ARGIA.eus

2019ko abenduaren 08a

Eragileen plaza!

SORTU KONTUA
Mundubat Fundazioa elikadura burujabetza, giza eskubideak eta genero berdintasuna lantzen dituen euskal GKEa da.
2019-10-29 10:11

Pew Centerreko datuen arabera, Hondurasko biztanleen %88k uste du homosexualitatea, eta beste edozein sexu-aniztasun, jokabide immorala dela. Iritzi hori argi eta garbi islatzen da legerian, diskurtso politikoetan eta elizetan entzuten diren sermoietan. Senidetasun Ebanjelikoa (hondurastar guztien %48 hartzen ditu barne) izugarrizko zartada da LGTBI komunitatearentzat. 2018ko urrian, delegazio bat bidali zuen Justizia Gorte Gorenera, lobby bat egin eta Arcoíris elkarteak eta Cattrachas Sare Lesbikoak aurkeztu zituzten konstituzio-kontrakotasunaren errekurtsoei aurka egiteko (LGTBIek elkarrekin ezkondu eta modu askean bizi ahal izateko errekurtsoak). Egun batzuk geroago, Gorteak bertan behera utzi zituen bi errekurtsoak.

Pulpitutik egiten diren gaitzespenek –hierarkia katolikoak barne– are gehiago indartzen dituzte hezkuntza-gabezia garrantzitsuak dituen gizarte horren aurreiritziak. Honako hau dio Esdra Yavéh Sosa Sierrak.

Bere gurasoentzat, ebanjelikoak, deabrututa zeuden homosexualak. «Seme ipurdi-zale bat badut, hil egingo dut», ohartarazten zien aitak bere anaiei. Zenbait urtetan, Morok (horrela deitzen zioten familian) ezkutuan mantendu zuen emakumeak gogoko zituela. 2006an, Arcoíris elkarteko boluntario lan egiten hasi zen, ezkutuka. Lesbiana zela jakin zutenean, bere amak eta ahizpak ez zuten gehiago ikusi nahi izan.

«Nire familia sentsibilizatzea izan zen nire lehen eskola», esan digu. «Hasieran, nire aitak ez zuen ulertu ere egiten zer zen lesbiana izatea. Ez zekien emakume homosexualak zeudenik ere».

Lesbianek eta bisexualek diskriminazio bikoitza jasaten dute: lehenik eta behin, emakume izateagatik eta, bigarrenik, euren sexu-orientazioagatik. «Neskatoak garenetik diskriminatzen gaituzte eta etxeko lanak agintzen dizkigute, gure anaiek jolas edo kirola egiten duten bitartean. Kultura matxista eta patriarkalean bizi gara eta, bertan, neskek ama eta etxekoandre izan behar dute; bestalde, mutilek ezin dituzte platerak garbitu eta, hala bada, ipurdi-zale deitzen diete».

Litoseko koordinatzaile moduan, egiturazko diskriminazio horrek eragiten duen genero-indarkeriaren lekuko izan da. Talde lesbikoko kide askok sexu-abusuak jasan dituzte senitartekoen aldetik, baita bortxaketak ere, ustezko lagunen aldetik, «zuzentzeko». Seme-alabak dituzten bisexual batzuen kasuan, euren bikotekideak eta, batzuetan, familiak horiek kentzen saiatu dira beste emakume batzuekin harremana dutela jakitean.

Gutxiespena eta ikusezintasuna bizitzako esparru guztietara hedatu dira. Itxura maskulinoa duen emakume bati –eta, zer esanik ez, bere burua lesbianatzat aitortzen duen bati– izugarri kostatzen zaio lanpostu bat aurkitzea. Osasun-zentroek ez dute programa bakar bat ere lesbianen eta bisexualen premiei erantzuteko, eta ez dizkiete HIESaren edo Sexu Transmisiozko Gaixotasunen probarik egiten. «Behar ez ditugula uste dute», adierazi du Morok. Arcoíris elkarteko kide askok sifilisa eta sexu-transmisiozko beste gaixotasun batzuk hartu dituzte bortxaketen ondorioz.

Litos elkartetik («futbolitos» hitzaren laburdura, elkarteko kide askok futbolarekiko duten zaletasunari ohore eginez), Morok eta bere adiskideek laguntza eta aholkularitza eskaintzen diete egoera horiek bizi dituzten beste emakume batzuei. Era berean, indarkeria psikologikoaren biktima diren bisexualei laguntzen diete; salaketak jartzera animatzen dituzte, eta mehatxuak jaso dituzten eta beste herrialde batzuetan asiloa eskatu behar izan duten adiskideei laguntzen diete.

Zentzu horretan, Arcoíris etengabeko erasoen xede izan da. 2013an, Morok, elkarteko koordinatzaile moduan, egoitza berri bat bilatu behar izan zion, aurrekoa garbitu egin zutelako. Gero, anonimoak jasotzen hasi zen, «maritxuak defendatzen» jarraitzen bazuen, «zaku batean hilda» amaituko zuela ohartaraziz. 2015eko ekainaren 25ean, kale betean tirokatu zuten Angie Ferreiratrans emakumeen Muñecas de Arcoíris taldeko koordinatzailea. Paola Barraza ere tiroz josi zuten 2016ko urtarrilaren 24an, Angieren ordez, Muñecas elkartearen buru jarri zenean.

Morok berak ere Hondurasetik irten behar izan du denboraldi batzuetan. Bestalde, ez du beste herrialde batera joateko asmorik. Erizaintzan lizentzia amaitzea espero du, esparru horretan bere adiskideei lagundu ahal izateko. Zuzenbidea ere ikasi nahi du, LGTBI kolektiboaren aldeko abokatu lan egiteko.

«Gure eskubideak bermatuko dituzten legeak behar ditugu. Nik Hondurasek behar duen aldaketa horretan parte hartu nahi dut».

 

 

Testu hau Ahots Defendatzaileak plataformarako sortutako ikerketa eta istorioen zati bat da: www.vocesdefensoras.org/eu / Argazkiak: Francesca Volpi