Grebara joko du Bizkaiko metalgintzak berriz ere, oraingoan astebetez

  • Meltagintza sektoreko langileak azaroaren 28tik abenduaren 2ra arte greba egitera deitu dituzte LAB, CCOO, UGT, ESK, CGT eta CNT sindikatuek. Diotenez, patronalak azken bileran entzungor egin die euren eskaerei.

Greba iragartzeko prentsaurrekoa (argazkia: LAB)

2022ko azaroaren 10ean - 07:03
Azken eguneraketa: 10:00
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Azkeneko asteetan sei egunez greba egin ostean, mobilizazio fasea azkartzea erabaki dute sindikatuek Bizkaiko metalgintzako patronaleko arduradunek hartutako jarreraren aurrean. Hala, oraingoan aste osoko greba egitera deitu dituzte langileak, azaroaren 28tik abenduaren 2ra, LAB, CCOO, UGT, ESK, CGT eta CNT sindikatuek asteazken honetan iragarri dute deialdia prentsaurrean. ELA sindikatua ere, bere aldetik, mobilizazio gehiago antolatzeko prest agertu da.

Azaldu dutenez, azkeneko lanuzteen jarraipena oso zabalaren ostean, eta langileen jarrera irmoa ikusita, mezu argia jaurti zioten FVEM patronalari: "Hurrengo bileran sektoreari entzun gabe jarraituz gero eta akordio batera iristeko eduki nahikorik aurkeztu ezean, gatazka gogortu egingo dela eta astebeteko greba-deialdia eramango genuela aurrera".

Asteartean egindako bilera horretan baina, sindikatuen arabera aukera "alferrik galdu" du patronalak: "Gutxieneko hobekuntza batekin etorri da bilerara, ehuneko puntu bateko soldata-igoerarekin, tauletan erosteko ahalmena bermatu gabe eta malgutasunean, gutxieneko bermean eta aldi baterako ezintasun-osagarrietan zituen atzerapenak mantenduz", azaldu dute. 

FEVMek ohar bidez esan du "bosgarren  aldiz" hobetu duela soldaten igoera proposamena, baina sindikatuek "aldaezin" jarraitzen dutela eta "xantaia estrategia bat" daramatela aurrera.

Metaleko enpresen etekin handiak

Horren aurrean, sindikatu deitzaileek metaleko enpresek pilatu dituzten etekinen datuak eman dituzte. Marta Ayala CCOO-Euskadiko ordezkariaren esanetan Tecunik 3 milioi euro irabazi ditu, Sidenorrek 25 milioi, Artechek 9 milioi eta Ormazabalek 11 milioi.

LABeko Iratxe Azkuek aurrera begira gerta daitekeenaz ohartarazi du: "Bost greba egun hauek eta gero FVEMek jarrera berarekin jarraitzen badu, argi dagoena da gatazka gehiago gogortuko dela". Hala, ez dute baztertzen greba mugagabera jotzea.

Azkeneko greba zikloan koska bat gora egin zuen tentsioak, bi atxilotu izan ziren eta Ertzaintza piketeen kontra oldarkor ibili zela salatu dute langileek. Hala ere, jarraipena %85ekoa izan zela esan zuten eta horniduran eragin handia izan zuela, esaterako, Mercedes lantegia geldiarazi zuten.


Langile borroka kanalean gehiago
2026ko ekainaren 25
Enplegu Publikoaren Legea Eusko Legebiltzarrean
LAB: "Ez da hau momentuak eskatzen duen lege aldaketa"

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...