Euskarazko "hedabide lerratuak", hazten eta txikitzen aldi berean

  • Euskarazko komunikazioa 2020ko hamarkadan, horixe izan zen EHUko Udako Ikastaroetan irailaren 14an eta 15ean Donostian landu zen gaia. Euskal Hedabideen Behatokiak antolatu zuen gogoeta, Hekimen herri ekimeneko hedabideen elkartea eta EHUko Nor ikerketa taldearekin batera diseinatua. Jaurlaritzako Kultura sailburu Bingen Zupiriak bertan jaurti zituen hitzek zeresanik eman dute: “Komunikazioa euskaraz egiten duten hedabideak oso lerratuak daude posizio politiko-ideologiko batzuetara”.

     

Binguen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua. Arg.: Jaizki Fontaneda / Foku
Binguen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua. Arg.: Jaizki Fontaneda / Foku

Sasoiotan ohikoa bihurtzen ari den moduan, saretik egin nuen jarraipena. Egun oso bateko irakurketarik egitea gaitza da, baina entzundako ideietatik irakurketa orokorrik egin beharko banu honakoa litzateke: Euskarazko hedabideek azken lau hamarkadetan asko aurreratu dute, arrazoi ugarirengatik, besteak beste bere garaian aro digitalari heldu ziotelako. Asko hazi dira, beraz, baina gure inguruko beste hizkuntzak ere bai, euskarazkoak baino gehiago gainera, eta beraz, ezinbestean lortu behar dugu azken hamarkadetan euskarara ekarritako euskaldun berriak gureganatzea, bereziki ikus-entzunezkoen esparruan, hori baita egungo gazteek gehien kontsumitzen dutena eta etorkizunean ere gehien kontsumituko dena.

Ez da makala laburpena, arriskutsuegia agian, baina horrekin geratuko nintzateke. Gero, hizlari bakoitzak euskarazko hedabideak indartzeko bere ikuspegia eskaini zuen. Goizeko azken ekitaldian elkartu ziren solasean sailburu eta bozeramaile berri Bingen Zupiria eta Mikel Irizar Goiena-ko sortzaileetakoa, egun erretiroa hartuta dagoena.

Mikel Irizarrek aurrera egiteko sistema bat adostu beharraz hitz egin zuen, gogoeta estrategikoan oinarrizko akordioetara iritsi beharraz, eta etorkizun horretan tokiko hedabideek izan behar duten garrantziaz. Tokiko hedabideen eta nazio mailakoen arteko informazioa elkar trukatu beharra ere aipatu zuen, eta horretarako sarri erabili izan duen igogailuen irudia erabili zuen, non informazioa tokikoen eta nazio mailakoen artean gora eta behera ibiliko litzatekeen. Euskal instituzioen eta euskal hedabideen arteko elkarlanerako garai ona bizi dugula iritzi zion, eta horren adibide gisa jarri zuen 2018an diru-laguntzen bueltan lortutako akordioa.

Bingen Zupiria ezkorrago agertu zen egoeraz eta gogoeta ugari egiteko gonbitea egin zuen, baina gonbitea, edo hori iruditu zitzaidan niri behintzat, batez ere euskarazko hedabideei egin zien. Aurretik mundua existituko ez balitz moduan –dramatizazioa da–, berehala jarri zen COVID-19ko garaiari begira, honek dena aldatuko duela azpimarratuz. Sasoi honetan, mundu zaharra eta berria bereizi zituen, horien muga digitalizazioan jarriz.

Etxealdian egungo garaia nola bizi zuen aipatu zuen: banaketaren mundua, liburutegi digitala, Netflix, gertuko informazioaren audientzia arrakasta... hori guztia mundu berria da bere aburuz. Egunkariak, telebista (batez ere aparailu klasikoaren aurrean jarri eta entzutea)... funtsean, gure komunikazio sistema mundu zaharraz hornitzen dela esan zuen eta gazteak ez daudela mundu horren truke ordaintzeko. “ETB, Berria, Deia... mundu berria egiteko lantokiak izan daitezke. Baina orduan, nola finantzatu hori guztia?”. Ekonomikoki ere garai oso estuak datozela gogoraraziz, horretaz guztiaz gogoeta egin beharra aipatu zuen. Eusko Legebiltzarra jo zuen gogoeta horretarako esparru egokitzat.

Eguneko harri-bitxia bere hitzaldiaren amaierarako utzi zuen eta, presaka zebilenez eta Bilbora alde egin behar zuenez, ez zen horretaz hitz egiteko aukerarik egon. Pena. Edozein modutan, badirudi astelehen hartan mezu hori argi bota nahi zuela, dagokionak ondo apunta dezan. Hemen esandakoa:

“Komunikazioa euskaraz egiten duten hedabideak oso lerratuak daude posizio politiko-ideologiko batzuetara eta hori oso deserosoa izan daiteke. Ez dakit hain identifikazio nabarmenak izatea, eta halako deserosotasunak eta zailtasunak sortzea, lagungarria den euskarazko produktuen kontsumorako.

Pentsa dezakegu euskal hiztun garen guztiok naturaltasunez hartzen ditugula euskaraz sortzen diren eduki horietako asko, baina, benetan diotsuet, barru-barrutik, ez da horrela. Etenaren arriskua ikusten dut euskal hiztun gaituak diren pertsonen artean. Horrek kezkatzen nau.

Niri Jaurlaritzatik bizitzea tokatu zait otsailaren 5etik hasi –Zaldibarrekin gertatua– eta gero pandemiaren garai honetan ikusi dudan oldartze handia, eta uste dut horretan protagonismo handia izan dutela euskarazko eduki komunikatiboek. Eta, zinez, horrek deserosotasun handiak sortu ditu”.

Hor bukatu ziren sailburuaren hitzak. Lehendik ere instituzioetatik sarri aipatu izan da euskarazko hedabideak lerratuegiak direla politikaren esparru jakinetara eta mundu hori aspalditik jarraitzen duenak zer esan nahi duen interpreta dezake agian, baina galdera ikur ugari airean geratu dira. Zeintzuk dira euskarazko komunikazioko hedabide lerratuak? Handiena den ETB1ere bai? Edo Euskadi Irratia? Tokikoko unibertsokoak? Deseroso zergatik? Nahi badu behinik-behin, izango du hauek eta beste asko argitzeko aukerarik.

Hekimeneko eta EAEko instituzio nagusienetako ordezkariak 2018an, hedabideen finantzazio akordio berria aurkezten. (Arg.: Gorka Rubio / Foku)

Erdarazko medioak bueltan datoz
Irizar eta Zupiriaren aurretik hiru unibertsitari aritu ziren goizez: EHUko Nor ikerketa taldeko Josu Amezaga eta Behategiko koordinatzaile Libe Mimenza, batetik, eta bestetik, Enric Marin Otto, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakaslea. Eta arratsaldean Hekimen eta teknologiari buruzko mahai-inguruen txanda izan zen.

Ideia eta datu gehiegi atera ziren ondorengo lerroetan dena jasotzeko moduan eta, beraz, nik haien ideietako batzuk azpimarratuko ditut, nik emandako garrantziaren arabera, baina agian, edo seguruenik, aurkezpenen egileek nabarmentzeko izan dezaketen interesarekin zerikusirik ez duena.

Amezagak egin zuen jausi lehenik oholtzara eta euskarazko komunikazioan azken lau hamarkadako lorpenak bildu zituen. Horien artean pilatutako esperientzia handia azpimarratu zuen: 1980an euskarazko lau aldizkari besterik ez ziren eta 2020an dozenaka medio, euskarri guztietakoak. Audientzia igoera oso handia izan dela garbi utzi zuen, baina gaztelaniazkoak askoz gehiago hazi direla azpimarratu zuen segidan eta, ondorioz, euskararen esparru komunikatiboa murriztuz doala nabarmendu zuen.

Euskararen garapenean ohikoa den dilemari ere heldu zion: Trinkotu ala zabaldu? Euskarazko hedabideen kontsumoa asko hazi bada ere, azken lau hamarkadetan euskal gizartean euskaldundu direnak askoz gehiago izan direla aipatu zuen, eta ez dugula lortu horiek erakartzea. Hamarkada honetako erronka nagusia, beraz, horixe litzateke, horiek euskarazko komunikaziora ekartzea. Bide horretan, orain arte EAEk inoiz izan ez duen komunikazio plan orokorra egitea ezinbestekoa dela aipatu zuen, horren baitan kokatuz euskarazko komunikazio plana. Aldi berean, hamarkadari behar bezala heltzeko, aurrerantzean hezkuntza, hizkuntza eta komunikazio politikak elkarrekin joan beharko dutela ere zehaztu zuen.

Esparru zehatzagoetara ere jo zuen: adibidez erdarazko hedabideak. Bere ustez, horietan ere egiten da euskarazko komunikazioa, ahaztua izan den esparru bat da eta komeniko litzateke gehiago kontuan hartzea, horrela, Katalunian El Periódico eta La Vanguardia-rekin gertatu den bezala –gaztelania eta katalaneko bertsioak dituzte hauek–, hemen ere gaztelaniazko prentsa euskalduntzeko.

Aspaldikoa da gaia, eztabaida handiak piztu dituena eta orain ostera ere garrantzia hartu duela dirudi. 2018ko Rikardo Arregi Sarietan Bingen Zupiria sailburuak ere prentsa elebidunaren esparruan jarri zuen arreta, hauetan euskararen presentzia indartzeko egin beharreko lana azpimarratuz. Oraingo ikastaro hauetan ere gaiak izan du leku esanguratsua, asteartean gaztelaniazko hedabideen mahai-ingurua egin baitzen Gara, El Diario Vasco eta Noticias de Gipuzkoa-ko arduradunekin.

Azken lau hamarkadetan gatazka giroak euskarazko hedabideen garapenean eta elkarlanean eragin handia izan dutela esan zuen Amezagak, baina egungo giroa oso bestelakoa dela, eta hori ere aldeko duela euskarazko komunikazioak. Horren erakusgarri, Amezagak ere egin zion erreferentzia finantzazioan instituzio eta euskarazko hedabideen artean izandako azken akordioari.

Libe Mimenzak ohore egin zion Behategiko koordinatzaile izateari eta datu zaparrada handia utzi zuen bere hitzaldian: Euskara hutsezko komunikabideen kartografia. Behategiaren sorreraren berri eman zuen eta erakundeak egindako ibilbidea aletu. Orain arte landutako hainbat ikerketa ere azaldu zituen, esate baterako Hekimen Analytics nola sortu zuten edo pandemiaren garaian euskal hedabideek izandako hazkunde handia, hau ere hedabide guztiek izandako hazkunde digitalaren testuinguruan kokatua. Aipatu datuak eta gehiago kontsultatu nahi dituenak, Behategian du horretarako aukera.

Katalana estu: ikus-entzunezkoak eta 5G
Enric Marín Otto irakaslea katalanaren egoeraren alarma gorrien berri ematera etorri zen. Bere hitzaldiaren titulua honakoa: Broadcastetik Broadband-era, ikus-entzunezkoen sistema berria, hizkuntza, kultura eta burujabetza. Ikus-entzunezkoen industrian oinarritu zen erabat, eta ezinbestean hartu beharreko bi tren erraldoi aipatu zituen: OTT edo Over The Top direnak (Netflix, Google, Amazon...) eta datorren 5G iraultza teknologiko berria.

40 urte atzera egin zuen, Kataluniako autonomia estatutuaren sasoira, eta argi utzi zuen: “Ekonomia ez genuen ondo negoziatu, baina kultura eta hizkuntza bai”. Horren ondorioz, “azken 40 urteetan hizkuntzaren berreskurapen prozesua nahiko arrakastatsua izan da, eta hezkuntza eta TV3 giltzarri izan dira”. Hiru fase bereizi zituen: bat, 1980-2000, berreskuratze prozesu argia eman zen; bi, 2000-2010, geldialdia; eta hiru, 2010-2020, apurkako atzerakada.

 

Argazkia: Catalunya Plural

 

Zein alorretan egin da atzera, Marínen ustez? Umeen eta gazteen artean batez ere. Hauek OTTen eremuan berehala murgiltzen dira, neurri batean hor bizi dira eta horiek, Katalunian, batez ere ingelesez eta gaztelaniaz dira: “Beraz, bizitzarekin lotzen dutena, sozializazioa eta abentura,  ingelesez edo gaztelaniaz bizi dituzte”. Katalana –eta gainerako hizkuntza txikiak– tren hori galtzen ari da, eta ezinbestean heldu behar zaio gaiari. Bestela jai dago. Dramatismo horrekin mintzatu zen.

Independentista moduan agertu zen argi eta garbi, baina iragan hamarkadari begira ondoko paradoxa aipatu zuen: “Esparru politikoan espazio handiak irabazi ditugunean, hizkuntzarenean galdu egin ditugu”. Denbora honetan guztian, Kataluniara migratzaile asko joan direla azaldu zuen, “eta ez ditugu katalanerako irabazi, zergatik? Kaleko eta ikus-entzunezkoen hizkuntza hegemonikoa gaztelania delako”.

Ez da lekurik hemen bere hitzaldi mamitsua osorik jasotzeko, baina 5G-ari buruz esandakoak behintzat aipatuko ditugu: “Hau ez da aldaketa bat gehiago, analogikotik digitalerako aldaketarekin aro aldaketa bizitzen ari gara eta duela 40 urteko politikek ez dute egungorako balio, berriak egin behar dira”.

Teknologia burujabetzari aipamen eginez, azaldu zuen nola Espainiako Estatuak irabazi dituen apurka komunikazio espazioak: “1984an telebistaren erdia gaztelaniaz zen eta beste erdia katalanez, eta estatua beldurtu egin zen. Felipe Gonzalezek hiru kate gehiagori zabaldu zien bidea eta hala etorri ziren Antena3, Tele5 eta Canal Plus. Horrekin automatikoki jaitsi ginen %50etik %25era. Eta ondoren Zapateroren garaia etorri zen Lurreko Telebista Digitalarekin. Jarraitzen dugu txikitzen, guk hiru kate eta haiek hogeitamar pasa”.

Gero 2008ko krisi garaiko murrizketak etorri ziren –jarraitzen zuen azaltzen Marínek–, Artur Masen garaiko murrizketei egurra emanez: “Telebista publikoan %33ko murrizketak egin ziren!”. Berehala zuntz optikoaren etorrera: 200 telebista kate etxean eta horietatik %3 besterik ez katalanez, audientziaren %15. “Eta gero Espainiatik esaten dute TV3k egiten dituela independentistak, medio gehienak euren eskuetan direnean”. Baina hainbat gaitan errepikatu zuen gisan, “hori beste kapitulu baterako da”.

Apurka egindako atzerakada horren guztiaren ondoren, orain 5Ga dator, 2025erako Europan nahiko zabaldua egongo dena –“ordurako mugikor guztiek izango dute 5G”– eta gudu geopolitiko-estrategikoa dakarrena. Azaldu zuenez, estatua ondo arduratu da hamarkada hauetan esparru elektro-magnetikoari eusten, autonomiak eskumenik gabe utzita. Aurrera egiteko, ezinbestekoa jo zuen alor hori borrokatzea, bai estatuan eta baita Europar Batasunean ere... eta elkarrekin: “Estatuan, euskaldunak eta katalanak batera; eta Europan eskoziarrekin, daniarrekin eta beste hizkuntza txikiago batzuekin, izan hauek estatua edo ez”.

Hamar urratsetan sakon finkatu zituen hartu beharreko neurriak, Kataluniako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak landu dituenak, eta baliatu zuen aipatzeko euskaldunoi ere ondo letorkigukeela ikus-entzunezkoen kontseilua. Eta honekin guztiarekin konektatua, procés-ak une korapilatsu honetan bizi duen uneari buruzko bere iritzia ere ausart jaurti zuen: “Orain urrats bat egin behar dugu atzera hizkuntza eta kultura berreskuratzeko, eta ondoren helduko diogu hegemonia politikoari”.

Euskaraz sortzearen garrantzia
Arratsaldeko saioan parte hartu zuen Igor Astibia Hekimeneko zuzendariak, Hekimen, euskal hedabideen sektorearen gogoeta hitzaldiarekin. Azaldu zuenez, euskarazko hedabideen plan estrategikoa prestatzen ari dira. COVID-19ko itxialdiaren aurretik ekin zitzaion zereginari eta itxialdiak bertan behera utzi zuen lana. Etxeratzearen aurretik Bartzelonan izan zen elkartea hango adituen esperientziak ezagutzeko eta han jasotako ideien berri eman zuen Astibiak bere hitzaldian. Eduki kudeatzaileak, elkarlana, inbertsioak, 5Ga, itzultzaile automatikoa, formakuntza, ikus-entzunezkoak indartu beharra eta albiste agentzia ekarri zituen aretora.

Eguna bukatzeko, esparru digitalari buruzko mahai-ingurua egin zen: Komunikazioa eremu digitalean: daukaguna eta datorrena, Puntu Eus-eko Lorea Arakistainek, CodeSyntax-eko Josu Azpillagak eta Elhuyarreko Josu Aztiriak, Leire Palaciosek gidatuta. Dena azaltzea luze joko luke, baina merezi du aipatzea mahai-gainean geratu ziren ideia pare bat. Bat, “borroka ez da bakarrik teknologikoa”, ahalmen aldetik euskara handien mailan dago, baina ordenagailu eta mugikorren interfazeen adibidea jarri zen: euskaraz daude horietako erabilienak, baina gutxiengoak jartzen ditu bere aparailuetan. Hori ez da arazo teknologiko bat. Bi, gero eta gehiago kontsumitzen da euskaraz, eta edukien %80 mugikorretatik jasotzen da, ez hedabideen nabigatzaileetatik. Asko aipatzen da automatismoak eta itzulpengintzak ekarri dezaketen aurrerakada eta bai, onartu zen asko aurreratu dela, esate baterako itzultzaile neuronalarekin; baina azpimarratu zen teknologian aurrera egiteko gero eta euskarazko eduki gehiago behar dela, eta gainera, propio euskaraz sortutako edukiak, horrek duela garrantzia, eta horretarako inbertsioak beharko direla.

Ezkerretik eskuinera Josu Aztiria (Elhuyar), Lorea Arakistain (Puntu.eus), Josu Azpillaga (Code&Syntax) eta, moderatzailea, Leire Palacios. (Arg.:Gorka Rubio / Foku)

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskarazko hedabideak
ETBk 40 urte
Ardatz bertikala, erabakien adierazle

40 urte bete ditu euskal telebistak, eta 40 urteko ibilian goitik behera aldatu dira gauzak: telebista konbentzionala etxe batzuetan egotetik, guztietan presentzia hartzera pasatu da; baina egun, ikus-entzunezkoak nahieran ikusteko gehiago baliatzen da telebista,... [+]


2024-04-02 | ARGIA
Arrosa sareak Basaburuan egingo ditu aurtengo topaketak, Esan Erran irratiaren eskutik

Arrosa Irrati Sareak Nafarroan ospatuko du lehen aldiz komunikazio librearen aldeko eguna. Mende laurdena bete berri duen Esan Erran irrati txikian dute hitzordua, apirilaren 13an, Basaburuan. "Guretzat elkartzeko egun bat da, elkar gehiago ezagutu eta elkarlanaz... [+]


2024-03-04 | ARGIA
Hekimenek konpromisoak eskatu dizkie erakunde publikoei euskarazko hedabideak garai berrietara egokitzeko

Datozen eraldaketa sakonen aurrean euskarazko hedabideek iraungo badute, erakunde publikoei prozesuak azkartzeko laguntza eta konpromisoak eskatu dizkie Hekimenek, herri ekimeneko euskarazko hedabideen elkarteak.


Euskal Hedabideen Urtekaria Euskalerria Irratian aurkeztu du Behategiak

Trantsizio digitalarengatik eta lehengaien garestitzeagatik, 2023 urtea zaila izan dela nabarmendu du Hekimeneko zuzendari Igor Astibiak


Eguneraketa berriak daude