Hainbat kristau “eskandalizatuta” daude Gipuzkoako elizaren lokalak pisu turistiko bihurtu nahi dituztelako

  • Gipuzkoako 44 kristauk idatzitako artikulua argitaratu zuten asteburuan hainbat hedabidek. Sinatzaileek kritikatu dute Donostiako Gotzaindegiak Groseko Zabaleta kalean daukan eraikina apartamentu turistiko gisa erabiltzeko asmoa.


2018ko azaroaren 28an - 09:39
Donostiako Gros auzoan dagoen elizaren eraikina apartamentu turistiko gisa alokatu nahi du Jose Ignacio Munillak.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

“Eraikin hau ez da edozein leku, Gotzaindegia da, Donostiako Elizbarrutiko gobernuaren egoitza, alajaina”, azaldu dute gutuna idatzi dutenek. “Erreferentziazko gune hau hotel eta diru-iturri bihurtuko da gotzainaren erabakiz”, gaineratu dute eta erabakia “lotsagarrikeria” gisa deskribatu dute.

Elizaren eraikina turismorako erabiltzea ez da gertaera isolatua publikoki kexa azaldu duten kristauen iritziz, “eliza (…) suntsitzeko pentsatutako plan zabal baten barruko urratsa” dela uste dute. “Munilla eta beretarrak horretan ari dira eginahalean;orain ondarea ere hondatzen. Ez dira alokatu edota saltzeko asmotan dabiltzanaren nagusi baina elizbarrutia beren mendekoa balitz bezala jokatzen dute”.

Donostiako gotzainaren “botere abusua” salatu dute. “Ez gaude prest besoak tolestuta geratzeko. Ahotsa altxa eta protestatu besterik ezin dugu egin”, irakurtzen da gutunaren amaieran.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eliza Katolikoa
Eguneraketa berriak daude