Genero-indarkeriaren inguruko “adierazpen negazionistengatik”, Iruñeko Berdintasun zinegotzia kritikatu du oposizioak

  • UPNko zinegotzi Carlos Salvadorren adierazpenek indarkeria matxistaren aurkako borrokari egiten dioten “kaltea” salatu dute Geroa Bai, EH Bildu, PSN eta Contigo-Zurekin Iruñeko udal taldeek. Halaber, Cristina Ibarrola alkateari eskatzen diote Salvadorri berdintasun politiken eskumena kentzea.

Carlos Salvador prentsaurreko batean. // Argazkia: EH Bildu Twitter

2023ko urriaren 10ean - 11:19
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Genero-indarkeriaren inguruan erakutsitako “jarrera negazionistagatik”, Carlos Salvador Iruñeko UPNko Herritarrekiko Harremanetarako, Partaidetzako, Adinekoekiko Harremanetarako, Hezkuntzako, Berdintasuneko eta Kultura Aniztasuneko zinegotziaren aurkako adierazpen bat aurkeztuko dute Geroa Bai, EH Bildu, PSN eta Contigo-Zurekin Iruñeako udal taldeek. Urriaren 5eko osoko bilkuran Salvadorrek genero-indarkeria “ukatu” izana salatu dute: “Adierazpen horiek gaitzesten ditugu gure hirian indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko egiten duten kaltea dela eta".

Salvadorrek eztabaida piztu zuen osoko bilkuran Elma Saiz PSNko bozeramailearekin izandako elkarrizketan. Saizek galdetu zion ea kezkatu behar zuen Berdintasun zinegotziak genero-indarkeria ukatu zuelako. Salvadorrek 2020an egindako adierazpen batzuen inguruan ari zen bozeramailea. Salvadorrek erantzun zion genero indarkeriaren tesiak “gizona genetikoki emakumea baino oldarkorragoa” dela esaten duela, eta bera ez datorrela horrekin bat.

Oposizioko alderdiek nabarmendu dute indarkeria matxista dela emakumeen heriotza goiztiarren arrazoi nagusia. Gauzak horrela, gaiak “lehentasun politikoa” eta “politika eraginkorrak” izan behar dituela aldarrikatu dute: “Emakumeen aurkako indarkeria zer den ez dakien pertsona batek ezin du politika egokirik egin gaitz horren aurka borrokatzeko”.

Gauzak horrela, alderdiek Cristina Ibarrola alkateari eskaera egiten diote Salvadorren esku dagoen berdintasun-politiken “eskumena baliogabetzeko". Bestalde, salatu dute erantzukizun hori genero indarkeria ukatzen duen norbaiti eman izana: “Matxismoak hil egiten du eta lehen mailako gai politikoa izan behar du, prebentzio, arreta eta erreparazio-politika eraginkorrekin, milaka emakumeren eta haien seme-alaben sufrimenduarekin amaitzeko eta berdintasunezko gizarte baterantz aurrera egiteko".

Salvador beti egon da jarrera kontserbadoreekin lotuta. Hazteoir.org talde ultrakatolikoak "bizitzeko eskubidea sustatzeagatik" saritu zuen. Taldeak zeresana eman zuen duela urte batzuk berdintasun politiken eta transexualitatearen aurkako mezuak zituzten autobusengatik. Halaber, diputatu gisa abortuaren legearen erreforman proposatu zuen haurdunaldia eten aurretik emakumeak fetuaren ekografia ikustera derrigortzea.


Irakurri gehiago: Politika
Politika kanalean gehiago
2026ko martxoaren 4
Herriko bozkak Ipar Euskal Herrian
Ate-joka dugu sei urteroko hauteskunde-hitzordua

2026ko martxoaren 4
Gurasoen federazioa ere atera da segregazioaren kontrako mahaitik
"Ondorioak eztabaidaren aurretik ezarrita daudela dirudi"

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.