Lerratuak... beldurra ematen du

  • Donostia, irailak 14, Bingen Zupiria Kultura sailburua Euskarazko Komunikazioaren EHUko ikastaroetan: “Euskarazko hedabideak lerratuegiak daude posizio politiko-ideologiko batzuetara”. Ez da egokia argia izan behar duena ilun agertzea. Sikiera aukera izan bagenu galdetzeko zeintzuk ziren hedabideok, baina ez, ez zen hala izan.

Euskal hedabideetako ordezkariak 2011n Donostian egindako agerraldi batean. Arg.: Dani Blanco
Euskal hedabideetako ordezkariak 2011n Donostian egindako agerraldi batean. Arg.: Dani Blanco

Mezua batzuentzat zen, azken hamarkadetan jeltzaleen ingurumariak molde ugariz esan ohi duen moduan. Ez gara itsuak, jakina, baina ez dira moldeak. Hedabide guzti-guztiak daude lerratuta zerbaitekin eta hala behar du gainera. Hori ukatzen duena, beste barik, gezurretan dabil. Murrizketa garaian, ez al du ekarriko honek atzerakadarik 2018an euskarazko hedabideen finantziazioa hobetzeko lortutako akordioei begira!

Berarekin jardun zuen solasean Mikel Irizarrek eta, laburrean, 2011tik entzuten ari zaion igogailuen teoria aipatu zuen ostera ere: hau da, informazioa gora eta behera aritzea tokiko eta nazio mailako hedabideen artean. Nola egin ez zuen aipatu. Modu askotan egin daiteke seguruenik, baina ez da praktikatzen, edo oso gutxi. Hala ere, gaur egun bada bide horretan sakontzeko doako modu eraginkorra: hedabideok gure edukiak libre uztea sarean, nahi duenak har eta zabal ditzan. Askok dugu hori ahalbideratzen duen CC by-sa lizentzia, baina oso gutxi partekatzen dugu oraindik; hala ere, zorionez, gero eta gehiago. Ikastaroetan ez zen hortaz hitz egin. Komunikazioaren ikuspegitik, antza, ez da garrantzitsua, baina kazetaritzarenetik funtsezkoa da eduki libreen gaian sakontzea.

Josu Amezagak  euskal hedabideetan izarretakoa izan den gai historikoa ekarri zuen: euskara erdarazko hedabideetan. Bere aburuz, asko ei dago egiteko esparru horretan. Bingen Zupiriak ere argi du euskarak irabazi behar duela erdarazko hedabideen mundua, garrantzi handiz aipatu zuen hori 2018ko Rikardo Arregi sarietan. Berriz ere hedabide elebidunen urruneko oihartzun –antzu?– hura. Azaldu beharko dute buruan dutena, baina ez dirudi teknologiak konpon dezakeen kontua denik. Euskarazko hedabideek lau hamarkadatan unibertso oso bat aurreratu duten moduan, prentsa elebidunak, oro  har,  kilometro gutxi batzuk besterik ez ditu egin. Ezin dira Gara eta Noticias taldekoak konparatu, ezta hauek Vocentokoekin ere, baina euskara menpekoa den proiektuetatik nekez lor liteke berau ahalduntzea.

2017an interneten euskara bultzatzeko 73.000 euro jaso zituen El Correo-ko azal digitalaren elebitasun informatiboa honakoa zen urriaren 15ean, 17:00etan: 140 albistetatik 10 ziren euskaraz. Irakurleak pentsa dezake gaiez, tamainaz eta kokapenaz nolakoak ziren. Gustura entzungo nieke Amezagari eta Zupiriari basamortu hori ureztatzeko buruan zer duten.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskarazko hedabideak
2024-03-04 | ARGIA
Hekimenek konpromisoak eskatu dizkie erakunde publikoei euskarazko hedabideak garai berrietara egokitzeko

Datozen eraldaketa sakonen aurrean euskarazko hedabideek iraungo badute, erakunde publikoei prozesuak azkartzeko laguntza eta konpromisoak eskatu dizkie Hekimenek, herri ekimeneko euskarazko hedabideen elkarteak.


Euskal Hedabideen Urtekaria Euskalerria Irratian aurkeztu du Behategiak

Trantsizio digitalarengatik eta lehengaien garestitzeagatik, 2023 urtea zaila izan dela nabarmendu du Hekimeneko zuzendari Igor Astibiak


35 urteurrena emanaldi berezi batekin ospatuko du gaur Euskalerria Irratiak

1988ko azaroaren 7an egin zuen lehen emisioa Iruñerriko irratiak. Urteurrena aitzaki hartuta, Zentral aretoan “musika eta hitza” uztartuko dituen ekitaldi bat antolatu dute.


Eguneraketa berriak daude