Hekimenen batzar orokorra 2014ean (artxiboko irudia). Hedabide euskaldunei bideratutako inbertsio publikoaren datuak argitaratu ditu elkarteak.

Euskal hedabideak ordezkatzen dituen elkarteak plazaratu dituen datuek kezka eragin dute sektorean, 2012tik hona euskaraz ari diren komunikabideek administrazioaren inbertsioetan geroz eta pisu txikiagoa dutela ikusirik.

Eusko Jaurlaritzak ematen dituen laguntzak dira garrantzitsuenak sektorearentzat eta 2012tik izoztuta daude. Gainera, urte hartan, ia milioi bat euro argaldu zen poltsa (%15eko murrizketa).

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiei dagokienez, honakoa da egoera:

-Bizkaian, EAJk gobernatzen duen Foru Aldundiak 450.000 euro aurreikusi ditu aurten hedabideentzat, kasik 2012ko kopuru bera –orduan 440.000 izan ziren–.

-Gipuzkoan, Bilduren gobernuak 946.895 euro bideratuko ditu euskarazko hedabideentzat. Azken urteotan igoera egin duen erakunde bakarra da, 2012tik hona %16 gehiago inbertitzen du euskarazko medioetan, baina iazko kopuru bera izango du aurten sektoreak.

-Araban, PPren Diputazioak euskal hedabideetan inbertitzen duena “anekdota” gisa deskribatu du Hekimenek: 10.000 euro urtero.

Bestalde, Hekimenek gogora ekarri du Nafarroako Gobernuak 2008an abian jarri zuen politika zein den: euskaraz ari diren komunikabideentzako laguntza guztiak moztu zituen eta orduz geroztik ez du dirurik bideratu euskal medioetara.

Bestelako politikaren premia, datuen argitan

Hekimen elkartearen ustetan, datu hauek “garbi azaltzen dute” hedabideek bestelako laguntza politika behar dutela. “Batez ere orain”, etorkizunari begira elkartu direnean, “eta sektorearen azterketa eta diagnosia egiteko eta aurrera begira jartzeko elkarlana proposatzen ari direnean”.

Elkarteak “oso garrantzitsutzat” jo du HPSrekin zabalduta dagoen mahaia, diagnosia partekatu eta diru laguntza politiken inguruan irizpideak eztabaidatzeko: hedabideen irismena, hedabideen kalitatea, hedabideen errentagarritasun soziala, hedabideen estrategikotasuna.

Hekimenek uste du gogoeta horrek lagundu beharko lukeela irtenbideak bilatzen eta aurkitzen “ez bakarrik berehalako diru politikari begira, ezpada sektorea egonkortu eta sendotzeko epe luzeko perspektibari begira ere”.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Hekimen kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude