Hautagaiak, frackingarekiko jarrera argitzera behartuta

  • Haustura hidraulikoari buruzko eztabaidak protagonismoa bereganatu du hauteskunde kanpaina betean. Teknika horren debekua ezarriko lukeen lege proposamena Eusko Legebiltzarrean tramitatzen ari denetik, EH Bilduk eta Fracking Ez plataformak behin baino gehiagotan salatu dute zenbait talde –EAJ batik bat– eztabaida prozesua atzeratzen ahalegindu direla, helburu argi batekin: foru eta udal hauteskundeak igaro arte gaiaz daukaten iritzia argi plazaratu behar ez izatea.


2015eko maiatzaren 22an - 12:39
Frackingaren aurkako manifestazioa.
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Azkenean, kontrakoa izan da. Horren errua, edo meritua, Fracking Ez-ena da hein handi batean. Hautagai guztiei aurkako jarrera agertzeko eskatuz egindako kanpainaren bidez, frackinga hedabideen azaletara ekartzea lortu dute. Bistan da iritzi publikoarentzat gai garrantzitsua dela; horren merituaren zati bat Fracking Ez-i egotzi beharko zaio halaber. Beste zati bat, zer esanik ez, Patxi Lopezi dagokio, beraren aurreko administrazio jeltzaleak isilpean aurrera zeramatzan planak haizatzeagatik.

Fracking Ez-en “hauteskunde kanpaina” partikularrak balio izan du lehendik ezaguna zen argazkiari xehetasunak eransteko. Hala, berretsi egin da haustura hidraulikoaren alde dauden alderdietan gaiarekiko batasun eza dagoela, baina orain izen-abizen gehiago dago “disidenteen” zerrendetan. Esaterako, jakina zen Javier Maroto Gasteizko alkate eta hautagaiak ez duela, frackingari dagokionez, bere alderdiaren tesiekin bat egiten, baina ezustea izan da Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko hautagai Juan Carlos Canok ere Fracking Ez-en proposamena sinatu izana.

EAJren barruan, berriz, Araba da haustura hidraulikoari mesfidantzaz begiratzen diotenen habia. Hemerotekaren berri duen inor ez da harritu Diputaziorako eta Gasteizko alkatetzarako hautagai jeltzaleek (Ramiro Gonzalez eta Gorka Urtaran, hurrenez hurren) frackingaren aurka borrokatzeko konpromisoa publikoki izenpetu dutelako. Halatsu jokatu dute herrialdeko udal gehienetako hautagaiek. Bizkaiko eta Gipuzkoako aginte-makilak eskuratzeko lehian dauden Unai Rementeriak eta Markel Olanok, aldiz, muzin egin diote Fracking Ez-en testua sinatzeari.

Partidua Eusko Legebiltzarrean ere jokatzen da, arestian esan dugunez. Horretarako zituen epe guztiak azken tantaraino zukutu eta gero, EAJk denbora irabaztea ahalbidetuko dion zuzenketa aurkeztu dio, azkenik, frackinga debekatzeko lege proposamenari: debekurik ez (oraingoz), baina moratoria bai. Bost urtez behintzat EAEko lurzoruan zulorik ez egitea proposatu dute, kaltegarria dela esateko “froga zientifikorik ez dagoen arren”, teknikak arrisku zenbait sor ditzakeela pentsatzeko zantzuak daudela argudiatuta. Arabar aurkarien eta Lakuako Ekonomiaren Garapen Saileko sustatzaile porrokatuen tarteko posizioan kokatzea lortu du momentuz EAJk.   

PSEk, bestalde, burutu du Patxi Lopez Texasera joan zenetik egindako biraketa prozesua. Etekin politikoa, nonbait, frackingaren aurka azaltzeak emango diela kalkulatu dute sozialistek, eta alde horretatik ezustekorik ez da izan: azken hilabeteetan Legebiltzarrean adierazitako kontrako posizioak segida izan du, eta foru hauteskundeetarako EAEko hiru hautagaiek sinatu dute Fracking Ez-en testua. Halaber, teknika guztiz debekatzea xede duten zuzenketak egin dizkiote Legebiltzarreko lege proiektuari, EH Bilduk bezala.


Irakurri gehiago: Frackingaren arriskua Ingurumena
Frackingaren arriskua kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.