Oso alde txikiarekin gainditu ditu Macronek bi zentsura mozioak

  • Ostegunean Emmanuel Macron presidenteak 49.3 artikulua baliatuta dekretuz onartu zuen erretreten erreforma, Asanblea Nazionaleko bozketarik gabe, eta herritarren nahiz diputatuen haserrea areagotu du. Zentsura mozioak gainditu ditu gobernuak, bederatzi bozkako tarte estuarekin. Astearte goizean Bidarteko supermerkatu sarrera blokatu dute herritarrek, sindikatuek deituta; astelehenean Biriatuko ordainlekua blokatu zuten.


2023ko martxoaren 20an - 10:59
Azken eguneraketa: 2023-03-21 10:36:13

Erretreten erreformaren aurkako protestek indarrez segitzen dute kaleetan. Astelehen arratsaldean bi zentsura moziori egin die aurre Frantziako Gobernuak Asanblea Nazionalean, eta oso alde txikiarekin gainditu dute: bederatzi diputaturen bozkaren faltan, ez dute nahikoa babesik jaso zentsura mozioek. Asteburuko protestak jarraitzeko, astelehen goizean hainbat errepide blokatu zituzten manifestariek. Biriatuko ordainlekua 40 minutuz geratu zuten LAB eta CGT sindikatuek bultzatutako protestan, eta astearte goizean Bidarteko Intermarche supermerkatuko sarrera blokatu dute, Euskal Irratiek jakinarazi dutenez. Manifestariek saltoki hori aukeratu dute langileak sostengatzeko: "Supermerkatuetako langile gehienak emazteak dira, etenez hautsitako karrerekin eta gogoz kotrako lanaldi partzialekin".

Emmanuel Macronen osteguneko erabakiak areagotu egin du erretreten erreformaren aurkako manifestarien eta diputatuen haserrea. Denak ditu aurka: sindikatuak, oposizioa, gobernuko zati bat, eta herritarren %68 (Ifop-en azken galdeketaren arabera). Erreformaren aurkako azken hilabeteetako greba eta protesta jendetsuei muzin eginda, martxoaren 16an Senatuan testua onartu zuten, baina Asanblea Nazionaleko bozketa saihestu –lehia estua aurreikusten zen– eta 49.3 artikulua erabili zuen Macronek, erreforma alde bakarrez onartzeko. Ordutik protesta jendetsuak egin dituzte sindikatuek deituta, eta hainbat liskar egon dira polizien eta manifestarien artean.

Zentsura mozioak gutxigatik gaindituta

Astelehen arratsaldean aztertu dituzte Asanblea Nazionalean oposizioak aurkeztutako bi zentsura mozioak. RN eskuin muturreko alderdiarena zen bata, baina soilik 94 diputaturen bozka jaso du, beharrezko 287 bozkatik urrun. Bigarrena, LIOT taldeak aurkeztutakoa, aukera gehiago zituena zen, baina bederatzi bozkaren faltan geratu da. Beraz, Elisabeth Borne lehen ministroaren gobernuak biak gainditu ditu.

Dena dela, Frantziako Gobernuan krisi sakona eragin du erretreten erreformak, eta batik bat 49.3 artikulua erabili izana "demokraziaren aurkakoa" dela leporatu diote Macroni. Kaleetan ere protestak ez dira isildu, eta "erreforma zentzugabea" baztertzeko eskatzen ari dira sindikatuek deitutako manifestariak.

LIOT taldeak ohartarazi du erreformaren aurka beste neurri batzuk aztertzen ari direla: Auzitegi Konstituzionalera jotzea, erreforma bozketarik gabe ezartzea konstituzioaren aurkakoa dela salatzeko, edo erreferenduma bultzatzea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pentsioak
2023-11-16 | Estitxu Eizagirre
"Bertsopentsiotan", Pentsiodunen I. Bertso Jarrien Lehiaketa
Astelehenero kalera ateratzen diren aldarriak bertsotara eramateko deia

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bertso lehiaketa berezia jarri du martxan: "Bertsopentsiotan". "Ari garela, ari garela, astelehenero kalean" gaiari bertsoak jartzeko urtarrilaren 15a arte (astelehena) dute epea 60 urtetik gorako Euskal Herriko eta... [+]


2023-11-10 | Ahotsa.info
1080€ Orain herri ekimenak larunbateko manifestazioan parte hartzeko deia zabaldu du

1080€ Orain ekimenak, prentsaurreko bidez, larunbatean 17:30ean Baluarte plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu du. Eta gainera, dei berezia egin nahi izan diete nafar emakumeei, "pentsioetan ematen den genero arrakala ukaezina delako eta... [+]


Gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izateko Nafarroako aurrekontuetako dirua bideratzeko eskatu dute

Nafarroan 51.000 pertsona dira 1.080 eurotik beherako pentsioa dutenak. Horietatik %66 emakumeak dira. Nafarroako Gobernuak ardura har dezala eta gutxieneko pentsioak ziurta ditzala eskatzen ari dira. 


2023-08-22 | Ilargi Manzanares
Pentsiodunak Bilboko jaietan mobilizatu dira

Milaka pentsionista atera dira kalera astelehenean, txistulariekin eta konpartsekin batera, Bilboko Aste Nagusiaren oihartzuna aprobetxatuz. Hainbat erreibindikazio egin dituzte, hala nola 1.080 euroko gutxieneko pentsioa.


72 urterekin jubilatu? Zergatik Espainiako enpresarien lobbyaren proposamenak ez duen heldulekurik

Espainiako Enpresarien Zirkuluak dio pentsioen sistema publikoak "bost urte barru" kiebra ez jotzeko modua dela 68 eta 72 urte artera luzatzea erretiro adina. AEBetan eta beste zenbait tokitan eskuin muturrak darabilen diskurtso bera erabili du lobby honek.


Eguneraketa berriak daude