Tolosako Asuncion klinikan 32 langilek positibo eman dute: "Arazo handiena langile eta baliabide falta da"

  • Ohiko osasun zerbitzua eten egin dute Tolosako (Gipuzkoa) Asuncion klinikan. Zentroko iturrietatik Berria-k jakin duenez, azken egunetan positibo ugari azaldu dira klinikako langileen artean, eta, egoera ikusita, zerbitzua etetea erabaki zuten ostiral arratsean. Espero dute datorren asteartean edo asteazkenean ohiko jarduerara itzultzea. Oraingoz, 32 langilek eman dute positibo, baita hiru gaixok ere. Guztira, 350 langile ditu Asuncion klinikak.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2020ko urriaren 12an - 10:25
Irudian Tolosako Asuncion klinika. Argazkia: Tolosaldeko ataria.

Asuncion klinikako erizaina eta langile batzordeko kidea da Inma Arroyo —ez du COVID-19an positibo emandakoen solairuan lan egiten—. Berria-ri argi azaldu dio baliabideak eta langileak falta dituztela: «Langileak nekatuta gaude fisikoki eta psikologikoki, eta gure arazo handienak langile falta eta baliabide falta dira». Azaldu duenez, aste honetara arte ez dute izan FFP2 maskararik, ezta norbera babesteko ekipamendu (NBE) nahikorik ere. «Ostegunean eman zizkiguten FFP2 maskarak, kontatzeko moduan. Niri maskara ematen didate, eta zera esaten: 'Esan didate gutxienez lau edo bost egun iraun behar duela'». Halere, ohartarazpen bat egin du Arroyok: «Ez da Asuncion klinikako kontua bakarrik; hau ospitale guztietan gertatzen den zerbait da».

Aste hasieran, hiru medikuk eta administrazioko langile batek eman zuten positibo Asuncion klinikan. Arroyok azaldu duenez, astelehenean bertan langile askori egin zieten proba, eta astearen bukaerarako berriz egingo diete langile denei. Haren hitzetan, astelehenean, hamabi bat orduan solairu bat «konfinatu» zuten, denak etxera PCRa eginda eta emaitzekin joateko, baina gainerakoekin ez zen berdin jokatu: «Hurrengo egunera arte itxaron behar izan dugu, eta lanean aritzea tokatu bazaizu, lanean aritzea tokatu zaizu». Langileei ez ezik, gaixo guztiei ere PCRa egin zieten astelehenean eta ostiralean. «Uste dut egokia dela».

Lehen positiboen berri izatean, erabaki zuten klinikan dauden pazienteek bisitarik ez jasotzea. Izan ere, Berria-k jakin duenez, klinikako zuzendaritzak langileei adierazi die uste dutela gaixo baten bisitariak eragin dituela kutsatzeak. Arroyok horretan ere ikusi du arazoa: «Eskatzen zitzaien gaixo bakoitzeko senide bat egoteko, eta egia da hala egon direla, baina goizekoa eta gauekoa ez zen senide bera, adibidez». Ikusita klinikako zuzendaritzari kostatzen ari zitzaiola klinika ixtea, Osakidetzak ezarri zion ixtea.

Arazoaren larritasuna ikusita, soilik larrialdiak artatuko dituzte. «Zubi honetan zehar, larrialdiek eta ospitaleratze solairuek ohiko moduan funtzionatuko dute», jakinarazi dute ospitaletik. Gainera, gela bakoitzean gaixo bakarra egongo da. Beraz, Asuncionen dauden pazienteek bertan jarraituko dute. Beste norbait erietxeratu behar izatekotan, berriz, Bidasoko ospitalera bideratuko dute, Irunera.

Beste prebentzio neurri bat ere hartu dute lau asterako: zazpi egunetik behin COVID-19aren test bana egingo zaie Asuncioneko gaixo eta langile guztiei. Ospitaletik nabarmendu dute neurri guztiak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin adostu dituztela.

Publikoaren beharra

Klinika pribatua da Asuncion, baina zerbitzu publikoa ematen du Tolosaldean, Osakidetzarekin ituna baitauka. Udal bozetan, ospitale publiko bat egitearen alde agertu ziren alderdi gehienak, baita EAJ ere. Tolosako Udalak lasaitasun mezua helarazi nahi izan die herritarrei. EH Bilduk jakinarazi duenez, Ibai Iriarte legebiltzarkide tolosarrak ofizialki argibideak eskatu dizkio Jaurlaritzako Osasun sailburuari. Gertatutakoak EH Bilduren iritzia berresten duela erantsi du: «Osasun zerbitzu publikoak ezin dira esku pribatuetan utzi». Tolosaldeko herritarren osasun arta hobetu beharra dagoela esan du, baita ospitale publikoaren premia dagoela ere.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koronabirusa
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.


Eguneraketa berriak daude