ARGIA.eus

2020ko ekainaren 01a
Buztinezko poemak emanaldia Bilboko Euskararen Etxean

Hibridazio apokaliptikoa

  • Aro berriari ekin dio Euskararen Etxeak, Bilboko San Inazio auzoan, azalean eta mamian aldaketak eginda. Publiko euskaltzale eta kulturzalea erakartzeko asmoz, Hi(zki)bridoak izeneko zikloa antolatu dute, literaturaren eta ahozkotasunaren inguruko zuzeneko emanaldiak biltzen dituen egitaraua. Oraingoz, bost hitzordu iragarri dituzte, maiatzaren bukaerara arte.

Dabi Piedra
2020ko martxoaren 11
Argazkia: Bilboko Euskararen Etxea

Zikloaren estreinaldia Itxaro Bordari eta Ibon RGri egokitu zitzaien. Arte adierazpideen arteko mutazioen espazioa dira Hi(zki)bridoak, aldaketarik gabe ez baitago aurrerabiderik. Eboluzioaren giltzarria da mutazioa. Itxaro Borda eta Ibon RG, behintzat, mutazio perfektura heldu ziren, ahotsa, poesia eta musika uztartzen dituen Buztinezko poemak emanaldian.

Apokalipsia, hondamendia, munduaren amaiera deskribatu zuen Itxaro Bordak, eszena beldurgarridun poesiazko amildegian. Badator katastrofea, eta ez dugu ohartu nahi. Otsail amaierako ostegun arratsalde euritsu bateko giro ilunean, publikoa ia oharkabean murgildu zen giro apokaliptikoan. Bien bitartean, Ibon RGren soinu elektronikoek ezinegona areagotzen zuten.

Hi(zki)bridoak zikloko hurrengo saioa: Martxoaren 25ean, 'Muga, Anfetamiña', Xabier Montoiaren lehenengo liburuan oinarritua.

Jende garaikide harroputza konturatzen denerako, berandu da. Kaosak hartu du mundua, gizartea desegin da, gizakia da gizakiaren etsairik amorratuena. Gutxi duenak ezer ez duenari eraso. Izurria nonahi hedatu delarik, komunikabideen eta gobernuen hitzak sinetsi behar al ditugu? Halako batean, Itxaro Bordaren hitzek gaurkotasunera jauzi egin dutela dirudi. Zer esanik ez, zabortegia aipatu duenean, “plastikoaren kosmografia adoratuaren” ondorio gaiztoa. Izurri hilgarriak eta zabortegi hiltzaileak dira egunotan berri nagusiak, hain gertu dugu apokalipsia?

Gure gizartea astintzen duten gaiak agertzen joan ziren, bertsoz bertso, sinbolismoz jantzitako lerroen azpian mundu errealaren ajeak tartekatuta. Boterea, aberastasunaren banaketa, teknologia, etorkinei ematen diegun tratu zakarra.

Hainbeste tragedia eta hondamendi, sufritzera etorri al gara Euskararen Etxera? Bada, ez. Itxaro Bordak poesia hutsez eszenarik harrigarrienak eraiki eta begien aurrean jartzeko duen trebetasuna gozamen hutsa da. Fantasiazko giroak zein gaur-gaurko kezkak, dena bikain josia. Musika elektronikoaz askorik ez dakigunontzat, Ibon RG sintetizadoreari zukua ateratzen ikustea, are gozamen handiagoa. Hi(zki)bridoak zikloaren hurrengo hitzorduaren zain gaude, ea zer ezusteko dakarkigun.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Poesia  |  Musika  |  Bilbo

Poesia kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude