Hekimenek kritikatu du euskal hedabide gehienak Covid-19ko dirulaguntzatik kanpo daudela

  • Hedabideak laguntzeko Eusko Jaurlaritzak aurten egindako bi dirulaguntza deialdi aztertu ditu herri ekimeneko euskal hedabideen elkarteak, eta ondorioztatu du “baliabide handitze nabarmena” behar dela sektorea egonkortzeko, berrikuntza prozesuak sustatzeko eta hedabide berrien sorrerari eusteko.

Hekimeneko eta euskal instituzioetako ordezkariak pandemia garaiko argazki batean. (Arg.: Hekimen)

2022ko abenduaren 22an - 13:49
Azken eguneraketa: 15:35

Komunikazioaren mundua eraldaketa prozesu sakona bizitzen ari dela iritzi dio Hekimenek: “Euskarazko komunikabideek funtzio sozial garrantzitsua betetzen dute euskararen normalizazio prozesuan ez ezik, informaziorako eskubidean, iritzi aniztasunaren bermean zein desinformazioaren aurkako borrokan ere”.

Zeregin horiei behar legez heltzeko, aldiz, ezinbestekoa da “euskarazko komunikabideen ekosistema egonkortzeaz eta sendotzeaz gain, errealitate berrira egokitu eta hobetzen joatea”. Egokitzapen hori berrikuntzaren bidez egin behar duela uste du elkarteak, eta horretarako erakunde publikoen laguntza ezinbestekoa dela.

“Ez gara kostuen %35a estaltzera iristen”

Aurten izandako dirulaguntza deialdien balorazioa ere egin du. Euskarazko hedabideentzako 2022-2024 aldirako egindakoa baloratu du lehenik, eta kezkatuta agertu da, oraindik ez direlako, 2018ko datuetan oinarrituz, “ezarri ziren kostu estandarren %35 estaltzera iristen”. Dirulaguntza horiek komunikabideen egonkortasuna laguntzera bideratzen dira, baina elkartearen ustez, “paperak, argindarrak edota erregaiek izan duten garestitze handiek” egonkortasuna bermatzetik urrunago eraman ditu.

Hekimenen esanetan, “zenbait komunikabidek deialditik deialdira gehiago jaso beharrean gutxiago jasotzen dute. Eta paradoxa baten berri ere eman du: deialdirako diru-funtsa finkoa denez, “ekoizpena handitzea edo egitasmo berriak sortzea sektorearen kontra bihurtzen da”.

Euskarazko gehienak oraindik kanpo

Covid-19aren pandemian hedabideek jasandako egoera gaitzari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzaren ez-ohiko dirulaguntzak ere baloratu ditu. Aitortu du aurten iaz baino euskarazko komunikabide gehiagok jaso dutela laguntza, baina oraindik gehienak deialdi horretatik kanpo gelditzen direla azpimarratu du: “Pandemiaren eraginak komunikabide guztiek pairatu dituzte eta denek lan egin dute beren hartzaileei informazio egoki eta zuzena emateko”.

Banaketa honek euskarazko komunikabideak kaltetzen dituela iritzi dio, “audientziak kalkulatzeko erabiltzen den sistemak ez dituelako audientzia potentzialak bereizten eta bistan da erdal hedabideen audientzia potentziala eta euskarazkoena ez direla berdinak”. Horregatik guztiagatik, Hekimenek baliabide handitze nabarmena eskatzen die erakunde publikoei.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskarazko hedabideak
ETBk 40 urte
Ardatz bertikala, erabakien adierazle

40 urte bete ditu euskal telebistak, eta 40 urteko ibilian goitik behera aldatu dira gauzak: telebista konbentzionala etxe batzuetan egotetik, guztietan presentzia hartzera pasatu da; baina egun, ikus-entzunezkoak nahieran ikusteko gehiago baliatzen da telebista,... [+]


2024-04-02 | ARGIA
Arrosa sareak Basaburuan egingo ditu aurtengo topaketak, Esan Erran irratiaren eskutik

Arrosa Irrati Sareak Nafarroan ospatuko du lehen aldiz komunikazio librearen aldeko eguna. Mende laurdena bete berri duen Esan Erran irrati txikian dute hitzordua, apirilaren 13an, Basaburuan. "Guretzat elkartzeko egun bat da, elkar gehiago ezagutu eta elkarlanaz... [+]


2024-03-04 | ARGIA
Hekimenek konpromisoak eskatu dizkie erakunde publikoei euskarazko hedabideak garai berrietara egokitzeko

Datozen eraldaketa sakonen aurrean euskarazko hedabideek iraungo badute, erakunde publikoei prozesuak azkartzeko laguntza eta konpromisoak eskatu dizkie Hekimenek, herri ekimeneko euskarazko hedabideen elkarteak.


Euskal Hedabideen Urtekaria Euskalerria Irratian aurkeztu du Behategiak

Trantsizio digitalarengatik eta lehengaien garestitzeagatik, 2023 urtea zaila izan dela nabarmendu du Hekimeneko zuzendari Igor Astibiak


Eguneraketa berriak daude