"Letra larriz idatzitako politika" aldarrikatu du Idurre Eskisabelek Kontseiluko burutza hartu berritan

  • "Euskarak zerbait behar badu politika da, baina letra larriz idatzitako politika"; Idurre Eskisabelek aldarri horrekin hartu du Euskalgintzaren Kontseiluko lema. Politika ausartak eta zabalak eskatu ditu, alderdikeriarik gabekoak. Aldi berean, erakundeen, euskalgintzako eragileen eta justizia soziala nahi dutenen arteko "adostasunean sakontzeko" deia egin du.

Paul Bilbaok hamabi urtez eutsitako idazkari nagusi kargua hartu du asteartean Idurre Eskisabelek. /Argazkia: Euskalgintzaren Kontseilua

2022ko abenduaren 06an - 15:52
Azken eguneraketa: 17:54

Euskalgintzaren Kontseiluak lemazaina aldatu du sortu zutenetik 25 urte bete diren egunean: Idurre Eskisabel izango da aurrerantzean idazkari nagusia, hamabi urtez karguan egon den Paul Bilbaori erreleboa hartuta. Kontseilua murgilduta dagoen “aro berriari” tiraka jarraitu nahi duela azaldu du Durangon asteartean, eta bere helburua “adostasunean sakontzea” izango dela: “Adostasuna euskalgintzako eragile eta norbanakoekin, instituzioekin eta beren burua euskalgintzatik eta euskaratik at ikusten duten arren justizia eta kohesio soziala helburu dituzten eragile eta norbanakoekin”.

Kontseilua ur handietan nabigatzen ari den arren, lurrari ondo lotuta dago hiru zutoinetatik, Eskisabelen hitzetan: adostasun soziala, ezagutzaren unibertsalizazioa eta erabilerarako eremu erosoa sortzea. Aro berrian murgilduta dago, erronka berriek ala eskatzen dutelako: “Hizkuntza nagusiak gero eta nagusiago, hegemonikoago bilakatzen ari dira; eta ondorioz, hizkuntza txikiek eta gutxiagotuek erabakimen handiagoa eskatzen dute. Hizkuntza horiek behar dute funtzionalitatea ez ezik balio sinboliko handia”, adierazi du idazkari nagusi berriak.

Politika letra larriz

Adostasunaren harira, goraipatu du iaz Kontseiluak sustatu zuen Batuz Aldatu ekimena, zeinean euskalgintzako eta euskalgintzatik kanpoko ehundik gora gizarte eragilek bat egin zuten etorkizuneko hizkuntza-politikaren bide orriarekin. Modu berean, baztertu egin du euskalgintza eta haren bultzada politikatik urruntzeko ideia: “Euskarak zerbait behar badu politika da. Baina letra larriz idatzitako politika, alderdikeriazko eta hauteskunde zikloek baldintzatutako politika murriztaileetatik haragoko dimentsioa duen begirada zabaleko politika”.

Garai eta erronka berriei eutsita ere, “iraganeko mamuak” oraindik gure artean daudela gogorarazi du Eskisabelek: “Euskarak ez du ofizial estatusik bere lurraldearen zati handi batean. Ofizial den eremuan, berriz, Espainiako botere judiziala arduratu da euskararen eta euskaldunen kontra egiteaz”.

Duela 25 urte Kontseilua sortu zen egun eta toki berean egin dute ekitaldia. “Euskararen aldeko gizarte eragileen bilgune handiena” denak urak mugitu ditu, eta mende laurdenaren urteurrenean ordezkaritza instituzional, politiko, sindikal eta soziala erakarri du; besteak beste, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidentea, ELA, LAB eta Steilas sindikatuetako arduradunak, eta Kontseilua osatzen duten 30 bazkideetako ordezkariak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kontseilua
EAE-ko sektore publikoa euskalduntzeko dekretua
Aukera galdua

Eusko Jaurlaritzak EAEko Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretua onartu du otsailean. Duela 27 urteko dekretua ordezkatu du. Euskalgintzako eragileen ustez, Jaurlaritzak ez du baliatu “jauzi ausarta” emateko. Dekretu berriak ez du... [+]


Kontseiluaren balorazioa EAE-ko administrazio publikoa euskalduntzeko dekretu berriaz
“Dekretuak ez die erantzuten euskararen normalizazioak dituen erronkei eta egiazko posibilitateei”

Jaurlaritzak EAEko administrazio publikoa euskalduntzeko iragarri duen dekretua baloratu du Euskalgintzaren Kontseiluak. Aurrerapauso batzuk onartzen badizkio ere, gabeziak eta eta dekretuak hasierako bertsiotik azkenera bidean izan dituen aldaketa negatiboak azpimarratu ditu... [+]


Kontseiluak dio euskararen ezagutzaren unibertsalizaziorantz egin behar dela indarra

Euskalgintzaren Kontseiluak 2023. urteko irakurketa egin eta ondorioak aurkeztu ditu ostiralean. Bertan, lurralde bakoitzean arloz arloko hizkuntza-politiketako aurrerapausoak, oztopoak eta atzerapausoak azaldu dituzte, eta 2023ak euskararen normalizazioan eta... [+]


Kontseiluak “aukera galdutzat” jo du Hezkuntza Legea

Eusko Legebiltzarrak abenduaren 21ean bozkatuko duen EAEko Hezkuntza Legearen balorazioa egin du Euskalgintzaren Kontseiluak. Legea “etorkizuneko belaunaldiei euskaraz jabetzeko eskubidea bermatzetik urrun” geratuko dela kritikatu du. Gehitu du ez dela izango... [+]


2023-11-07
Epaitegien erasoei erantzuteko protokoloa aurkeztu du Kontseiluak, eta itun berri bat bultzatzeko konpromisoa hartu

Larunbateko manifestazioaren balorazioa egin du Euskalgintzaren Kontseiluak asteartean eginiko prentsa agerraldian. Mobilizazioaren arrakastaren ondoren, euskararen aldeko itun soziopolitiko berri bat indar handiagoz sustatzen jarraitzeko konpromisoa agertu du. Oldarraldiaren... [+]


Eguneraketa berriak daude