Homofobiari erantzun jendetsua eman diote Basaurin


2021eko ekainaren 11n - 10:17
Azken eguneraketa: 12:24
Ekain (eskuinean) eta bere mutil laguna osteguneko manifestazioan. Argazkia: El Diario

2.000 pertsona inguru hurbildu dira Basaurin ostegunean egin den manifestaziora, Ekain Perrino 23 urteko gazteak igandean jasandako eraso homofoboa salatzeko. Hamairu gaztek jipoitu eta konorterik gabe utzi zuten Perrino Bizkotxaldeko plazan. Perrinoren lagunek eta LGTBIQ+ mugimenduko hainbat taldek antolatu dute martxa, “Homofobiarik ez” lelopean.

Manifestazioa Basauriko udaletxean hasi eta Bizkotxaldeko plazan bukatu da. Ekain Perrinok ere martxan hartu du parte, senide  eta lagunekin batera. Bestalde, LGTBIQ+ mugimenduko hainbat elkarte –Koordinadora 28J, Intifada Marika, EHGAM eta Sare lesbianista– ere batu dira mobilizaziora, Asier Iragorri alkatea (EAJ-PNV) eta hainbat alderdi politikoko ordezkariez gain.

Parte-hartzaile guztiek adierazi dute horrelako erasoak onartezinak direla. Martxaren amaieran, Perrinoren ondoan, bere mutil lagunak komunikatu bat irakurri du, erasoa salatuz eta konponbidea eskatuz: "Zoritxarrez, ez da lehenengo kasua, ezta azkena ere. Horregatik, kolektibo osoarekin batera borroka egiteko eskatzen dizuet. Homofobia onartu gabeko pandemia bat da, eta hori ezagutarazi egin behar dugu".

Perrinok berak Geuria hedabideari eskainitako elkarrizketan azaldu du, jipoiaren ondoren, egoera oso gogorra egin zaiola fisikoki eta psikologikoki. Gainera, beldurra medio, orain arte ez du erasoa publiko egin nahi izan. Hurbileko jendeak eta ezagutzen ez duen jendeak emandako babesak bultzatu du horretara. Orain, lekukoen laguntza eskatu du erasotzaileak harrapatzeko, jazotakoa errepikatu ez dadin: “Asteburu honetan egin badute, datorrenean ere egin dezakete. Niri ez bada, beste bati”. Momentuz, Ertzaintzak 18 eta 27 urte bitarteko bederatzi gazte identifikatu ditu

Igandeko erasoa

Perrino lagunekin eta mutilagunarekin zegoela gertatu zen erasoa, Basauriko Bizkotxalde plazan. Lagunengandik momentu batez urrundu zenean, hainbat mutilek jipoia eman zioten, eta konorterik gabe utzi zuten. “Marikoi zikina” (“maricón de mierda”) garrasi artean jasan zuen erasoa. Nazka ematen zuela ere esan zioten. Gorputz osoan jaso zituen kolpeak, batez ere buruan.  Galdakaoko ospitalera eraman behar izan zuten. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Homofobia
Bi eraso homofobo salatu dituzte Gipuzkoan

Soraluzen Señora Bertso egunean eta Tolosako Inauterietako Zaldunita gauean bi eraso homofobo izan direla salatu dute.


Bi homofobok sudurra apurtu diote Asierri Bilbon: "Kikilduta nahi gaituzte, erantzun egin behar zaie"

Mutil-lagunari eskua emanda zihoan Asier; atzetik bi gizon gazte agertu eta muturreko bat eman zioten, hain bortitz, ezen sudurra apurtu zioten eta lurrera bota zuten. Sudurreko ebakuntza egin berritan hitz egin du ARGIAk berarekin: "Diskurtso faxista indartzen eta... [+]


2023-07-26 | Ilargi Manzanares
Elantxoben eta Bilbon eraso LGTBfoboak salatu dituzte

Bermeoko Udalak Elantxoben larunbatean gertatutako erasoa gaitzetsi du, eta Anitzak Bilbao LGTBIQ+ elkarteak asteartean Bilbon gertatutakoa.


Urruntze agindua ezarri diote Villabonako eraso homofoboaren harira epaitutako bati

Asteartean deklaratu dute joan den asteko eraso homofoboarekin lotutako ustezko erasotzaileek eta biktimek. Ekainaren 21ean izango da hurrengo saioa.


Bikote homosexual batek eraso homofobo eta arrazista jasan duela salatu du Villabonan

Gazte talde batek jipoitu eta irain homofobo zein arrazistak egin zizkietela salatu dute biktimek, larunbat gauean taberna batetik ateratzean Villabonan (Gipuzkoa). Lakuako Segurtasun Saila gertatutakoa ikertzen ari da.


Eguneraketa berriak daude