Gorka Roca Torreri babes agiria

  • Heldu den martxoaren 26an, Gorka Roca Torre epaituko dute Baionako auzitegian Unescoren izenean burutu bi ekintzetan esku hartu izanagatik. Seinaletika euskarriak ezabatzea, margotzea, kentzea... Euskal Konfederazioak bere jardueran lehenesten dituen ekintza motak ez badira ere, ulergarri da euskaltzale militante edo talde batzuk horrelako ekintzak bururatzera eramanak izatea, espazio publikoan euskara bigarren mailan kokatua dela edo baztertua dela ikustean.

Bestalde, ez dezagun ahantz horrelako ekintzak 80. hamarkadan hasi zirela egiten eta horiek gabe agian hizkuntza politika publikorik ez zuten sekulan xutik ezarriko botere publikoek.

Badira hamarkada batzuk orain bide seinaleak, eraikin publikoetako seinaletika... euskaraz ere ezartzen hasiak zirela eta abantzu hogei urte euskararen aldeko hizkuntza politika publikoa garatzeko Euskararen Erakunde Publikoa sortu zutela.

Hala ere, aitzinamenduak aitzinamendu, espazio publikoko hizkuntza paisaian euskararen presentziak arrunt mugaturik segitzen du gaur egun ere, egunerokoan ikusgarritasun horrek garrantzi berezia duelarik euskara hizkuntza bizia dela erakusteko eta jendea euskara ikastera edota erabiltzera bultzatzeko elementuetariko bat izan daitekeelarik.

Horretaz gain, horrelako euskarrietan euskararen presentzia segurtatzeak euskal hiztun gisa argibideak euskaraz jasotzeko dugun hizkuntza eskubidea bermatzea laguntzen du.

"Euskal Konfederazioak salatu nahi du euskararen defendatzaileen kriminalizazioa"

Horrela, Euskal Konfederazioak salatu nahi du euskararen defendatzaileen kriminalizazioa, hauen helburua, ekintza mota desberdinen bidez, euskara biziaraztea eta euskaldunen hizkuntz eskubideak errespetaraztea besterik ez delarik.

Aipatu arrazoi hauek Gorka Roca Torreri leporatzen zaizkion ekintzen helburuekin bat egiten dutenez, agiri honen bidez Gorka Roca Torreri sustengua adierazi nahi dio Euskal Konfederazioak. Halaber, euskaltzaleak deitzen ditugu martxoaren 26an, 13:45ean, Baionako auzitegira joatera beren babesa adierazteko.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude