Bi homofobok sudurra apurtu diote Asierri Bilbon: "Kikilduta nahi gaituzte, erantzun egin behar zaie"

  • Mutil-lagunari eskua emanda zihoan Asier; atzetik bi gizon gazte agertu eta muturreko bat eman zioten, hain bortitz, ezen sudurra apurtu zioten eta lurrera bota zuten. Sudurreko ebakuntza egin berritan hitz egin du ARGIAk berarekin: "Diskurtso faxista indartzen eta legitimatzen ari da inguru batzuetan".

Bilboko Indautxu auzoan jasan zuten 23 urteko Asierrek eta bere mutilak eraso homofoboa. Atzetik agertu zitzaizkien eta "dena oso azkar pasa zen". Argazkia: Asierrek utzia.

2024ko urtarrilaren 08an - 05:45
Azken eguneraketa: 2024-01-09 23:02:56

Santomasak ziren, abenduaren 21 gaueko 1:45ak inguru, eta Bilboko Indautxu auzoan jasan zuten 23 urteko Asierrek eta bere mutilak eraso homofoboa. Atzetik agertu zitzaizkien eta "dena oso azkar pasa zen", muturrekoa jaso eta lurretik altxa zenerako korrika alde egin zuten erasotzaileek. "Nire mutilak pasa zuen okerren, bera ez zuten jo, baina txuri geratu zen, zer erantzun edo nola erreakzionatu ez zekiela, eta inpotentziaz bizi izan zuen ikustea ni nola jo ninduten". Sudurretik odol jarioa zuela, gertuko diskotekan artatu zuten Asier (nahiago du abizenik ez eman). Udaltzaingoari deitu eta salaketa jarri zuten. Anbulantzia etorri zen ondoren eta ospitalera eraman zuten gazte bilbotarra. Sudurra apurtua zuela berretsi zioten, eta joan den astean izan du ebakuntza.

Erasoaren berri Itaiak eman zuen Gedar-en, baina gainerakoan, oharkabean pasa da.

"Erasoa jasan edo ez, pilotu automatikoa beti aktibatuta dugu heteroak ez garenok, badakizu non ez diozun mutil-lagunari eskua emango, non ez diozun musu bat emango"

Komentario homofoboetara ohituta bai, baina lehen aldia da Asierrek eraso fisiko homofoboa jasan duena; aurrerantzean, eskutik helduta joateko edo bestelako keinu afektiboak publikoki adierazteko beldurrik ote duen galdetu diogu. "Erasoa jasan edo ez, pilotu automatikoa beti aktibatuta dugu heteroak ez garenok, lekuaren arabera, inguruan duzun jende eta giroaren arabera… badakizu zer egin dezakezun eta zer ez, non ez diozun mutil-lagunari eskua emango, non ez diozun musu bat emango".

Homofobia handia dago oraindik gizartean? "Jakina, batez ere egunerokoan eta gutxi-gehiago eremu guztietan, baita LGTB mugimenduaren barruan ere, denok gurutzatzen gaituen zerbait baita". Dena den, ingurune bat jarrera erreakzionarioak normalizatzen eta legitimatzen ari dela dio, streamerrak eta politikariak tarteko. "Lehen ziurrenik ezkutuagoan geratzen ziren halako erasoak; orain badago sektore bat jarrera horiei aurre egiten diena eta horren aurrean elkar elikatzen eta indartzen ari dira, gorroto diskurtsoak normalizatzen".

"Lehen ziurrenik ezkutuagoan geratzen ziren halako erasoak; orain badago sektore bat jarrera horiei aurre egiten diena eta horren aurrean elkar elikatzen eta indartzen ari dira"

Salaketaz gain, pertsona eta eraso hauek ezin dira erantzunik gabe geratu, uste du Asierrek, "erantzun fisikoa edo ahozkoa, baina erantzuna, zeren zure burua kikildu dezaten uzten baduzu, kikilduta emango duzu bizitza osoa". Defentsa pertsonaleko ikastaroak hartzea gomendatu du.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Homofobia
Bi eraso homofobo salatu dituzte Gipuzkoan

Soraluzen Señora Bertso egunean eta Tolosako Inauterietako Zaldunita gauean bi eraso homofobo izan direla salatu dute.


2023-07-26 | Ilargi Manzanares
Elantxoben eta Bilbon eraso LGTBfoboak salatu dituzte

Bermeoko Udalak Elantxoben larunbatean gertatutako erasoa gaitzetsi du, eta Anitzak Bilbao LGTBIQ+ elkarteak asteartean Bilbon gertatutakoa.


Urruntze agindua ezarri diote Villabonako eraso homofoboaren harira epaitutako bati

Asteartean deklaratu dute joan den asteko eraso homofoboarekin lotutako ustezko erasotzaileek eta biktimek. Ekainaren 21ean izango da hurrengo saioa.


Bikote homosexual batek eraso homofobo eta arrazista jasan duela salatu du Villabonan

Gazte talde batek jipoitu eta irain homofobo zein arrazistak egin zizkietela salatu dute biktimek, larunbat gauean taberna batetik ateratzean Villabonan (Gipuzkoa). Lakuako Segurtasun Saila gertatutakoa ikertzen ari da.


Zumaiako festetan gutxienez hiru eraso salatu dituzte

Zumaiako Mugimendu Feministak jakin duenez, txosnagunean bi eraso sexista izan dira, eta taberna batean eraso homofoboa. Elkarretaratzea egingo dute asteartean, 19:00etan.


Eguneraketa berriak daude