Hondurasera bidaia, bigarren kronika

Memoria berreskuratzearen garrantzia

  • Bigarren eguna oso hunkigarria izan zen, gehienbat COFADEH egoitzan egon ginelako. Kronika hortik abiatu dugu.

Joxemi Zumalabe fundazioa @joxemiZumalabe
2017ko uztailaren 26a

COFADEHko egoitzan bilera eta afaria egin eta bertan jende izugarria ezagutu genuen. Oso interesgarria izan zen bisita, eta batez ere, oso hunkigarria. Aurrez Euskal Herrian ezagutu eta artatu genuen aktibistaren/kolektiboaren borroka, beldurrak eta erronkak bertatik bertara ulertzeko baliagarria egin zitzaigun bisita. Hainbeste entzun izan dugun espazioa aurrez aurre ezagutu, usaindu, ukitu, sentitu eta bizitzea benetan pozgarria izan zen guretzat. Eskertzekoa da eta oso motibagarria da bizitzen ari diren egoerari aurre egiteko duten duintasun eta umiltasuna.

Bertan Sala de Memorias Vivas deitzen dioten gela bisitatu genuen, bertan 1980-1993 urte bitartean desagertu ziren pertsonen argazkiak daude jarrita, baita familiek erabilitako pankartak ere. Haien atzoko eta gaurko leloa “vivos los llevaron, vivos los queremos” da. Espazio hori erakundearen sorrera gogoratzeko gune oso berezia da. Memoria berreskuratzea zein garrantzitsua den, behin eta berriz, azpimarratu zuten.

Egun honetan ere Comisionado Nacional de los Derechos Humanos-Norte-koekin (“herritarren babesle” moduko bat) batu ginen eta herrialdea nola dagoen azaldu ziguten haien prespektibatik, baita hainbat datu eman ere:

  • San Pedro Sula da hiririk biolentoena: pandilla-mara ugari dago, narkotrafikoaren korridorea bertatik pasatzen da (hegoaldetik dator droga eta AEBetara doa).
  • Bortxazko desplazamenduak izugarri ugaritu dira. Adibidez, marak etxeetara joaten dira eta esaten diete “24 ordu dituzue hemendik joateko, ez bazoazte akabatu egingo zaituztegu”. Jende asko jada ez da herrialdeko beste eremu batzuetara joaten, herrialdea uzten du zuzenean marak asko zabaldu direlako. Migrazioak zein dimentsio duen ikusteko, datu batzuk hemen: astero deportatuz betetako lau hegazkin AEBetatik Hondurasera heltzen dira, baita autobus ugari Mexikotik ere.
  • Bizitzaren aurkako 100 delitutik bost bakarrik iristen dira epaitegietara, baina ez dago jarraipenik eta ez dakite nola amaitzen diren.
  • Jendeak ez dauka konfiantzarik Poliziarengan, ez dutelako sinisten instituzioetan eta badakitelako salatzerakoan filtrazio ugari dagoela (eta ondoren jarraipenak eta hilketak ere bai).
  • Segurtasun pribatua izugarri areagotu da eta leku guztietan daude. Ideia bat egiteko momentu honetan, Polizia eta militarrak baino segurtasun pribatu gehiago dago.
  • Estatu kolpetik egoerak okerrera egin du zentzu guztietan. Informazioaren eta hedabideen kasuan adibidez, egoera oso larria da, 2009. urtetik 80 kazetari erail dituzte.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Honduras  |  Joxemi Zumalabe Fundazioa

Honduras kanaletik interesatuko zaizu...
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude