Alemaniako futbolari gay-ak zergatik ez dira azkenean ausartu armairutik ateratzera?

  • Alemaniako gizonezkoen futbol profesionalean ari diren hainbat futbolari armairutik ateratzekoak ziren maiatzaren 17an. Sekretuan eta kluben bizkar biltzen ari ziren jokalariak, baina espektatiba altuak ezerezean geratu dira, ez da inor armairutik atera. Futbol maskulinoaren eredu, beldur eta mamuak azaleratu dira, beste behin.


2024ko maiatzaren 22an - 06:02
Azken eguneraketa: 10:27

Kirol Askea ekimenak helburu du kirolari profesionalak armairutik atera daitezen plataforma segurua sortzea, urratsa taldean emateko, eta horretarako hainbat profesional, klub eta zaleren babesa ere lortu du plataformak. Maiatzaren 17an abiatu zen ekimena: Bundesligako hainbat jokalarik beren homosexualitatea publikoki zabaldu eta beren historia kontatuko zutela iragarria zuen Marcus Urban futbolari ohiak (erretiratu zenean esan zuen homosexuala zela). Urbanek urteak eman ditu plataforma lantzen, eta adierazi zuen aurrez ere antzeko ekimenak izan zirela, baina azken unean jokalarietakoren batek atzera egin eta dena bertan behera geratu zela; oraingoan, ordea, beren arteko sarea sortua zutela futbolari gay-ek, sekretuan biltzen ari zirela, asko zirela eta armairutik publikoki ateratzeko borondatea zutela. “Batzuk tratamendu psikologikoan daude, ezin dute gehiago”.

"Indartsua, ausarta, lehiakorra… izatea balioak dira, heteronormatibitate oso markatua aurreikusten da, eta balio horietan homosexualitatea irakurtzen da ahultasun gisa"

Maiatzaren 17a iristear zela, baina, diskurtsoa eta espektatibak leundu zituen Urbanek: “Futbolari profesionalak frenoa jartzen ari dira, oso-oso zuhurrak dira, inor ez da eredutik ateratzera ausartzen”. Eta hala gertatu da: maiatzaren 17an, Diversero plataforman ez du inongo futbolari profesionalek bere homosexualitatearen berri eman (aurrez publikoak ziren kasuak baino ez daude, horietako inor ez da Bundesligako jokalaria). “Plataforma honi esker, hilabetero 17an profesionalek aukera dute beren sexualitatea publiko egiteko, eta iritsiko da uneren batean, agian inork espero ez duenean”.

Zer pasatzen da ba futbolean?

Anormala da futbolari gayrik ez ezagutzea, kasu isolatuak baino ez dira publikoak. “Maskulinitate hegemoniko eta tradizionala nagusitzen da gizonezko futbol profesionalean: indartsua, ausarta, lehiakorra… izatea balioak dira, heteronormatibitate oso markatua eta garbia aurreikusten da, eta balio horietan homosexualitatea irakurtzen da ahultasun gisa, zaila da horren kontra egitea. Berdin beste kirol oso maskulino batzuetan (errugbia, boxeoa…). Aldageletan, entrenamenduetan, harmailetan erabiltzen den hizkera bera sarri homofoboa da, ‘ez izan marikoia, neskatxa dirudizu’ gisakoak ohikoak dira, eta kirolari gay-ak ez du espazio seguru gisa identifikatzen”, azaldu du Ana Vilanovak, Ara.cat-en.  Kataluniako Kirolen behatokiko zuzendaria da Vilanova, eta ikerketa egin du kirola eta homosexualitatearen inguruan.

"Ez dakizu zer pasako den aldageletan, zein erreakzio izango duten zaleek, nola eragingo dien publizitate marka eta sponsorrei; askok beldurra du"

Kirolari homosexualek beldurra izatea ez zaio arraro: “Ez dakizu zer pasako den aldageletan, ez dakizu zein erreakzio izango duten zaleek, nola eragingo dien publizitate marka eta sponsorrei. Baina gardentasuna baldin badago, eta plataforma berriari esker futbolariek urratsa ematen badute, errazagoa izango da normalizatzea, gainerakoek ikusiko dutelako armairutik ateratzeak beharbada ez duela halako ondorio larririk, eta sentituko dute ez daudela bakarrik; taldean beti da erosoagoa”.

Ikusgarritasuna vs intimitatea

Futbolari profesionalak armairutik ateratzea lagungarria izango litzateke, dudarik gabe, erreferenteek erraztuko luketelako beste futbolari batzuek bide hori aukeratzea, normalizatuko litzatekeelako jokalari ez heterosexualek beren sexualitatea natural eta askatasunez bizi ahal izatea, haurrek ez luketelako txikitatik barneratuko futbol munduan ez dagoela edo ez dela onartzen homosexualik, futbola ez dela marikoientzat, eta are, akuilu litzatekeelako beren sexualitatea garatzeko eta adierazteko beldur direnentzat.

"Oso prozesu pertsonal eta intimoak direnak ezin ditugu behartu. Ikusgaitasunak elkarzaintzarako sare potenteak behar ditu. Armairuak hautsi nahi ditugu, baina ‘barruan’ dagoena zainduz"

Aldi berean, norbere erritmoak errespetatzea eta babesa ematea ezinbestekoa da, Ibai Fresnedok ARGIAn azpimarratu zuenez: “Sexu askapenaren borrokan LGBT pertsonen ikusgaitasunak sortzen digun grinagatik, batzuetan nolabaiteko presioa eragiten diogu armairuan jarraitzen duenari, atera dadin, eta hori ere bada indarkeria. Oso prozesu pertsonal eta intimoak direnak ezin ditugu behartu. Ikusgaitasunak elkarzaintzarako sare potenteak behar ditu oinarrian, baita autodefentsarako pedagogia sakona ere. Alegia, armairuak hautsi nahi ditugu, bai, baina ‘barruan’ dagoena zainduz”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: LGBTI
Gorputz hotsak
“Herrietan lumek lekua daukate, edo behintzat, nire gorputzak kabitzea lortu du”

Joten erritmora harro erakusten du luma Itxi Guerra aktibista antikapazitistak (Madril, 1998). Gorputz desgaituek bizi dituzten biolentziak balioztatzeko eta sistemari aurre egiteko saretzearen garrantziaz mintzatu da. Gorputzaren bizigarritasuna aldarrikatu du:... [+]


Transen eskubideen aldeko elkarretaratzea eginen dute Baionan, 800 eragileren deiarekin bat eginik

Maiatzaren 5ean mobilizatzeko deia luzatu dute 800 eragilek Politis komunikabidean plazaraturiko iritzi artikulu baten bitartez. Tartean daude besteak beste, Annie Ernaux idazlea, Hiesaren aurka dabilen Act Up elkartea, Planning Familial talde feminista ezaguna,... [+]


Alejandra Burgos eta Karla Guevara, El Salvadorko trans aktibistak:
“LGTBI komunitatea eta emakumeak beti egon gara salbuespen egoeran”

Pasa den otsailaren 24an Egia, Justizia eta Erreparaziorako ekitaldi bat antolatu zuten Bilbon, Mugarik Gabe erakundeak, Bizitu Elkarteak, Feministaldek, Mujeres del Mundok, Zehar Errefuxiatuekin elkarteak eta Colectiva Feminista Para el Desarrollok. Hiru indarkeriak ardaztu... [+]


Nola landu desirak, aniztasun sexuala edota identitatea 12-18 urteko ikasleekin?

Gorputzak, identitateak, desirak, justizia soziala, ahalduntzea eta memoria: sei arlo horien bueltako unitate didaktikoak kaleratu dituzte, DBH eta Batxilergoko ikasleekin lantzeko. LGBT+ pertsonen testigantzak, diskriminazioa eta aldarrikapenak oinarri, “armairuan... [+]


BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Eguneraketa berriak daude