Harrabots jendetsua Gernikan, Urdaibaiko erreserbako Guggenheim proiektuaren aurka

  • Busturialdeko Hitzak adierazi duenez, 4.000 herritar inguru bildu ditu larunbat honetan egindako makroproiektuaren aurkako manifestazio zaratatsuak. Herritarrak eta eragile sozialak kezkatuta agertu dira Busturialdeko “beharrei erantzuten ez dien” museoak sor ditzakeen “inpaktu izugarrien” aurrean.


2023ko urriaren 30an - 10:57
Azken eguneraketa: 12:13
Larunbatean Gernika-Lumon egindako manifestazioa, Urdaibaiko erreserbako Guggenheim proiektuaren aurka // Argazkia: Busturialdeko Hitza

Guggenheim Urdaibai Stop plataformak deituta, milaka lagun elkartu dira larunbat honetan, hilak 28, Gernika-Lumoko Pasealekutik abiatutako manifestazioan. Proiektuari ezezko borobila ematera irten dira manifestariak kalera: “Dena ez da dirua, Urdaibai ez dago salgai” gisako aldarrikapenak plazaratu dituzte, eta entzungor egiten ari diren erakunde zein alderdiei “ardura har dezaten” eskatu diete. Herritarrek eta bestelako eragile sozialek ere “babesa eta atxikimendua” adierazi nahi izan dute.

Busturialdeko herritarrak kezkatuta agertu dira Urdaibaiko biosferaren erreserban proiektu honek sorraraziko duen “inpaktu izugarriaren” aurrean. Jakina da egitasmo honek bi eraikin nagusi izango dituela, bai eta “bide berde” batez lotuta egongo direla: bata Gernika-Lumon, Dalia estalki enpresa zaharraren lurretan, eta bestea Muruetako ontziolan.

Gernikako Pasealekutik abiatuta, herriguneko erdialdea zeharkatu ondoren, Foru Plazan burutu da manifestazioa eta Aitor Etxebarriazarraga bertsolari Gernikarra izan da manifestua irakurtzeko ardura izan duena. Ezer baino lehen, garbi utzi nahi izan du Guggenheim Fundazioak proposatu eta hauspotutako proiektua dela, eta "itzalpean ezkutatzen diren" Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Estatuaren babespean aurrera eramana. Ildo horretan, berretsi du “premia pribatu bati” erantzuten diola eta “inposizio osoz” egindako proiektua dela. “Bakar batzuen burutapenak gauzatzeko eta poltsiko jakin batzuk betetzeko, guztion dirua baliatu nahi dute”, gaineratu du bertsolariak.

Ageriko kalteak

Plataformako kideek emandako datuen arabera, aurreikusten da Urdaibaiko erreserbako Guggenheim  proiektuak 140.000 bisitari ekarriko dituela urtero-urtero, udako hiru hilabeteetan. Busturialdeko herritarrek salatu dute horrek “desiragarriak ez diren ondorioak” ekarriko dituela: “Larriki eragingo die mugikortasunari, etxebizitzen prezioei, eguneroko bizimoldeari, hizkuntzari edota kulturari”.

Eskualdearen etorkizuna “guztion artean” eraiki beharra nabarmendu du Etxebarriazarragak: “Etorkizun horrek pertsonen bizitza eta natura erdigunean eduki behar ditu; dena ez da dirua, Urdaibai ez dago salgai”. Administrazio publikoei, erakundeei eta alderdiei eskakizun zehatza egin diote plataformatik: “Geratu bihar bertan zentzurik gabeko proiektu suntsitzaile eta zapaltzaile hau”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Urdaibaiko Guggenheim
Bizkaiko Diputazioak abiatu du Urdaibaiko Guggenheimarentzat lursailak erosteko prozesua

Muruetan 32.000 metro karratu erosteko asmo dauka Bizkaiko Diputazioak, besteak beste Urdaibain Guggenheim museoa eraikitzeko.


2024-02-28 | ARGIA
Urdaibaiko Guggenheim proiektuaren aurkako ekimenak ez dira eten

Urdaibaiko Guggenheimen proiektua bi urtez etengo dutela iragarri zuten urtarrilean Lakuak eta Bizkaiko Aldundiak, baina museoa eraiki ez dadin borrokan jarraitzen dute ekintzaileek. Futuro Vegetal aktibista klimatikoen azken ekintza eta Guernica Gernikara taldeak antolatu duen... [+]


“Kable bilketa” gisa definitu du EH Bilduk Guggenheim Urdaibai proiektua bi urtez gelditzeko erabakia

Busturialdea eskualdeko hainbat alkate eta zinegotzi bildu ditu EH Bilduk Gernikan emandako prentsaurrekoan. Idurre Bideguren senatariak adierazi du neurria EAJren “kudeaketa eredu zaharkituaren beste adibide bat” dela.


Urdaibaiko Guggenheimen proiektua bi urtez etengo dutela iragarri dute Lakuak eta Bizkaiko Aldundiak

Iñigo Urkullu lehendakariak jakinarazi du proiektua geldituko dutela 2024 eta 2025ean. Bilboko Guggenheim museoko patronatuak proiektuaren “bideragarritasuna” aztertu nahi du. Guggenheim Urdaibai Stop plataformaren esanetan, etena ez da "onargarria"... [+]


Eguneraketa berriak daude