Emakumeak borrokan

Hegoaldeko kurduen %83k hartu du parte independentzia erreferendumean

  • Hego Kurdistango Hauteskunde Batzordearen datuen arabera, erroldatutako 3.985.120 lagunetatik 3.305.925k hartu dute parte. Behin betiko datuak asteazkenean emango dituzte, baina baiezkoak irabaziko duenaren zalantzarik ez dago, ezezkoaren aldekoek ez baitute erreferenduma babestu. %10 baino gutxiago zenbatuta, %93 da baiezkoaren aldekoa.

Xalba Ramirez @xalbaram
2017ko irailaren 26a

Normaltasunez joan da eguna herri gehienetan, eta turkiar eta irakiar mugimenduek boikotera deitu arren, ez da gatazkarik izan. Azken orduan hainbat hauteslekuren ordutegia luzatu behar izan dute, herritar ugari zegoelako oraindik bozkatzeko ilara egiten.

Iraketik independizatzeko erreferenduma deitu zuen ekainean Barzanik, Hego Kurdistango presidenteak. Hainbat elkarrizketa egon diren arren, konstituzioaren kontrakotzat jo du Bagdadek, eta beraz ez du berehalako ondoriorik izango.

Barzani prest agertu da asteburuan Bagdadekin “negoziaketa luze” bati ekiteko, “urte bat, bi edo gehiago iraungo duena, baina ez gara 2005eko konstituziora itzuliko”. Ikusteko dago zein izango den Irakeko presidentearen jarrera.

Zaila izango da estatu berria sortzea, Turkiak eta Iranek ez onartzeaz gain, mendebaldeko kurduek, adibidez, ez dutelako ontzat ematen ere. Asteburuan KCK-ko buruetako batek “bozkatzea ezin dela kaltegarria izan” adierazi arren, ez dute begi onez ikusten estatu egitura berriak sortzea.

 

 

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Kurdistan  |  Irak

Kurdistan kanaletik interesatuko zaizu...
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude