Prentsaurrekoa egin dute gaur berresteko greban jarraituko dutela eta Garnica taldeari ere eskatu diote hausnartzea eta kaleratzeak ez egikaritzea.
Maderas de Llodioko langileek prentsa agerraldia egin dute gaur 11:00etan euren gatazkaren berri emateko. Lehenik eta behin, azpimarratu dute enplegua erregulatzeko espedientearen kontsulta epean bost proposamen ezberdin egin dituztela kaleratzeak eta deslokalizazioa ekiditeko eta enpresak ez diela jaramonik egin.
Beharginen aburuz, Garnica taldearen erantzuna erabat onartezina izan da: "Mahai gainean jarri duen eskaintza bakarra izan da kaleratze kopurua lau pertsonan murriztea eta kalte-ordainak pixka bat handitzea, baina ekoizpenaren %40aren deslokalizazioa eta kaleratzeak bere horretan mantenduz".
Edonola ere, langileek uste dute oraindik ez dela berandu eta horregatik eskatu diote enpresari bere jarrera berpentsatzea eta kaleratzea prozesua gelditzea.
Langileek bozeramaileek, gainera, etsipena agertu dute erakunde publikoei dagokienez: "Gure haserrea adierazi nahi diegu erakundeei. Onartezina iruditzen zaigu, egoera larri honen aurrean, ez Arabako Foru Aldundiak ezta Eusko Jaurlaritzak ere ez dutela inolako inplikaziorik erakutsi".
Horren adibideak jarri dituzte: "Batzordeak berak jarri behar izan du harremanetan erakundeekin. Arabako Foru Aldundiaren kasuan, ez dira behin ere gurekin bildu gertatzen ari dena lehen eskutik ezagutzeko, ezta beraien eskura dituzten tresnak eskaintzeko ere, enplegua babesteko eta bitartekaritza egiteko. Eta Eusko Jaurlaritzaren kasuan, alderdi sozialak eskatutako lehen bilera baten ondoren, ez da jarraipenik izan, ezta bilera berririk ere, guk horrela eskatu diegu arren".
Maderas de Llodioko beharginek larritzat jo dute utzikeria hori eta inplikazioa exijitu diete bai Aldundiari eta baita Eusko Jaurlaritzari ere: "Erakundeek beren erantzukizunak bere gain har ditzatela exijitzen dugu, argi eta garbi kokatu daitezela industria eta lanpostuak babesteko, eta demagogia eta hitz hutsak alde batera utz ditzatela".
Kontrara, Maderas de Llodioko langileak oso eskertuak agertu dira eskualdeko herritarren aldetik jasotako babesa dela eta. "Egoera hau ez da arazo indibidual bat, kolektiboa baizik, eta horren jakitun izatea funtsezkoa da Aiaraldeko gure etorkizuna defendatzeko", erantsi dute.
Gauzak horrela, grebalariek berretsi dute lanuztean jarraituko dutela, "mobilizazioa eta borroka" baita, euren ustez, duten tresna eraginkorrena.