Immunizatu gaitezen turistifikazioaren aurrean


2021eko uztailaren 22an - 08:03
Azken eguneraketa: 10:07

2021eko uda. Urte eta erdi pandemiaren ondoren, Donostiak atzerriko turistak hartzen ditu berriz: COVID pasaportea aktibatuta dago, hotelak irekita, hiria promozionatzeko kanpainak, pisu turistikoei buruzko legeria berria … turismoaren makineria berriro martxan da. Beraz, batzuek faltan bota dute eta orain presaz berreskuratu nahi duten turismo ereduaren “normaltasuna” itzuli da. Baina nolako turismo ereduaz ari gara? Zer normaltasun berreskuratzen dugu? Azken urte eta erdi honetan ikusi dugu nola merkatu turistikoa aurrekaririk gabeko krisi batean sartu den. Eredu ekonomiko horren ahultasunak agerian geratu dira eta esperientzia honek Donostiako bizilagunok turismoak gure bizitzetan dituen kostuak gure gain hartu nahi ditugun berriro pentsatzera gonbidatzen gaitu.

2021eko uda. Etxebizitza larrialdia borrokatu beharreko birus bat da. Hiriko hamasei mugimendu eta elkartek Donostian etxebizitza eskubidearen alde aspaldi ikusi gabeko mobilizazioa egin duten udaberritik gatoz. Hiriko etxebizitza krisia inoiz baino larriagoa da: ordaindu ezinezko alokairuak, auzoetatik kanporatutako bizilagunak, etxegabetzeak … Hala ere, Hiri Antolamenduko Plan Orokorra espresuki aldatu ondoren, Donostian 550 pisu turistiko gehiago legeztatu dituzte. Bestalde, azken urteetan banatutako 35 hotel lizentzien ondorioz, hotel horien lanak bukatzen doaz eta irekiera berriak gertatzen ari dira. Uda da etxebizitzak eskubide izateari utzi dion hirian, gero eta jende gutxiagoren esku dagoen luxua bihurtu den hirian.

"Urte eta erdiko pandemiak argi utzi du: turismoaren desazkundea beharrezkoa bezain saihestezina da"

2021eko uda. Mundu mailan, hegazkin-trafikoak eta gurutzaontziek airea eta ozeanoak kutsatzen dituzte berriro. Donostian, Santa Klara uhartea, balio natural handiko eremua, hiriko erakargarri turistiko berria bihurtu da jendez gainezka egiteko arriskuarekin. Atondegiko ingurune naturala ere zentzugabeko surf parke baten bidez hondatzearen mehatxupean dago. Bai, badirudi normaltasunera itzultzea hau zela: espazio naturalen ustiapenaren eta degradazioaren alde egiten jarraitzea sustatzaile pribatuen esku dagoen merkatu turistikoaren mesedetan.

2021eko uda. Jarduera turistikoa pandemiaren ondorioen aurka errekuperatzen ari da: galdutako lanpostuak berreskuratzen ari dira eta jarduera horretan topatuko dute enplegua hiriko eta inguruetako langile askok. Hala ere, monolaborantza turistikorantz joatea herritarren bizi baldintzak hobetzeko urrats faltsua da. Dibertsifikazio ekonomikoaren alde egin ezean eta langileak beste sektore batzuetara bideratzeko benetako apusturik egin gabe, berriro esplotazioa, prekarietatea eta lan-egonkortasunik gabeko merkatuaren mende egongo dira.

Turismo jardueraren onurak kontatzen dizkigutenean, motor ekonomiko gisa eta enplegu sortzaile gisa aurkezten zaigu. Arretaz begiratuz gero, ordea, enplegu horren eta jarduera ekonomiko horren kalitate eskasa eta hauskortasuna azpimarratzekoa da, batetik. Eta bestetik, nabarmena da jarduera turistikoak inbertsio publiko izugarria eta politika publikoen erabateko baldintzatzea eskatzen duela. Enplegu batzuk sortzen ditu, gutxi batzuei irabazi handiak ematen dizkie, baina aurrekontu publikoetan dago guzti horren oinarria. Turismoarekin irabazten dutenen mesedetan moldatzen dira hiriak, erakargarri kulturalak sortzen dira, azpiegitura erraldoiak eraiki… eta guztien zergekin ordaintzen dira.

Immunizatu gaitezen turistifikazioaren aurka. Ez dezagun utzi hiriaren osasuna herritarrentzako bizi baldintza duinak bermatzen ez dituen eredu ekonomikoaren eskuetan. Zaindu dezagun hiriko bizitza gure esku dagoen heinean. Urte eta erdiko pandemiak argi utzi du: turismoaren desazkundea beharrezkoa bezain saihestezina da. Antolatu gaitezen eta borroka dezagun auzo eta kaleetan norabide horretan.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude