"Hemengo gizartea lasaitu egin da euskararekin, eta berraktibatu beharra dago"

  • Eskolan irakasten diren hizkuntza guztietan ikasleak trebe izan daitezen lan egiten du Joaquim Dolzek. Genevan (Suitza) da beti lanean, baina noiznahi da gurean, bateko ikastaro, besteko jardunaldi edota biltzar. Orain hurrena, UEUk eta Elebilab-ek Gasteizen antolatutako ikastaroan izan ginen berarekin.

Argazkia: Zaldi Ero

2020ko apirilaren 15an - 09:36

Joaquim Dolz Mestre (Morella, Herrialde Katalanak, 1957)

Hezkuntza Zientzietan doktorea, Geneva Unibertsitateko Hizkuntzen didaktika eta Irakasleen prestakuntzako katedraduna da. Hainbat libururen egile, zenbat-nahi dira han eta hemen zuzenduak dituen ikastaroak, emanak dituen hitzaldiak. Irakaskuntza eleaniztunaz Europan denik eta aditurik burutsuenetakoa. Argazkilari fina, ikusgarriak dira Facebook-en erakutsi ohi dituenak; tantaka-tantaka, lore bilduma zoragarria dio munduari eskainia.

 

Sasoi batean, iragan mendeko 80ko hamarkadan, eman dezagun, hizkuntzaren jabekuntza aztergai zenean, elebitasunaz ari ziren ikertzaileak. Oraingo egunean, eleaniztasunaren gainean mintzo zarete batzuk eta besteak...

Jaio eta bi hizkuntzatan hitz egiten ikastea inoiz ez da oso gauza arraroa izan, askoz arraroagoa izan da, edo arraroagoa dela pentsatu izan dugu, txiki-txikitandik hiru-lau hizkuntzatan hitz egiten jakitea. Baina denborak irakatsi digu planetaren errealitatea eleaniztasuna dela, eta mugimendu migratzaileek ere horixe irakatsi digute: herrialde guztietan ere hizkuntza kopurua gero baino gero handiagoa dela. Genevan lan egiten dut, eta, han, azkena bisitatu dudan ikastetxean ikasleek hitz egiten zituzten hizkuntzei buruzko inkesta egin, eta batzuek eta besteek hitz egiten zituzten hizkuntzak 60 ziren! Horrek esan nahi du, bistan da, zenbait ikasle hainbat hizkuntza ikasten ari direla aldi berean. Genevan bertan, nire ikasgelako ikasleen artean, inork ez zekizkien lau hizkuntza baino gutxiago, eta batez bestekoa sei hizkuntza jakitea zen. Munduko ertz askotan eleaniztasuna nagusitu da, eta hobeko dugu horretaz jabetu.

Migratzaileek batera eta bestera eraman dituzten hizkuntzez ari zara...

Bai. Eta iruditzen zait ez garela horrela jabetzen, migratzaileek dakartzaten hizkuntzak izango ez balira bezala jokatzen baitugu. Eta, zinez, hizkuntza horiek hor dira beti, existitzen dira. Gasteizen bertan, 250.000 biztanle dira oraingo egunean, baina ni etorri nintzen lehenbiziko aldian 150.000 inguru ziren. Alegia, 100.000 horiek non edo nondik etorriak dira, eta, bistan da, beren hizkuntzak ekarri dituzte. Oraindik, Gasteizen, gaztelania da hizkuntza nagusia, baina hor da euskara ere, hizkuntza minorizatua izan arren, eta hor dira joan den aspaldian etorri diren hizkuntzak, hizkuntza asko etorri baitira. Batzuetan, hizkuntzaren barietateak, gaztelaniarenak, alegia, zeren eta Latinoamerikako biztanleek ez baitute gaztelania bera. Bestalde, hor dira magrebtarrak, eta Europako ekialdeko herrialdeetatik etorriak… Hemen ez duzue Genevako eleaniztasunik, hura bezain handirik ez, baina aldi bereko hizkuntza askoren jabekuntza, Gasteizen bertan, bizi-bizirik dago.

Nola gauzatzen da hizkuntzen irakaskuntza, hizkuntza anabasa horren erdian?

Batzuetan, modu anarkikoan, eta, bestetzuetan, hizkuntza politika gutxi-asko egokien bidez. Bada diziplina bat glotopolitika izenekoa, hizkuntzen antolamendua makro mailan aztertzen duena. Gu, hizkuntzen irakaskuntzaren didaktikatik, mikro mailan ari gara gehienbat. Gure kezka da nola antolatu hizkuntza anabasa hori ikastetxe barruan, edota familian. Hizkuntzen erabilerari buruzko kudeaketa beti saia gaitezke hobetzen, dudarik gabe, nahiz eta neoliberalismoak esaten duen gauzak “berez” mudatzen direla. Hala ere, hori esatea ikaragarria da, gutxieneko kudeaketarik gabe hizkuntzak galdu egiten baitira, hau da, gizateriaren ondarearen parte bat galtzen da, gurea, gizarte osoarena, haur, gazte nahiz heldu, hango eta hemengo, aberasten gaituena. Gasteizen bertan hainbat hizkuntza izatea bata bestearekin harremanetan, aberasgarria da, kanpoko munduarekin harremanetan jartzen laguntzen du, eta historikoki hemen ibili diren hizkuntzen ondarea ez galtzen ere laguntzen du.

Argazkia: Zaldi Ero

Zein irizpide baliatu behar dira hainbat hizkuntzaren kudeaketa egokia egin ahal izan dezagun?

Hizkuntza politikan aditua banintz bezala ari zatzaizkit galdezka, eta erantzuten ari natzaizu, baina hizkuntzen irakaskuntzari buruz dakidana oinarri hartuta. Hainbat hizkuntzaren kudeaketa irizpideak... Batetik, aintzakotzat hartu behar da errealitatea. Horrek esan nahi du, adibidez, jendeak zer hizkuntza errepertorio duen jakin behar dela. Eta zer errepresentazio duen “bertako” hizkuntzak ez direnei buruz. Esan nahi dut: ez da gauza bera hemen aleman edo ingeles jatorriko familia bat bizitzen jartzea, edo marokoar familia. Gasteiza ekarri ninduen taxilariak, adibidez, modu positiboan hitz egin zidan latinoamerikar jatorriko migrazio oldeari buruz; aldiz, negatiboki, magrebtar jatorrikoaren gainean.

Arrazoirik eman zizun, argudiorik?

Zaude, zaude! Taxilaria bera Zamorakoa (Espainia) zen jatorriz. Taxilari hark magrebtarren errepresentazio negatiboa transmititu zidan, negatibotasun horren zioak adierazi gabe ere. Hizkuntzei buruzko errepresentazioa, hizkuntzei buruzko kontzepzioa baitezpadakoa da hizkuntzen kudeaketa egokia egin ahal izateko. Errealitatea hori bada, nik badakit, arrazoi zientifikoak eskuan hartu eta hizkuntza guztien errepresentazio egokia eraikitzen lan egin behar dudala, eleaniztasuna aberasgarri dela erakutsiz, hala norbanakoarentzat nola gizarte osoarentzat. Norbanakoari dagokionez, ikuspegi kognitiboaren arabera ere, hizkuntza bat baino gehiago jakiteak guztioi hobeto pentsatzen laguntzen digula esango dut. Gizarteari zabaldu beharreko mezuaz denaz bezainbatean, hizkuntza bi, hiru, lau jakiteak sozializatzen laguntzen digula esango dut ozen, garrantzizkoa dela jendeak ez dezan elkar jo, edo eskolako patioan haurrak bata bestearekin jolas daitezen. Bake soziala lortze aldera ez ezik, eleaniztasuna garrantzizkoa da sare sozial diren horietan inguruko hizkuntzak baliatu ahal izateko. Hizkuntza bat baino gehiago jakiteak ez du kalterik egiten, are gehiago, aurrekoak hobeto jakiten laguntzen du. Eleaniztasuna oinarrizkoa da gaur egun, funtsezkoa da pertsonen eta ikastetxeetako eleaniztasunak modu positiboan ikustea. Besterik da hori antolatzea, eta antolatzea zaila da, zeren eta helbururik behinena da hizkuntza horiek eskolan ikastea, baina eskolan 60 hizkuntza baldin badira, zailagoa da lantegia.

Eta, orduan, nola jardun hainbeste hizkuntza dabiltzanean joan-etorrian batera?

Eskolan arabiera hitz egiten duten 20 ikasle baldin badituzu, adibidez, arabierazko ikastaroak antolatu ezinik ez dago, hizkuntza maila hobe dezaten. Beste talde bat baldin baduzu Serbiatik edo Kroaziatik etorria, berdin, etxekoa garatzea izango da egitekoa. Europaren aholkuei jarraikiz, berriz, gutxienez hiru hizkuntza hitz egin beharko genituzke: batetik, etxeko hizkuntza, edo hizkuntzak; bestetik, herrialdean herrialdeko hizkuntza ofiziala, edo ofizialak, eta, hurrenik, atzerriko hizkuntza, edo hizkuntzak. Nire iritziz, antolamendu hori posible da. Ezin dela modu berean antolatu Gasteizen, Zumaian edota Lizarran? Jakina! Are, Gasteizen bertan ere, egoera ez da bat eta bera izango auzo batean edota bestean. Oinarrizko printzipioa izan behar da guztiok ere euskaraz ikastea, gaztelania garatzea, eta bestelako hizkuntzak ere ikastea.

Hizkuntzen egoera, ordea, ez da bat eta bera...

Ez, bada! Eta laguntza handiagoa eman beharko diogu zenbait hizkuntzari, eskolan egoki ikasten ez baldin badira eskolaz kanpo ez baitira behar bezala ikasiko. Hortik dator, adibidez, murgiltze eredua. Izan ere, horixe besterik ez da murgiltzea: euskarari aurrera egiteko era eskaintzea, laguntza berezia. Dakigunez, murgiltzeak ez dakarkio galerarik haurren gaztelaniari, alderantziz baizik: gaztelaniaren ikasketari ere emaitza onak eman ohi dizkio. Hemengo eredu sistemak, EAEkoak, bederen, hizkuntza batean edo bestean eskolatua izateko aukera ematen die gurasoei, eta hori luxu hutsa da.

Zer esan nahi duzu “luxu hutsa” esanda?

Aukera modu hori guztiz bakana dela munduan, eskola pribatuen kasua besterik ez dela. Duela 40 urte hemen landutako ereduak, aldiz, aukera horixe ematen die familiei, eta, alde horretatik, uste dut euskal gizarteak pozik eta kontentu egon behar duela. Urteak joan eta etorri, jabetu gara eredu jakin bat besteak baino sakonago garatu dela, emaitza hobeak ematen ari delako, eta horretan dira gurasoak ere.

Argazkia: Zaldi Ero

Nola irakatsi behar da hizkuntza gutxitua?

Utzidazu ohar egiten: minorizazio prozesuak beldurgarriak dira, oro har, eta, beti, hizkuntza bakoitzaren egoeraren araberakoak dira. Adibidez, nik, lehen hizkuntza, etxekoa, katalana dut. Euskara baino hurrago dago gaztelaniatik, eta, hizkuntza hurbilpen horrek, nahitaez, erraztasuna damaio jatorrizko gaztelania hiztunari. Euskara, berriz, urrunago zaio gaztelania hiztun horri. Halaber, gaztelania hiztun horri zailago zaio alemana ikastea, katalana ikastea baino. Baina delako hiztun horrek katalanaren errepresentazioa negatiboa baldin badu, alferrik ari gara, nahiz eta erraz ulertuko lukeen katalanez, ez dago erremediorik. Inork euskara baserritar hizkuntzatzat ikusten baldin badu, ezertarako balio ez duen hizkuntzatzat, nekez ikasiko du. Eta Gasteizen bizi baldin bada, adibidez, Zarautzen, Azpeitian edota Zumaian bizi izanda baino nekeago ikasiko du, herriotako kaleetan euskaraz ari baitira batzuk eta besteak, Gasteizen, Bilbon edo Donostian ez bezala. Alegia, egoera horiek aintzakotzat hartu behar dira.

Urteak daramatzazu atzera eta aurrera Euskal Herrian. Ikusi duzunaren arabera, zein duzu “errepresentazioa”? Zertan egin du aurrera euskarak, zertan ez?

Kar, kar… Gogoan hartu duzu errepresentazio kontu hori! Kar, kar… Beti indikatzaileei kasu egin beharrik ez dago, baina gauza jakina da, euskararen ezagutzari dagokionez, zenbait urtez emaitza oso onak jaso direla, bai Euskadin eta bai Nafarroan. Azken urteotan, bestalde, badirudi gauza pixka bat lasaitu egin dela. Hala ere, herrialde honetan hizkuntzen alde egin den esfortzua eredugarria da. 80ko hamarkadan hasi eta 2006 arte-edo, gar eta mobilizazio sozial handia nabaritu nuen, erabateko konpromisoa, eta horrek ikaragarri lagundu zion euskarari. Orain, berriz, jendea hizkuntzen irakaskuntzari buruz edozer gauza esateko gai da, komunitateak ez du garai bateko ardurarik eleaniztasuna gauzatzeko eta hori negatiboa da. Haatik, zuhur jardun nahiko nuke, daturik gabe ari bainaiz hizketan, eta, edonola ere, ez dut irakurketa negatiborik egingo: hemengo gizartea lasaitu egin da, sistema bera ere lasaitu egin da, eta berraktibatu beharra dago. Besterik ez. Esate baterako, ikaragarria da Valentzian (Herrialde Katalanak) eragin duten berraktibazioa. Egoera guztiz zen penagarria, eta orain berriz, gar handiz ari dira irakasleak.

 

Irakasleak

"Hemengo andereño eta irakasleak oso ondo baloratuak zeuden garai batean eta, orain, berriz, ematen du ez dutela orduko baloraziorik. Eta hori ere kontuan hartu behar da: oraingo egunean eskolari eta irakasleei buruzko iritzia okerragoa da, eta horrek ez dio hizkuntzen irakaskuntzari laguntzen. Irakasleengan konfiantzarik gabe, zailago da aurrera egitea".

 

Hitz egin

"Hizkuntzaren irakaskuntzaren lehen helburua funtzionala da, erabiltzea. Bigarrena, hizkuntzaren mekanismoak ezagutzea, erabilera hobetzen laguntzen baitu. Hirugarrena da hizkuntza ondarea ezagutzea. Funtsezkoa iruditzen zait Bernardo Atxaga irakurtzea, elezaharrak jakitea, euskaraz noiz hasi ziren idazten jakitea… Oinarrizkoena, beti, eta are gehiago euskararen kasuan, hitz egitea da".

 

Hitz egin II

"Euskaldun zahar askok gramatikarik jakin gabe hitz egiten dute. Gramatika inplizitu baten jabe dira, baina euskarak zenbat fonema dituen galdetuz gero, ez dakite. Berdin frantses hiztunak ere, ez daki frantsesak 21 fonema bokaliko dituela, eta, hala ere, primeran hitz egiten du frantsesez. Lehenengo gauza, garrantzizkoena, euskaraz hitz egitea da, ez dadila galdu".

 

Azken hitza

Anton Kaifer

"Donostiako Euskal Mundu Biltzarraren karietara etorri nintzen hona. Orduantxe konprometitu nintzen euskararekin, pertsonalitate handi bat tarteko zela: Anton Kaifer, sasoiz hila, zorigaitzez. Berak gonbidaturik etorri nintzen, eta ezagutu nituen euskara aholkulariak, eta irakaskuntza ereduen hasiera, eta irakasleentzako prestakuntza ikastaroak eman nituen… Harrezkero, tesi eta ikerlan bikain asko jarraitu ditut, eta, halaber, irakaskuntza esperientziak Hego nahiz Ipar Euskal Herrian"

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntza gutxituak
Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Carolina Gandulfo, doktorea eta guaraniera ikertzailea
“Haurrak ‘isilak’ ziren, gaztelaniaz, ez guaranieraz, baina hizkuntza honek ez zuen balio”

Carolina Gandulfo doktorea. Argentinan jaioa, Ipar-ekialdeko Unibertsitate Nazionaleko Humanitate Fakultateko irakaslea. Iragan udazkenean Garabidek gonbidaturik egonaldia egin zuen gure artean, eta mintzatu zitzaigun Argentinako guaranieraz. Ikastetxe bateko esperientzia... [+]


Hizkuntza gutxituen artean, euskara hirugarren erabiliena da Europako streaming plataformetan

Netflix, Amazon Prime eta Disney+en, Hizkuntza Gutxituen Europako Gutunak onartzen dituen bost hizkuntza baino ez dituzte erabiltzen. Bosten artean nagusi da, alde handiz, katalana. Ondoren datoz galiziera, euskara, luxenburgera eta Eskoziako gaelikoa. EHUko Nor Ikerketa Taldeak... [+]


Eguneraketa berriak daude